Barruko suei erreparatu, eta kea kantuz josi. Hortik sortu da Keia taldearen Erregaia aurreneko diskoa. Ane Arruti zarauztarrak eta Egoitz Olalde (bateria), Iñigo Ibarrondo (baxua) eta Iker Martinez de Zuazo (gitarra) oñatiarrek osatzen dute taldea. Estreinako lana dute hau, eta laukoteak hamar kantuko disko bat ondu du, Arrutiren gidaritzapean.
«Keia nire gogo batetik sortu da. Kanta batzuk neuzkan urteetan eginda eta pilatuta, eta horiek grabatu nahi nituen», azaldu du Arrutik. Aurretik Arrutiko Intxaurrak izenez bakarlari moduan ibilitakoa da, baina bazuen gogoa talde baten parte izateko. «Beste forma bat eman nahi nien, beste instrumentazio bat edo». Laguntza eskatu zion orduan Martinez de Zuazori, eta kantuek zer behar zuten aztertzeari ekin zioten. Hala jo zuten Oñatiko beste bi musikariengana, eta taldeak martxan jarri zuen makineria.
Erregaia diskoa izan da emaitza. Taldeak adierazi duenez, nonbait sua dagoen seinale izaten da kea: «Askotan kosta egiten zaigu gure barruan ditugun su edo suteak identifikatzea edo izendatzea, baina kea beti azaleratzen da. Gure barruko su ezberdinen kea dira kantuak, eta Erregaia-rekin, su txiki horiei egur gehiago botatzera gatoz». Arrutiren arabera, barruan dituzten kezka edo ezinegon horiei erreparatu diete, eta kantu bihurtu dituzte: «Su horietan fijatu gara». Hori adierazi nahi izan dute taldearen eta diskoaren izenekin ere. «Esaten genuen su horietan behatza sartzen edo pixka bat su hori berpizten ari ginela, eta hortik etorri zen Erregaia».
Oinarri erritmiko indartsua dute kantek; gitarrak presentzia handia du, eta eta estilo ezberdinak nahasten dira. Rock kantuak dira, baina «zentzu zabalean»: pop, garage edota stoner ukituekin, esaterako. «Aurretik ez genuen inongo estilorik markatu. Kantuak banaka sortuz joan gara, eta uste dut bakoitzaren ibilbideak eta gustuak estilo bat markatu dutela».
Izan ere, aurrenekoz aritu dira laurak elkarrekin, baina badute musika munduan esperientzia eta eskarmentua. Besteak beste, Latzen, Potemkin, Sharon Stoner, Sorkun, Zingira, Lenao edo Amonal taldeetan aritutakoak dira. Erregaia diskoaren oinarri erritmikoa Olalderekin eta Ibarrondorekin bat datorrela uste du Arrutik: «Haiek jotzeko duten moduan, indarra eta intentsitatea haiekin bat doa. Gero, Ikerrek ere egundoko lana egin du, gitarra soinu ezberdin asko landu ditu, eta gitarrarekin beste giro atmosferiko bat landu du».
Sormen prozesuan, Arrutik aitortu du kantei hitza jartzea kostatzen zaiola gehien. «Melodiak-eta errazago ateratzen zaizkit, eta, gero, niretzat lan zailena-edo hitzak sortzea izaten da». Ideia edo esaldi batetik abiatu ohi dela dio. Diskoko hamar kantetatik zortzi Arrutik idatzitako piezak dira, baina ezohiko bideetatik datoz beste biak, Jon Garmendia Txuriya idazlea protagonista. (H)ura gara kanta Hernaniko idazlearen txio bat izan zen, eta Lehengo udak hobeak ziren kanta, berriz, 2013an Gara egunkarian argitaratu zuen iritzi artikulu bat: «Gara-n kazetari ibili nintzen lanean, eta Txuriya kolaboratzailea zen. Askotan tokatzen zitzaidan haren testuak maketatzea edo zuzentzea. Hortik sortu zen harremana». Eta zutabe hori jasotzean, barrenak halako klak bat egin zion. «Zerbait berezia zuela ikusi nion, eta hasi nintzen melodia batekin letra hori lantzen. Txioa ere hala izan zen; gustatu zitzaidan, eta gorde egin nuen. Eta hortik etorri zen kantua».
Abestien iraupena nahiko askea da: hiru, lau, sei nahiz zortzi minutu. Erlojuak ez ditu mugatu. «Jon Garmendiaren zutabearekin egindako kantuak, adibidez, letra luzea du, eta horren arabera joan nintzen melodia sortzen, erlojuari begiratu gabe. Besteen kasuan ere, melodiak eskatzen didan denbora eman diot kanta bakoitzari».
Horietatik, Ez zara zu hautatu zuten lehenengo aurrerapen kantu gisa, diskoan jasotzen dena «ondoen islatu» zezakeen abestia izan daitekeelakoan. Honela dio letraren aurreneko zatiak: «Begietara begiratzen dizut/ eta ez zara zu./ Biongatik galdetzen dizut,/ eta ez dakizu».
Bidearekin «gustura»
Joan den urtearen amaieran grabatu zuten diskoa, Iñigo Irazokik Beran duen estudioan, modu analogikoan. Biegunetan, kanta guztien oinarriak grabatu zituzten, taldekide guztiak areto bakarrean elkarrekin joz, eta gero gaineratu zituzten ahotsak, perkusioak eta gitarra soinu batzuk. «Oso esperientzia polita izan zen». Irazokik egindako lana azpimarratu du Arrutik: «Soinua grabatu aurretik egiten duen lana nabarmenduko nuke. Denbora asko eskaintzen dio mikrofonoak aukeratzeari, soinuak ondo harrapatzeari. Eta gero hasten gara grabatzen».
Emaitzarekin gustura geratu da abeslari zarauztarra, baina baita bidearekin ere. «Esperientzia oso polita ari da izaten». Beti izan du gogoa talde batean aritzeko, eta, hamar urteko etenaldi baten ostean, ilusioz itzuli da orain oholtza gainera. Etxean eman dituzte aurreneko bi kontzertuak: Oñatin (Gipuzkoa) izan ziren lehenik, otsailean, eta Zarautzen (Gipuzkoa) ariko dira ostiralean.
Barruko suetatik datorren kea
Keia taldeak 'Erregaia' diskoa eman du argitara, Ane Arrutik sortutako kantak oinarri hartuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu