Pintzel artean jaio zen, eta pintzelkadaz margotu du bere ibilbide artistikoa. Txikitan hasi zen Dorleta Ortiz de Elgea pintatzen (Gasteiz, 1973), Carmelo Ortiz de Elgea aitaren estudioan, eta hiru hamarkada bete ditu margogintzan. Ibilbide horren lekuko da Gasteizko Montehermoso kulturunean ikusgai den Koadro habitatuak erakusketa. Artistak berak aitortu duenez, «bidean galdutakoaz eta irabazitakoaz ohartzeko» parada eman dio bildumak. Azaroaren 10era arte egongo da ikusgai.
Azken hiru hamarkadetan pinturarekin izan duzun harremana bistaratu duzu erakusketan. Zer-nolakoa izan da bide hori?
Gorabeheratsua. Esango nuke bidea ez dela lineala izan. Bizitzak berak baldintzatuta egon da, eta egoera pertsonalek eta aldaketek eragin handia izan dute. Batzuetan, bidaia lasaia eta zuzena izan da, eta beste batzuetan, ez hainbeste. Nire semea goiztiar jaio zenean, adibidez, margotzeari utzi nion, eta, ondoren, indar biziz heldu nion berriro, galdutako denbora berreskuratzeko nahi horrek bultzatuta edo. Beraz, noizbehinka, harreman konplikatua izan dut pinturarekin.
Erakusketarako hautatutako 63 koadroek zure ibilbidearen arrasto bat ematen dute. Hiru hamarkadatan askotariko paletetan busti dituzu pintzelak.
1993an egin nuen lehen erakusketa, baina askoz lehenago hasi nintzen margotzen. Txikitan oso gustuko nuen aitaren estudioan egotea, eta gogoan dut eskuetan beti nituela mihisea eta olioa. Pintatzea normala zen niretzat, ohikoa. 17-18 urte nituenean hasi nintzen serioago hartzen, eta, handik hamar bat urtera, aukera izan nuen pintatutakoa erakusketa batean jartzeko. Garai hartako margolan batzuk gordeta eduki ditut beti, ganbaran, eta orain lehen aldiz jarri ditut ikusgai. Eta gustuko dut berriro ikustea; pozten nau.
90eko hamarkadakoak dira zure lehen koadroak. Ordukoak dira pintatu dituzun artelanik ilunenak.
Gogorrenak dira, zalantzarik gabe. Baina ez dakit zergatia azaltzen. Kolore ilunagoak erabili nituen orduan, baina gerora pintatutakoak ere, 2000. urtearen bueltakoak, esango nuke gogorrak direla. Margoan modelatutako eskulturen antza dute horiek; ez nuke esango geometrikoak direnik, baizik eta bolumetrikoak. Eta zergatik diren horrelakoak? Bada, hori ere ez dakit esaten.
Zure lanaren zentzuaz interpretazio ugari egiten duzu.
Maiz inkontzienteak berak pisu handia izaten du. Uste dut pinturak barru-barruan dugun hori islatzen duela, baita ezagutzen ez dugun hori ere. Batzuetan, urteak igaro behar dira koadro baten zentzuaz jabetzeko eta haren emozioak ulertzeko.
Obrak distantziatik ikusteak beste perspektiba bat ematen dizu?
Esango nuke baietz. Koadro honetan, esaterako [erakusketako obra bat seinalatu du], argi ikusten dut dinamika batekin apurtzeko nahi bat dagoela, kontzienteki zerbait mugikorragoa edo arinagoa bilatzeko asmo bat. Badago beste koadro bat, gorria, eta pintatu nuenean ez nintzen kontziente izan haren esanahiaz, kolorea eta konposizioa baino ez nituelako bilatu orduan, baina orain konturatu naiz garai horretan nire bizitza trantsizioan zegoela eta barruko hori dena koadrora eraman nuela.
Koadro habitatuak izena du erakusketak. Nor bizi da Dorletaren koadroetan?
Pinturetan ikus daitezkeen pertsonaiak edo figurak ez ezik, kontzientearen eta inkontzientearen arteko eztabaidak ere bizi dira nire koadroetan. Barruan dudan guztia bizi da, ateratzeko borrokatzen den hori, kontzientziak uzten ez diona baina azkenean ateratzea lortzen duen hori. Aldarteek, pentsamenduek, mamuek, ideia beltzek... sentipen horiek guztiek hegan egiten dute nire koadroetan.
«Txikitan oso gustuko nuen aitaren estudioan egotea, eta gogoan dut eskuetan beti nituela mihisea eta olioa. Pintatzea normala zen niretzat, ohikoa»
Zer da zuretzat pintura?
Pintura ezin da hitzez azaldu, hizkuntza erabat estralurtarra duelako literatura adierazpenarekin edo ahozko adierazpenarekin konparatuta. Koadro batek ezin definitu daitekeen lengoaia propioa du. Ehunduraren, kolorearen eta konposizioaren bidez hitz egiten du, eta, une jakin batean, harrapatu egiten zaitu.
Carmelo Ortiz de Elgea margolariaren alaba zara. Zure pinturan zer eragin izan du?
Nire eskola izan da: harengandik ikasi dut. Denbora luzez, aitaren eraginetik eta estilotik aldentzen saiatu nintzen, baina ohartu nintzen hori egitea tontakeria zela. Pintore gisa dudan identitatearen parte da nire aita, baina gaur egun ez dakit nire estiloan eragina duen ala ez, ez baitiot horri garrantzirik ematen.
«Pintura ezin da hitzez azaldu, hizkuntza erabat estralurtarra duelako literatura adierazpenarekin edo ahozko adierazpenarekin konparatuta»
Oso gazte hasi zinen pintatzen. Nola aldatu da zure estiloa?
Erakusketa honek parada eman dit bidean galdutakoaz eta irabazitakoaz ohartzeko. Ofizioan irabazi dut, baina hasierako bat-batekotasun hura galdu dut. Uste dut berreskuratu beharko nukeela garai bateko espontaneotasuna eta freskotasuna.
Nola ekiten diozu koadro bat margotzeari?
Nola amaituko den jakiterik ez dagoen abentura bat hastea zela zioen nire aitak; niri gauza bera gertatzen zait. Nire bizitzan margotuko dudan lehen koadroa izango den irudipena izaten dut beti, eta beldur edo antsietate hori dauzkat. Eta gero, askotan, kosta egiten zait koadro bat amaitutzat ematea. Beste begi batzuekin begiratzen duzunean baino ez zara ohartzen baietz, amaituta dagoela.
Publikoaren begiradak zenbateraino aldatzen du zure lanaren inguruko pertzepzioa?
Publikoak eta denborak transformatu egiten dute artelana. Ez dut esango publikoak zirkulua ixten duenik, baina bai artelan bat garatzen eta transformatzen laguntzen duela.