Barruko piztiak piztuz

Aritz Mutiozabal idazleak 'Piztiak' narrazio bilduma plazaratu du. Pertsonaien askotariko desorekek harilkatzen dituzte kontakizunak

Aritz Mutiozabal idazlea; helduentzako lehen lana du Piztiak narrazio bilduma. ARITZ MUTIOZABAL.
Joana Ibargarai Leritza.
2019ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
«Nire narrazioetako pertsonaietan, edonork sendi lezake bere burua islatua». Hori dio Aritz Mutiozabal Zabala idazleak (Zarautz, Gipuzkoa, 1980) argitaratu duen azken liburuari buruz. Piztiak narrazio bilduma plazaratu du orain. Hirugarren aldiz, Maiatz argitaletxearen babesean ikusi du argia Mutiozabalen obra batek, jadanik Gorren dantzalekua (2013) eta Hutsartea (2016) poesia liburuak argitaratuak baitzituen «Luzien Etxezaharreta eta Baionako lagunekin».

Poesiaz gain, orain arte haur eta gazte literatura idazten ibilia zen; Bizikleta lapurtu didate! (2014) eta Aliren Baba (2017) ditu aurrez argitaratuak. Piztiak du, hortaz, helduei zuzenduriko lehen narrazio lana. Sei narrazio laburrez osaturiko bilduma da, eta desorekaren gaia da denen arteko hari gidaria. Hala, pertsonek duten segurtasun falta, paranoiak, erruduntasuna, eta, orokorrean, desorekari loturiko gaiak abiapuntutzat harturik, «pertsonaien barneko piztia horiek» azaleratzen ditu narrazioetan barrena. «Sei piztia dira sei narrazioetan galduta», zehaztu du liburuaren kontrazalean.

Badira zazpi urte Mutiozabal narrazio horien idazten hasi zela, eta aitortu du prozesua «oso geldo» joan dela, bidean beste lan batzuei eman dielako lehentasuna; haur eta gazte literaturari eta poesiari, hain zuzen ere. Urteetan hastapeneko ideia «aldatuz» joan dela ikustearekin, lana moldatu egin behar izan du, azaldu duenez. Halere, azpimarratu du lehenengo hiru urteetarako idatziak zituela narrazioak, koaderno batean utzirik, azken bi urteetan horien argitaratzeko garaia iritsi zela erabaki arte. Bistan denez, zazpi urteko testu horiek berridatzi behar izan ditu, beti desorekaren haria segitzeko, eta hortik narrazio bakoitzean pertsonaien barneko piztiak pizteko. «Norberak dauzkan kezkak, dudak, etorkizunera begira dauzkan zalantzak; desoreka horiek azaleratzen ditut pertsonaia arrunten bitartez, eguneroko pasarteak kontatuz».

Pauso berria

Poesiarekin «erraz» dabilela eta «eroso» sentitzen dela azaldu du idazleak, eta, horrekin jarraitu nahi duela argi izanik ere, gehitu du helduentzako narrazioa idazteko pausoa «gainditzeko nahia» izan duela. Hala, Piztiak narrazio bilduma «lehenengo pauso bat» izan da Mutiozabalentzat. «Pixka bat kostatu zait, baina gustura aritu naiz», aitortu du. Eleberrietan ez bezala «inpaktu handiko» istorio bat orri gutitan osatzearen konplexutasuna oroitarazi du. Aitortu du barnean «nobela bat idazteko erronka» sentitzen duela, ondoko pausoa izanen den edo etorkizun urrunago baterako utziko ote duen jakin gabe.

Lehen liburua Maiatz argitaletxearekin plazaratu zuen, eta geroztik «beti haiekin argitaratzeko aukera» eman diotela oroitarazi du. Orain arte eman dioten babesa eskertu du idazleak, «haiek gabe lan horrek ez zuelako argia ikusiko».

Hain zuzen, hein batean idazle gisa bizi izandakoaren ispilu, Piztiak bildumako lehen narrazioak idazle baten eguneroko paranoian murgiltzen du irakurlea. Nolabait, Mutiozabalek gaur egungo sistema literarioaren kritika bat egiten du Lubakia deituriko lehen narrazio horretan. Aurretik, Hutsartea poesia liburuan sistema literarioaren inguruko hausnarketa bat hasia zuen jada, ikuspuntu gogor bat emanik azken poeman. Bada, Lubakia narrazioan horren segida moduko bat irakur daiteke: argitaletxeen erantzunik eza, arrakasta izatearen edo ez izatearen inguruko paranoia eta autoitzulpenari buruzko galderak, adibidez; literaturgintzari lotutako hainbat gai jorratzen ditu zati horretan. Epigrafean Lubaki Bandari omenaldi bat egin ondotik, Mutiozabalek aitortu du lehen narrazio honetako protagonista bere «alter egoa» duela.

Bestiarioa

Aitzineko liburuetan anaiaren argazkiak eta semearen marrazkiak erabilirik, aldi honetan Bittor Mutiozabalen —idazlearen aita da— argazkiak tartekatuak dira narrazioen artetik. Horrela, «apur bat irudikatu nahian bestiario hau», azaleko argazkian eta liburu barneko narrazio bakoitzaren hastapenean animalia batzuen argazkiak dira agerian. Piztiak direlako eta narrazioekin lotura dutelako hautatu zituen. «Azalean bi sugandila agertzen dira, eta, Obabakoak-i keinu bat egin nahi izan diodala dirudien arren, ez da izan hori nire hasierako asmoa. Subkontzienteak omenalditxo bat egin behar niola erabaki badu, bada, aurrera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.