Barrunbeetan, baina argirik gabe

EH Bilduren talde parlamentarioak deituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura, Hezkuntza eta Gazteria Batzordeko legebiltzarkide batzuek Praileaitzeko aztarnategia bisitatu dute, indusketa garaian.

Igor Susaeta.
Deba
2013ko irailaren 11
00:00
Entzun
Aranzadi Zientzia Elkarteak Praileaitzeko koban (Deba, Gipuzkoa) indusketak egiten jarrai dezan, Gipuzkoako Foru Aldundiak 30.000 euroko diru laguntza eman du aurten. Joan den ekainean lehen fasea burutu ondoren, hilaren 2an ekin zioten bigarrenari, eta, Xabier Peñalver buru dutela, lantegi horretan jarraituko dute arkeologoek ostirala bitartean. Esku hartzea hiru gunetan egiten ari dira: mendebaldeko galerian, haitzuloko atarian eta barneko bigarren gela deitutako barrunbean. EH Bildu talde parlamentarioak deituta, Eusko Legebiltzarreko Kultura, Hezkuntza eta Kirol Batzordeko Estitxu Breñasek (EH Bildu), Carmelo Barriok (PP) eta Peio Iparragirrek (EAJ) eta Garazi Lopez Etxezarreta Gipuzkoako Diputazioko Kultura zuzendariak, aztarnategia bisitatu zuten atzo, Peñalverren gidaritzapean.

2000. urtetik, aurkitu zutenetik, eztabaidagai bihurtu da Praileaitz. Batetik, ingurunearen babes perimetroa dela eta. Eta, bestetik, han egindako aurkikuntza arkeologikoengatik. Joan den maiatzean jakinarazi zuten, adibidez, Neanderthalgo gizakien tresnak topatu dituztela bertan; duela 40.000 eta 120.000 urteen artekoak, alegia.

Hitz egiten da lekuaz, baina gutxi batzuek besterik ez dakite non dagoen zehazki; babestutako gune bat da, gainera, eta kazetariek foru agindu bat behar izan zuten atzo bertara sartzeko. N-634 errepidean, Deba eta Mendaro artean, Lasturrerako bidea hartu behar da. Aldapa gora kilometro eskas egin ondoren, eta Bilbo-Donostia autobidearen azpitik igaro baino lehenago, ezkerrera zelaigune moduko bat dago. Handik behera mendi bide zabal bat hasten da. Berrehun bat metrora zegoen Peñalver, han, zaindariaren zain. Hark eman behar zien kazetariei barrura sartzeko baimena. Ordu laurdenera-edo etorri zen, eta bideratu zuen izapidea. Kobako atera iristeko, ezkerrera hartu behar da, eta bidezidor gorabeheratsu bezain sigi-sagatsu bati jarraitu, bost bat minutuz. Guztiz lokaztuta zegoen, eta telebistetako kamerariek, esaterako, nahikoa lan eduki zuten.

Behin haitzuloko ahora helduta, indusketen zuzendariak gogoratu zuen Mendaro, Deba eta Mutriku artean Paleolito garaiko aztarnategi dentsitate handia dagoela. «Urtiaga; Iruroin; Ekain, Urola ibarrean dagoen arren... Joxemiel Barandiaran Ermittia haitzuloa zulatzen ibili zen, esaterako». Peñalverrek adierazi zuen haiek Paleolitoko testuinguru hori nabarmendu izan dutela beti, dibulgaziorako aberastasun handia eskaintzen dutelako. «Amazonia inguruan gaudela dirudi, ezta? Baina N-634 errepidearen gainean gaude, mendi koniko baten magalean». Sasiola harrobiaren ustiaketak kobaren barrunbeak pixkana-pixkana hustu dituela azaldu zuen. «Geratzen den zatia da guk kontserbatu nahi duguna». Gutxi gorabehera 80 metroko garapena dauka barrunbe horrek, eta sedimentuz betetako galeriak ditu. «Orain horietako bat zulatzen ari gara. Horrek esan nahi du koba handitzen ari dela hainbat norabidetan».

Sei metro sedimentu lurrean

Haitzuloaren barrenera gidatu zituen bisitariak. Puntuz osatutako marra bat dago ezkerreko paretan, eta Peñalverrek argitu zuen hor zegoela zoruaren maila koba aurkitu zutenean. «Hainbat garaitako mailak aurkitu ditugu, eta modernoenak orain dela 8.000 urte pasatxokoak dira». Paretaren magalean, zoruko zulo batean, pertsona bat ari zen lanean. Toki horretan sei metro sedimentu zegoela adierazten zuten prospekzio geofisikoak egin zituzten, eta noraino iristen den probatzen ari da.

Indusketen fase honetan eta aurrekoan hiru eremutan lan egin dute. Sarreratik ezkerrera luzatzen den indusketan, aginte makila bat aurkitu dute, duela 17.000 urtekoa. «Baina elementu dezente zaharragoak topatuko ditugulakoan gaude». Barneko bigarren gelan deitutakoan «tematu» dira gehien, ordea. Sarreratik eskuinera dago, eta handik atera dute material zaharrena, Erdi Paleolitokoa izan daitekeela uste dutena. «Orain pertsona bat ari da hor zulatzen, egoera nahiko zailean. Galeria estuak dira, makurtuta sartu beharra daukazu». Eguneroari dira handik lurra ateratzen, eta horrela barnerako bideak irekitzen dituzte bi norabidetan. «Iaz topatutako pieza arkeologikoen artean, dudarik gabe Erdi Paleolitokoak direnak daude, duela 20.000 urte eta 100.000 urte artekoak edo zaharragoak». Horrek esan nahi du Cro-Magnongo gizakitik Neanderthalekora pasatzea. Ez dakite galeriak noraino heltzen diren, baina zalantzarik ez du beste nonbait irteera bat dutela. «Horregatik esan dugu hasiera-hasieratik ezin dela eremu hau mugatu, barrenean zenbat metro dituen ez dakigun aztarnategi bat dagoela jakinda».

Ari dira harantz sartzen. Gune argiagoa da, bertara heltzeko dezente makurtu behar den arren, mendebaldekoa deitzen diotena. Ohol batzuen gainean egin behar da harako bidea. 29 zintzilikario aurkitu dituzte koban; gehienak eremu horretan. «Adibidez, 14 piezakoa». Hezurren aztarnarik ez dagoela nabarmendu zuen Peñalverrek. Duela 15.500 urteko gizakiaz ari da. Eremu horretatik aurrera galeria estuagoak daude, garaiera baxukoak hasieran, eta altuagoak bihurtzen dira zenbat eta barrurago joan. «Hondoan daude puntu gorrien margolanak, esaterako».

Han xaman bat bizi izan zela ondorioztatu dute. Badauzkate beste zalantza batzuk, ordea. «Ez dakigu ekintza kulturalak edo erritualak egiten zituen pertsona hark zergatik utzi zituen elementu horiek hemen». Gainera, zintzilikario horiek handiak ez zirela azpimarratu du Aranzadiko kideak. Teoria bat garatu dute horri azalpen bat eman nahian: «Garai hotzak ziren haiek. Gipuzkoa ia osoa, adibidez, izotzez eta elurrez inguratuta zegoen. Hemen uraren mailatik 50-60 metrora bizi ziren, baina barruak ere izozten ziren. Hortaz, uste dugu luizi bat gertatu zela haitzuloaren barrenean, eta alde egin behar izan zuela». Txantxa bat ere egin zuen Peñalverrek atzo horren harira: «Baina ez zuen harrapatu luiziak, bestela edukiko genituzke Behe Madeleine aldiko aztarnak, zintzilikario haien jabearenak».

Txantxarik gabe mintzatu ziren Breñas eta Lopez Etxezarreta. Breñasek gogoratu zuen atzoko bisita EH Bilduren eskutik etorri zela eta legez besteko proposamen bat aurkeztu dutela, non Jaurlaritzari eskatzen dioten, batetik, babes eremua 50 metrotik 100era handitzeko —Jaurlaritzaren dekretu batek erabakitzen du perimetroa—, mendi magala kontuan hartuz, eta, bestetik, Kosta Legaren bidez beharrean, Ondare Legearen bidez babestea aztarnategia. Kezkatuta daude EH Bildukoak, eta egoera «kafkarra eta lotsagarria» iruditzen zaie. «Kezkatuta gaude, balio handiko ondarea arriskuan dagoelako. Lotsagarria iruditzen zaigu, interes ekonomikoak herri ondarearen gainetik jartzen direlako». Azpimarratu zuen Jaurlaritzari dagokiola koba babestea, baina «beste aldera» begiratu dutela, eragileen eskaerak eta adituen txostenak kontuan hartu gabe. «Alde interesatuek, Jaurlaritzak eta Zeletaenpresak —harrobia ustiatzen du— eseri egin behar dute, eta ados jarri, ondarea lehenesteko.

Lopez Etxezarretarentzat, «garrantzitsua» da legebiltzarkideek interesa azaldu izana, «nahitaez babestu beharreko ondarea delako». «Horixe da, hain zuzen, hainbat elkarte eta eragilek eta guk geuk eskatzen duguna». Eskatu zien Jaurlaritzari, Zeletari eta eragileei «behingoz» eser daitezela, eta irtenbide bat eman diezaiotela «aferari». «Hala, jarraitu ahal izango genuke ondare hau ikertzen, deskubritzen eta garatzen».Jarraitzen dute arkeologoek barrunbeetan zulatzen, baina aferak ez du argirik ikusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.