Barrura begiratzeko margolanak

Bizitzako joan-etorriak begiraden bidez egin ditu Barbara Stammelek Koldo Mitxelenako Ganbara aretoko 'Giza orbanak' erakusketan

Araitz Muguruza.
Donostia
2014ko uztailaren 31
00:00
Entzun
«Erretratuak dirudite, baina ez dira, itxura baita erretratuen antza duen bakarra». Inguruko lagun eta senideek inspiratzen dute Barbara Stammel (Soecking, Starnberg, Alemania, 1960), eta margolan bakarrean sartzen ditu horiek guztiak. Zuzen begiratzen dute, barruraino sartzen dira Giza orbanak erakusketako hamabi lanetako begiradak. Koldo Mitxelena kulturuneko Ganbara aretoan izango dira irailaren 6ra bitarte.

Fikziozko irudiak izan arren, errealitatearen inguruan erakusten duten gertutasuna zaio interesgarri Stammeli. «Irudiak lantzen ari naizenean, pertsona errealen presentzia bera hartzen dute; benetako pertsonen gisara jokatzen dute». Hala eta guztiz ere, Stammelek ez ditu ezagutzen marraztu dituen erretratuak: «Denborarekin ezagunak egiten zaizkit, baina ezin nezake esan nortzuk diren».

Begirada sarkorra dute margolanek. Nahi gabe lortu gabeko efektua dela dio: «Margoen nahasketak sortutako masak sortzen ditu pertsonaiak; une horretatik aurrera hasten da koadroa agintzen». Begitarte serioa dute erakusketako margolan gehienek, baina badaude irribarre txiki batekin ateratzen diren bi lan. Horiek, ikusleari begietara begiratu baino gehiago, zerumugara begiratzen dute. «Herriminez dauden batzuen begirada da, eta itsasora begiratzen dute, zerbaiten falta sumatuko balute bezala».

Oihala da gehien erabiltzen duen materiala. Oraingo serierako, baina, kraft papera ere erabili du. Arrazoi guztiz praktikoengatik, azaldu duenez: «Egonaldi artistiko batean izan nintzen Lanzaroten [Kanariar Uharteak, Espainia], eta han eginikoak dira bost margolanak. Garraiatzeko askoz ere erosoagoa delako erabili dut papera». Egonaldi horretan egindakoak erakusketaren erdigunean daude. Sorta hura oraindik amaitu gabe dagoela uste du. «Behin margolan bat amaituta, beste bat egiteko premia izaten dut. Gogo hura apaltzen den arte, seriea ez da amaituta egongo». Oraindik gogoz dagoenez, serie horrek jarraipena izango duela iruditzen zaio. Jarraitutasun horri garrantzia ematen dio Stammelek, bizitzaren antz handia duela uste baitu: «Giza kate baten antzera, bata bestearen ondoan doaz margolanak».

Elkarren segidan jarri dituzte erakusketan ere, eta lehenengo begiratuan elkarren antza badutela ematen du. Oinarri berarekin egiten dituelako sortzen da fenomeno hori: «Beti erabiltzen dut oinarri bera, baina margotzen hasitakoan bakoitzak bere nortasuna eta bidea hartzen ditu». Margolanaren aginduengatik ezin izaten du lan berdina egin. «Haiek egoskortzen dira; ni beti pertsonaia bera egin nahian ibiltzen naiz», gaineratu du, irribarrez.

Txirrika denborari tiraka

Txirrika eta pisua dituzte inguruan margolan batzuek. Denborari erreferentzia egiteko erabili ditu, erlojuaren mekanismoarekin lotura aurkitzen diolako: «Joan-etorri bat da; begien aurrean agertzen dira, nahiz eta ondoren desegin eta desagertu, eta hurrengoari tokia uzten dioten». Fisikoki ez dute norbanako jakin baten antzik, baina genero aldetik, bai. Emakumezkoak dira erakusketako pertsonaia ia guztiak; gizonezko baten irudi bakarra baino ez baitago. «Lanean hasi baino lehen ez dut erabakitzen marraztu behar dudanaren generoa, baina normalean emakumezkoak gehiago ateratzen zaizkit».

Stammelen lanek zerikusi zuzena dute bere bizimoduarekin. Haurra zela, Soeckingetik beste herri batera joan behar izan zuen familiarekin batera. Lagun berriak egin behar izan zituen. Horregatik, aldaketa eta herrimina dira Stammelek sarri lantzen dituen bi gai. Ihesa, immigrazioa eta «dauzkaten estutasunak» dira alemaniarrak gehien lantzen dituen beste gaietako batzuk. Stammelek, artearen bidez, «erreproduzitu» egiten du «beste leku batekiko mina, distantziaren indarra eta desira».

Hogei urte daramatza Getarian bizitzen (Gipuzkoa). Giza orbanak Euskal Herrian bizi denetik egin duen laugarren seriea da. Pertsonak eta begiradak izan ditu ardatz aurreko bi serietan ere: Gente mirando al mar (Jendea itsasora begira) eta Dark Swimmers (Igerilari ilunak) obretan. Paperezko zorroetan pintatu zituen pertsonaiak orduan. Lehenengo obran burdinazko egitura batean zintzilik zeuden, eta guztiek norabide berean begiratzen zuten. Bigarrengo lanean ere erabili zituen paperezko zorroak, baina lehorrera iritsi nahian igerian ari ziren norbanakoak irudikatu zituen. Kableetatik zintzilik jarri zituen horiek. Antzeko bidetik osatu zuen Naufragoak seriea: Afrikatik datozen etorkinak irudikatu zituen.

Koldo Mitxelena kulturuneak Stammelen lanekin osatutako katalogo bat ere argitaratu du. Nick Bray eta Uxue Alberdik egin dituzte katalogoko hitzaurreak. Stammelen lanek transmititzen duten «lasaitasuna» nabarmendu du Brayk: «Aurpegiak dira oraindik ere eguneroko bizimoduaren lekuko kezkagarri, baina bareago daudela ematen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.