Barrukoaren emaitzak

Juan Mieg eta Luis Gordillo margolariek azken urteetan egindako artelanak ikusgai daude Artiumen, abuztuaren 24ra arte«Intuiziozkoak» dira Miegen artelanak, eta «dinamikoak», berriz, Gordillorenak

Luis Gordilloren margolanak neurri handikoak dira. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2014ko apirilaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aldi berean eta espazio berean, baina nork beremodura, bere hizkuntza erabilita, bere sormen propioarekin. Juan Mieg (Gasteiz, 1938) eta Luis Gordillo (Sevilla, Espainia, 1934) margolarien lanak batu egin ditu Gasteizko Artium museoak. Bi erakusketa dira, baina elkartu egin ditu Paraleloan programaren barruan: Xuxurlaka izenarekin bataiatu dute Miegen lan bilduma, eta XXL/XXI izenburupean aurkeztu dute Gordillorena. Elkarrengandik ezberdinak dira artistak, baina elkarren artean badute loturarik: bakoitzak badu bere aukera estetikoa, baina sorkuntzaren bulkadari eusten diete biek.

Miegek bere lana barrura begira planteatzen du. Bere obra «intuiziozkoa» da, barne-prozesuetatik sortzen den «autorretratu psikologikoa». Gordillorena, berriz, dinamismoz eta energiaz beteta dago, bere mundu «berezi eta elektrikoaren» kontzientzia sakona irudikatuta. Bien obren arteko aldeak nabarmenak dira, baina, aldi berean, badute «koherentzia eta logika» bat ikuslearentzat, Daniel Castillejo Artiumeko zuzendariaren ustez. Eta horregatik erabaki dute Paraleloan programan txertatzea bi erakusketak: «Toki eta denbora berean beren lana margolaritzaren paradisu galduan garatzen duten egileak elkartu nahi ditugu».

Abuztuaren 24a bitartean izango dira ikusgai bi margolarien obrak Artiumen. Formatu handiko lanak dira denak: azken urteotan Miegek egin dituen 32 margolan eta Gordilloren beste 40. Artisten lantegietako espazioak museoan islatzeko saioa dira erakusketak: «Isila eta barrura begirakoa» da Miegena, eta «argitsua» da, berriz, Gordillorena. Nork bere sormen artistikoa izanda, bien arteko diskurtso narratiboa eraikitzea lortu du museoak, Enrique Martinez Goikoetxea komisarioaren esanetan.

Barrena adierazteko bi modu

Bere burua ikertu, sakondu eta horren emaitza da Miegen lana. Ibilbide luzea du margolari arabarrak. Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan hasitako lana Madrilen eta Bartzelonan jarraitu zuen 50eko hamarkadan. 60ko hamarkadatik aurrera abstrakzioan murgildu zen, eta gaur arte eutsi duen joerari hasiera eman zion.

Miegek margolaritzaren gainean duen ezagutza sakonaren erakusle da Xuxurlaka erakusketa, ikusleari interpretazio ugari eskaintzen diona: azaleren eta ehunduren trataera, kolore jokoak, koloreen arteko tentsioak,....Artistak ezagutzeko tresna gisa darabil margolaritza, etengabeko bilaketa prozesu batean murgilduta baitago: «Ez dakit zer den bilatzen dudana, baina berez sortzen zait». Margolaritza barne izaeran sartzeko lanabes moduan ulertzen duela dio: «Nire barrua ezagutzea interesatzen zait, nire burua nola dagoen, nola sentitzen naizen. Hori jakiteak egonkortasuna ematen dit, eta horrek, aldi berean, zoriontasuna». Bere buruarekin «ados» egotearen emaitza da, finean, bere obra.

Eta ados dago erakusketaren izenburuarekin ere, bere lan prozesuan darabilen hizkuntza «inkontzienteko irudiak xuxurlaka» ateratzeko lagungarri zaiolako. Izan ere, bere margoaren alde irrazionalena «era isilean eta moderatuan» azaleratzen saiatzen da Mieg.

Erakusketako artelanek, egilearengan ohikoa denez, ez dute izenbururik, eta horietako batzuk azken asteetan egindakoak izan arren, datarik gabe ageri dira. Bere lanarekiko ahalik eta lotura gehienak moztu nahi ditu horrela, denboratik askatu eta ikuslearen interpretazioari erabateko askatasuna eman ahal izateko.

Gordilloren kasuan, bikoitza da erakusketaren izenburuaren esanahia: batetik, haren artelanen tamaina handia delako, eta, bestetik, guztiak mende honetan sortu dituelako. Baina bada, halaber, margolariaren lantegiaren «irudi kaleidoskopioaren» isla ere. Erakusketarako artelanakhautatzea eta antolatzea artistak berak egin du, duela urte eta erdi inguru bere lantegian hasitako prozesutik. Lantegiko sormenera egindako hurbilketa leiala da, finean: irudi zatikatuak, argazkiak, erreprodukzioak eta margolanak, artxiboekin, koadernoekin eta objektu txikiekin batera bizi dira.

Artistak bere lanarekiko eta bere barnearekiko duen harremanaren emaitza da XXL/XXI erakusketa. Margogintza zerbait «organikoa» balitz bezala ulertzen duelako Gordillok: «Nire obra barrukoari lotuta dago, batez ere psikoanalisiarekin dudan esperientziaren ondorio da». Eta artistak aitortu du inkontzienteko mundu horrek bere burua «berritzeko eta dinamika berriak sortzeko» gaitasun amaigabea ekarri diola.

Artelan erraldoiak eta berriak dira prozesu horren emaitza. Batzuk 5 metro luze dira, eta elementu ugarik osatzen dituzte. Beste batzuk serieak dira, eta elkarren ondoan jarrita artistak lanari heltzeko dituen era desberdinak erakusten dituzte. Horietako batzuetan, gainera, Gordillok bitartekofotomekanikoak eta digitalak erabili ditu, irudiaren azterketa biderkatzeko eta «erraiak eta arauak» obra berean uztartzeko .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.