Barrunbeak erakusteko asmoz

Javier Baldak Oteiza museoko erakusketetan erabilitako euskarriekin egindako proiektua aurkeztu du

Javier Balda artista Oteiza museoan sortutako obrari so. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Altzuza
2013ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Dena erakusteko gogoz da Oteiza museoa, barnekoa azaleratu nahi du. Behin-behineko erakusketa aretoan, orain arte obrak erakusteko erabili diren tresnak eta elementu osagarriak ikus daitezke, pilaturik. Horiek eutsi diete azken hamar urteotan handik igaro diren obrei. Euskarrien iraultza da, urteurrena ospatzeko azkenengo ekitaldia. Betiere, Oteizari egindako keinuz josia. Javier Balda artistaren MUSTz10 proiektua da.

Baldak ezagun ditu artelanak erakusteko elementuak. Izan ere, komisario eginkizunak eta erakusketen diseinuak egin izan ditu sortze lanez gainera. Oraingoan, museoan erabilitako elementu eta euskarrien autonomia eta haien naturaltasuna aurkeztu ditu. «Proiektu honetan euskarrien iraultza aurkeztu nahi nuen, jarduera biltegia edo talde biltegiaren defentsa ikusarazi, non bitartekotasun artistikorako beharrezkoak diren elementuak matxinatzen ziren», azaldu du egileak. Hainbat ezaugarri bete behar zituen: proiektua barnekoa izatea, parte hartzailea eta merkea. Beraz, museoaren baliabide ez artistikoek, ikusi ohi ez direnak presentzia duen erakusketa muntatu du.

Egileak esan duenez, lau irizpide nagusi nabarmendu ditu. Batetik, obraren izaera performatiboa. Elementu elektrikoak, idulkiak, fokuak, kristalak eta artelanak ikusarazteko erabilitako euskarriak oro biltegitik erakusketa aretora eramateko jardueraz ari da: «Esfortzu bat baino gehiago, igo, hartu, jaitsi eta jartzearen izaera fisikoa da, eta gisa berean gainontzekoen iritziak bildu metatze hori nolakoa izan beharko lukeen jakiteko».

Denetariko barne materialak erabili ditu Baldak, baita bulegoko tresnak, material didaktikoak, oharrak, paperak, argazkiak eta langileen iritziak ere barne baliabide gisa ulerturik. Azken hori beste ezaugarrietako bat izan da: langile guztien parte hartzea.

Hirugarrenik, euskarri horien guztien izatea aldatzea. Idulkiak irauli ditu, eta haien zuloa, ipurdia erakusten dute, haien buruak eusten dituen hori, eta, gisa berean, beste obrak eusteko aukera ematen duena. «Beste aukera bat eskaintzen dute; dagoeneko ez dute norbait eusten, identifikatu egiten dira eta 'hemen gaude' diote haien izaera irekiarekin».

Azken ezaugarria Oteizaren ukazioa da. Hori izan da lanik zailena, Baldaren esanetan. Oteiza bere lanekin, norbaitekin edo bera bakarrik agertzen zen argazkiak bildu ditu museoko artxiboan. Argazki horiek «ukatu» nahi izan ditu Baldak, karratu beltzen bidez. Hala ere, bazterrak ez ditu estali. Oteizaren idazkietako bazterretako aktibitatea ekarri du gogora. «Irudia ukatu dut, bera [Oteiza] ukatu dut, baina, era berean, aktibitatea mantentzen da, badago eremu magnetiko bat argazkian irudikaturik jarraitzen duena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.