Barrukoaren agertokia

Euskal Herriko eta nazioarteko 11 emakume argazkilariren lanak bildu ditu aurtengo Baffest Barakaldoko argazki jaialdiak. Hilaren 21era arte iraungo du

Esther Ferrer, Pauline Fargue, Sofia Ayarzagoitia, Rita Puig-Serra Costa eta Helena Goñiren lanak daude Barakaldoko Baffest jaialdian. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Barakaldo
2017ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Ekintza politiko eta aldarrikatzailea da: erakusketa aretoetako hormetan ez, kalean jarri dituzte ikusgai 11 emakume argazkilariren lanak Barakaldon (Bizkaia). Areto bihurtu dituzte plazak, eta kaleak, berriz, korridore. Irudiak dituzten panel erraldoiak jarri, eta galeria bihurtu dute herria horrela. Emakumeen argazki sorkuntza ikusgai egitea du helburu Baffest Barakaldoko argazki jaialdiak. Iaz egin zuten lehenengoa, eta, ekitaldiak izan zuen arrakasta ikusita, jarraitzea erabaki dute antolatzaileek: Fotopop kultur ekoizleak eta Barakaldoko Udalak. Revelar/revelarse (Errebelatu/matxinatu) goiburua aukeratu dute aurtengo jaialdirako, eta zergatia ere azaldu du Erika Goiarrola komisarioak. «Beren burua erakusten dute 11 argazkilariek, eta barrualdea agerian uzteko keinu txiki hori ekintza politiko bat da; matxinada txiki bat egon daitezkeen tabuen aurrean». Askoren artean, Esther Ferrer (Donostia, 1937), Pauline Fargue (Paris, 1975), Sofia Ayarzagoitia (Monterrey, Mexiko, 1987), Rita Puig-Serra Costa (Bartzelona, 1985) eta Helena Goñi (Bilbo, 1990) argazkilarien lanak daude ikusgai hilaren 21era bitarte iraungo duen jaialdian.

Bost guneko ibilbidea egokitu dute Barakaldon Baffest jaialdirako, eta argazkilari baten lanak jarri dituzte eremu bakoitzean: Puig-Serra Costaren lanak Regato auzoan daude; Ayarzagoitiarenak, Herriko Plazan; Ferrerrenak, Bide Onera plazan; Goñirenak, Anaien parkean, eta Farguerenak, hizkuntza eskolaren aurrean. Bost artista horiek osatzen dute jaialdiko atal nagusia. Gainontzeko sei argazkilariak, berriz, hasi berriak diren Euskal Herriko argazkilarien lehiaketan parte hartzeko aukeratutako sortzaileak dira —lehiaketan parte hartzeko, 70 hautagairen lanak bildu dituzte aurten antolatzaileek—. Euskal Herriko argazkilari gazteen lanak bultzatu eta lagundu nahi ditu Baffestek, eta horregatik egin dute lehiaketa. Foruen ibilbidean jarri dituzte sei andre horien irudiak.

Intimitatearen erakusle

Goiarrolaren arabera, elkarri lotuta doaz guztien lanak. «Hari bera dute denek: intimitatea. Era batean ala bestean, ikusten ez den zerbait azalarazten dute argazkilari guztiek beren lanetan». Ferrerren lanak jarri ditu komisarioak adibide gisa. Autorretratuak 1989-2013 lanaren hainbat pieza jarri dituzte ikusgai, eta, obraren izenak argitu bezala, artistak bere buruari egindako argazkiz osatutako saila da. «Fotomatoiaren efektuarekin hautsi nahi du artistak. Izan ere, herritar guztiei argazki bera ateratzen digute, gerora NAn jartzeko, adibidez. Ferrerrek bere burua desitxuratu edo mozorrotzen du, ditugun ni horiek guztiak irudikatzeko eta aniztasuna nabarmentzeko».

Ayarzagoitiaren obran ere geldialdia egin du Goiarrolak. Hainbat herritarrentzat ikusezinak eta ezezagunak diren egoerak betieretzeko, Madrilgo Lavapies auzoan murgildu zen artista, eta hainbat egun igaro zituen hango auzokideen etxeetan. Every night temo ser la dinner (Afaria bihurtzeko beldur naiz gauero) argazki liburua osatu zuen egonaldian ateratako argazkiekin. «Irudiak egiterakoan, erretratatuarekiko enpatia eta konpromisoa islatzen ditu, baina egonezina ere sortzen dute lanek, era berean, guztiz ezezaguna den eta isilarazita dagoen errealitate bat gordintasunez erakusten dutelako».

Bestalde, norbere nortasunaren eta nortasun kolektiboaren arteko lotura irudikatu nahi izan du Goñik bere argazkiekin. Iazko Baffest lehiaketaren irabazlea izan zen bilbotarra, eta, sari gisa, atal nagusian jarri ditu haren lanak aurten. Behind blue eyes izena duen argazki bildumaren hainbat pieza aukeratu ditu ekitaldirako. Goñi: «Bilbo ardatz hartuta osatu nuen nire lana, hiriburuak nire identitatearen eraikuntzan duen eraginagatik».

Hainbat esperimentu egin ditu artistak lana osatzeko, eta horietako bat ere azaldu du. «Itxi berri duten Bilboko Ikatz tabernaren komuna berreraiki nuen kutxa batzuekin, eta margoak utzi nituen jendeak bertan nahi zuena idatz zezan. Komunek beti dituzte aldarrikapen politikoak idatzita, denboraren joanarekin etengabe aldatu eta berritzen direnak. Nik sortutakoa horrela geratuko da, ordea. Eta bere horretan geratuko dira esperimentua egin nuen garaian lagun eta ezagunek idatzi zituzten esaldiak: tartean, orduan ezinezkoa ala surrealista zirudien Donald Trump presidentea. Unean uneko egoeraren arrastoen adibideak dira».

Erakusketatik harago

Era berean, hainbat ekitaldi egingo dituzte datozen egunetan argazkigintza herritarren artean zabaltzeko. Igandean, musika eta argazki sormena uztartzen dituen tailer bat emango du La Absurda Zurda argazkigintza estudioak, eta Gerente musika taldearen ikuskizuna izango da ondoren. Bestalde, hilaren 17an argazki jardunaldiak egingo dituzte Barakaldoko Clara Campoamor kultur etxean. Maria Mur argazkilariak Politicas feministas a través de Consonni ponentzia aurkeztuko du, eta mahai ingurua egingo dute Puig-Serrak, Ayarzagoitiak, Goñik eta Roberto Villalon argazkilariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.