Ikaselkarrek azken garaiotan abiatutako Kuku bildumari jarraiki, emozioez hitz egiten duen album bat da, 36 orrialde dituena, tamaina ertainekoa (23x23 cm) eta azal gogorretan bildua.
Izenburuak ederki adierazten du asmoa: emozioen deskribapen literarioak sortzea, geroko lanketak bideratu ahal izateko.
Hain bideratua dirudien lan batek ezusterako tarte txikia gordeko duela uste izatea normala bada ere, egileek asmatu dute etekin literarioa ateratzen eta irakurleari atsegina ematen.
Testu gutxi du, eta hura gabe ere irudiz eroso irakur daiteke, gako uneetan testuak egiten duen ekarpena beharrezkoa bada ere. Ekarpenik handiena gidoigintzan egin du idazleak.
Orri biko hamasei ilustrazio etzanetan kontatzen da istorioa.
Obra honen gakoa, hain zuzen, ilustrazioek erakusten diguten horretan datza: ez dira objektiboak, baizik eta pertsonaien ikuspuntu subjektiboaren arabera atsegingarri edota nazkagarri agertuko zaizkigu. Hor dago gakoa. Hauek dira irakurleari iradoki nahi zaizkion ideiak: nazka subjektiboa dela, eta ez dela zilegi inor epaitzea kontu subjektibo batengatik.
HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Nazkatasuna'
Barruko mamia
Idazlea: Peru Magdalena. Ilustratzailea: Mikel Valverde. Argitaletxea: Ikaselkar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu