«Zer da abesti on bat? Zer behar du kanta batek ona dela esan ahal izateko?». Joan den igandean, Nasan gehigarrian, galdera horri erantzuteko ahalegina egin zuen BERRIAk, zenbait musikariren eta musikazaleren laguntzaz. Euren gakoak eman zituzten Leire Lopez Ziluagak, Imanol Ubedak eta Iban Zalduak. Biharamunean, BERRIAk irakurleei egin zien galdera X sare sozialean eta Telegrameko kanalean egindako inkesta baten bitartez. Lau ziren aukerak, baina BERRIAk bi horietan eta igandeko artikuluaren erantzunetan bestelako erantzunak ematera gonbidatu zituen irakurleak.
«Musika poesia baino are urrunago joan daiteke, gai baita barne munduko mugimendu sekretuenak antzemateko. Horiek ezin erdietsi ditu hitzak. Beraz, bada arte bat poesia lirikoa baino lirikoagoa dena: musika» Milan Kunderak zion honekin bat nator .
— Xabier Mujika 🇵🇸 (@maixu21) June 4, 2024
Emandako aukeren artean, bi nagusitu ziren X sarean: ona izateko, barruraino heldu edo dardarizo bat sortu behar du abesti batek. Botoa eman zutenen hamarretik batek egin zuen bi aukera horietako baten alde. Zehazki, hamarretik lauk esan zuten barruraino heldu behar duela abesti batek ona izateko, erreportajean Ubedak azaldu zuen moduan: «Burmuinaren beste atal batzuetara txirikordatzen dira. Habia moduko bat egiten dute gugan, eta, horri esker, gehiago irauten dute oroimenean».
Zer da abesti on bat? Zer behar du kanta batek ona dela esan ahal izateko? Galdera horri erantzuten saiatu da BERRIA, musikarien eta musikazaleen laguntzaz: https://t.co/11K7JR0PQQ Eta zer diozu zuk, zerk bereizten du abesti on bat? Beste erantzun bat baduzu, idatzi behean 👇🏽
— Berria.eus (@berria) June 3, 2024
Hamarretik hiruk, berriz, dardarizo bat sortu behar duela erantzun zuen. Lopez Ziluagak zehaztu zuen beretzat zer den dardara hori: «Izan daiteke kanta batek tripa mugitzea, pultsua azkartzea, animoa aldatzea edo emozio bat eragitea. Gero dator gainerako guztia, baina musika, niretzat, mugimendua eta erritmoa da hasieran: oso motela ere izan daiteke, eta gorputzean nabaritzen da».
BERRIAk Telegramen duen kanalean ere, barruraino iritsi behar duela erantzun dutenak izan dira nagusi. Ia bi herenek egin dute aukera horren alde, eta beste heren batek esan du dardarizoa sortu behar duela —inkesta horretan, aukera bat baino gehiago hautatu zitekeen—. Bi inkestetan, beste bi aukerek boto gutxi jaso dituzte: itsaskorra izan behar duela edo ezustekoa izan behar duela.