Barrukoak azaleratzeko unea

Nogenek bederatzi kantu bildu ditu 'Under alt' estudioko bigarren lan luzean. Estilo berari eutsi arren, taldearen «eboluzio naturala» islatzen du disko berriak. Abenduan hasiko dute aurkezpen bira

Ezker-eskuin, Markel Idigoras, Eider Saez, Olatz Cuevas eta Alex Irazusta Nogen taldeko lau kide, atzo, Donostian, lan berria aurkezten. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2020ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Lys izeneko lan laburrarekin, lau haizetara zabaldu zuen bere folk-rock proposamena Nogen taldeak. 2017a zen, eta hurrengo urtean plazaratu zuen bere estreinako lan luzea, Liv Til Doden (Hil arte bizi). Haren arrakastak dozenaka kontzertu egitera eraman zituen taldekideak, bai Euskal Herrian bai nazioartean. Joan den urtarrilean eman zioten amaiera ibilbide horri, bide berri bat hasteko asmoz. Eta estudioko bigarren disko luzearekin ekingo diete berriro zuzenekoei. Under alt lanean, bederatzi kantu berri bildu dituzte, eta abenduaren 4an hasiko dute haren aurkezpen bira, aurrekoa bukatu zuten leku berean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.

Olatz Cuevas (baxua), Jokin Gilisagasti (bateria eta ahotsa), Markel Idigoras (ukelelea eta ahotsa), Alex Irazusta (gitarra eta ahotsa), eta Eider Saez (ahotsa) taldekideek osatzen dute Nogen, eta, aurreko lanarekin egin bezala, danierara jo dute disko berriari izenburua jartzeko. Idigorasek azaldu du esanahia: «Under alt-ek danieraz denaren azpian esan nahi du, eta diskoak horretaz hitz egiten duelako aukeratu genuen izenburua. Esan nahi dugu askotan itxuraren azpian badela sentimendu gordin bat, badaudela sentimendu asko ez ditugunak adierazten». Ideia horri jarraituz, diskoaren azalera Thomas Ibarrolaren argazki bat eramatea erabaki zuten, giza larruazala ageri duena lehen planoan, «azkenean, azalean irudikatzen direlako ondoen denboraren orbanak», Idigorasen hitzetan.

Pandemiak dena astindu duen urtean eman dute argitara lan berria, baina Saezen hitzetan, inoiz ez dute zalantzarik egin hauxe zela garaia diskoa kaleratzeko. «Guk hasiera hasieratik izan genuen argi hau zela Nogenen bigarren diskoa ateratzeko urtea, lan honek islatzen duelako gu 2020an nola gauden; igual, hurrengo urterako utzi izan bagenu, ez zen berdina izango. Aurrera jarraitzeko erabakia hartu genuen, aho batez eta inongo zalantzarik gabe, eta pozik gaude emaitzarekin».

Ideia bera nabarmendu du Irazustak ere: «Orain gauden lekuaren argazki edo erretratu bat da disko hau, 2020ko Nogenen erretratu bat». Eta aurreko lana atera zuten garaiaren aldean, taldearen gaur egungo argazki hori nolakoa den ere azaldu du: «Guk, aldaketa bat baino gehiago, halako eboluzio natural bat ikusten dugu. Azkenean, pertsona berberak izaten jarraitzen dugu, musikarekiko dugun pasio berberarekin; eboluzioa da orain bi urte baino eta 80 kontzertu zaharragoak garela, eta uste dugu disko honetan ere nabari dela Nogen, talde gisa, bi urte eta 80 kontzertu zahartu dela».

Orain arte plazaratu dituzten bi singleak —«ildo rockeroagoa» duen Mila aldiz eta aurreko lanaren kutsu handiagoa duen Zeri begira hartu nahi duzu lo?—, argazki horren adibide onak izan daitezkeela gehitu du Irazustak, «nolabait, diskoak hartzen duen abaniko osoa laburbiltzen» dutelakoan. «Jarraitzen dugu taldean abesteko moduko melodia horiekin; gustatzen zaigu denok abestea eta publikoa abesten entzutea, eta, bilatutakoa ez den arren, hori nabari da abestietan». Gaien aldetik, azaldu du kantuen hitzak ez dituztela oso esplizituak egin nahi izaten. «Abestiak autoterapia moduko zerbait dira guretzat, baina hitzen aldetik pista askorik eman gabe jarraitzen dugu, azaldu gabe abestia nondik nora doan, jendeak entzun dezan eta bere egin dezan. Hori da musikak daukan politena; horretan sinisten dugu eta horretan jarraituko dugu lanean».

Pandemiaren gainetik

Mila aldiz singlea ekainean grabatu zuten, baina disko osoa, uztailean, Haritz Harregiren estudioan, Usurbilen (Gipuzkoa). Eta Ultramarinos estudioan masterizatu zuten gero, Bartzelonan. «Oso eskertuak gaude, musikari eta lagun oso eskuzabalez inguraturik gaudelako», adierazi du Cuevasek. Grabatzeko materiala utzi zieten musikariekin ez ezik, zenbait kantutan izan dituzten kolaboratzaileekin ere esker oneko agertu da; Borja Antonek biolinean lagundu baitzieten, Maria Bustosek, biolontxeloan eta Julen Idigorasek, «atmosferak emateko lanetan».

Pandemia betean eraman dute aurrera prozesua, baina Irazustak azaldu du egoerak ez dituela asko baldintzatu. Izan ere, urtarrilean bira amaitu zutenerako erabakia zuten diskoa ongi prestatzeko denbora hartuko zutela, eta, martxo aldera, pozik zebiltzan ordura arteko lanarekin eta zeramaten erritmoarekin. «Egia da martxoan bat-batean dena gelditu behar izan genuela, baina zortea izan genuen, abestien ehuneko handi bat, ideiak edo zirriborroak behintzat, lehenago eginda geratu zirelako. Gero, abesti pare bat atera dira konfinamendutik, nahiz eta pandemiaz eta konfinamenduaz ez dugun abesti bakar batean ere hitz egiten». Hainbat hilabete elkar ikusi gabe egon zirela kontuan izanda, prozesua «pixka bat diferentea» izan dela uste du, baina horri alde onik ere ikusi dio nolabait: «Era berean, uste dut balio izan digula geure barrura begiratzeko eta bakoitzaren proposamenak lokalera sendoago eramateko. Igual ideiak eraman ditugu inoiz baino garatuago». Grabazio lanetarako aurreko aldian baino denbora gehiago ere hartu zutela nabarmendu dute, eta Harregiren estudioan «etxean bezala» sentitu direla ere bai.

Orain, gogotsu daude aurkezpen birari ekiteko. Abenduaren 4an eta 5ean Donostiako Viktoria Eugenia antzokian aritu ondotik, 8an Bilboko Euskalduna jauregian joko dute, eta martxo amaierara bitarte, Ondarroa, Durango, Eibar, Beasain, Andoain, Zornotza, Galdakao, Amurrio, Arrasate, Gasteiz, Iruñea, Hernani, Tolosa, Zumarraga, Hondarribia eta Azpeitira eramango ditu birak.

Lan berria gauerdian jarri dute entzungai plataformetan, baita fisikoki eskuratzeko moduan ere, taldearen webgunean. Asteburuan, gainera, Donostiako Kursaal parean dagoen Naiz Gunean izango dira taldekideak, zaleekin elkartu, eta disko berria aurkezteko. Han ere salgai izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.