Franco hil ondoko lehen urteak. Espetxezainen jipoiak, janari ustela, arkakusoak, osasun arretarik eza, miseria... egunerokoa dira kartzeletan preso dituztenentzat, baita Bartzelonako Model espetxean ere. Arrazoi politikoengatik giltzapean daudenei amnistia iritsi zaie, baina gainerakoek hantxe jarraitu beharko dute. Eta barrote artean beren eskubideen alde borrokatzea erabakiko dute askok, Copel Borrokan ari diren Presoen Koordinakundean bilduta. Borrokaldi horren kronika ondu du Alberto Rodriguez zuzendari espainiarrak Modelo 77 filmean. Lan horrekin hasi da Sail Ofiziala —lehiaz kanpo eman dute—, eta Kursaaleko ikus-entzuleek gogotik txalotu dute filma goizeko emanaldian.
Lapurreta bat egitea leporatuta, Modelen daukate Manuel izeneko gaztea (Miguel Herran), epaiketaren zain. Pino (Javier Gutierrez) suertatu zaio ziegakide, zigor luzea betetzen ari den gizona. Kartzela inguruko kaleetan protestan ari direnen oihuak barrura heltzen zaizkie, eta haiek ere egoeraren aurka altxatzea erabakiko dute. Elkartasuna, bortizkeria, laguntasuna, traizioak, esperantza eta porrotak tartekatuko zaizkie bidean. Aurrez, besteak beste, La isla mínima (2014) eta El hombre de las mil caras (2016) aurkeztu ostean, benetako gertakarietan oinarritutako istorio batekin itzuli da Rodriguez Zinemaldira. Rol protagonistak antzeztu dituzten Herran eta Gutierrez ez ezik, Fernando Tejero eta Catalina Sopelana aktoreak, Rafael Cobos gidoilaria, eta Jose Antonio Felez nahiz Domingo Corral ekoizleak izan ditu zinemagileak alboan, saioaren osteko aurkezpenean.
Istorioaren berri izan zutenetik beretik presoen arteko elkartasunak arreta piztu ziela azaldu du zuzendariak. «Nolatan batu ziren egin zutena egiteko, 200 lagunek zainak mozteraino prentsa sar zedin gertatzen ari zena kontatzera; are, kartzela denean leku bat zeinak jendea elkarrengandik urruntzen eta identitatea ezabatzen duen. Giza istorio gisa, sekulakoa iruditu zitzaigun, eta mirestekoa ere bai, utopia moduko baten alde egiteko jendea elkartzea». Istorioa gertatzen den garaia ere garrantzitsutzat jo du: «Diktaduratik demokraziarako bidean ginen, eta uste dut inoizko askatasun sentsaziorik handiena izan den garaia izan zela».
Horregatik, esanguratsua iruditu zitzaion kontakizuna kartzelan zeudenen ikuspegitik lantzea. «Herrialde oso baten askatasun oihua kartzeletaraino iragazi zen. Alde horretatik, uste dut kartzela, modu batean edo bestean, beti dela herrialde baten edo gizarte baten ispilu, eta halaxe zen Model ere; horregatik grabatu nahi izan genuen bertan filma».
Prozesu «izugarri luzea»
Zuzendariak eta ekoizleek azaldu dute «izugarri luzea» izan dela filma sortzeko prozesua. 2005ean sortu zitzaien ideia, artean Model zabalik zegoela —espetxea 2017an itxi zuten—, baina luzaz ez zuten filmaketarako leku egokirik aurkitu. Hala, gaiaz bildua zuten dokumentazio andana gorde —hura bizi izan zutenei egin zizkieten elkarrizketak, garaiko prentsa eta argazkiak...—, eta beste lan batzuk ondu zituzten. Harik eta, duela bi urte inguru, Modelen bertan grabatzeko baimena lortu zuten arte.
Rolen lanketaz, Herranek azaldu du Copeleko kide izandako preso ohi bat ezagutu zuela. «Harrigarria eta oso aberasgarria egin zitzaidan harekin hitz egitea. Jende honek ez du hitz bakarra esan beharrik, begiradan ikusten zaie bizi izan duten guztia, urteetako borroka eta etsipena. Espainiako kartzela guztietatik pasatu den pertsona bat da, eta, egun, ia 80 urterekin, oraindik borrokan ari da presoen eskubideen alde». Espetxe sistema aldatu beharraz ere mintzatu da aktorea, «ez baitu erreformatzen, soilik zigortu».
Egungo gizartea indibidualistagoa dela iritzita, Gutierrezek ere aitortu du «zirrara» eragin ziola presoen arteko elkartasun horrek; «ikusteak nola preso talde bat, zuriak bainoago grisak izan zituen trantsizio garaian eta dena aurka izanik ere, lortu zuena lortzera iritsi zen». Aktoreak azaldu duenez, Bartzelonako bazterreko auzoetako jendea figurante aritu da filmean, Modelen izandako batzuk ere bai, eta horrek, filmari «errealitate plus bat» emateaz gain, bera antzezle bezala «beste leku batean» jarri zuen.
Ildo beretik, kartzelako ihesaldiei buruzko lanek ikuslea «ukitu» ohi dutela iruditzen zaio Rodriguezi. «Uste dut ez dagoela ezer okerragorik beste norbait zure denboraren jabe izatea baino. Horregatik, erraza da preso dagoenarekin enpatizatzea». Genero horretan, erreferenterik argiena, agian, Jacques Beckerren Le Trou izan duela adierazi du; keinu txiki bat ere egin dio bere filmean.
Narrazioaren umore printzez, berriz, zuzendariak esan du istorioan modu naturalean agertu zirela, eta pertsonaiak estereotipo ez bihurtzeko nahiari ere erantzun diola haren erabilerak.