Barriek, goi mailakoen pare

Bizkaiko bost artistaren obrak ikusgai egongo dira Rekalde aretoan. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen duen Barriek programaren 10. aldian saritutako proiektuak dira

Urtzi Urkixo, Mikel Erkiaga, Izaskun Araluzea eta Jenni Alvarado sarituak, Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuarekin. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Nerea Lauzirika.
Bilbo
2021eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Barriek 2021 programaren barruan saritutako erakusketak ikusgai daude aste honetatik aurrera Rekalde aretoan (Bilbo). Bizkaiko artistei bultzada bat ematea da programaren helburua, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak azaldu duenez: «Barriek programaren xedea da artista hasiberriak ezagutaraztea». Nabarmendu du «Rekalde aretoan beste edozein artistaren maila bera» aitortzen zaiela.

Jenni Alvarado (Durango, Bizkaia, 1981), Javier Rodriguez Perez-Curiel (Oviedo, Espainia, 1978), Urtzi Urkixo (Bilbo, 1993), Izaskun Araluzea (Bilbo, 1994) eta Mikel Erkiaga (Bilbo, 1994) artisten erakusketak egongo dira ikusgai aurten. Orain, Alvaradoren lanak daude Rekalde aretoan. Ondoren, gainontzeko guztien erakusketak izango dira, ordena horretan. Banan-banan aurkeztuko dituzte beren obrak, bi hilabetez. Aurten, jarduerak ere antolatu dituzte Rekalde aretoan, ikusleek artista aurrez aurre ezagutzeko aukera izan dezaten.

Barriek Bizkaiko Foru Aldundiaren programa bat da, eta Aldundiaren arte plastikoen eta ikusizko arteen bekak jaso dituzten artisten lanak plazaratzen dira haren bidez. Bizkaiko artista hasiberriei ematen zaizkie beka horiek. Horretaz gain, haien lanak Rekalde aretoan ikusgai jartzeko aukera ematen die programak. Aurten ikusgai egongo diren lanak 2019 eta 2020 bitartean emandako beken emaitza dira.

Jenni Alvaradoren Objeto Ritual proiektua ikusgai dago uztailaren 20tik. Irailaren 19ra arte izango da aretoan. Paperean egindako formatu handiko margolan eta marrazkiak, ikus-entzunezko proiekzioak eta eskulturak aurkeztu ditu Alvaradok bere erakusketan. Sortze prozesuaren parte izan dira denak: «Eskultura txikietatik abiatuta, tokiak bilatzen nituen, eta han bideo laburrak grabatu. Bideo horietatik fotograma batzuk hautatzen nituen, margolanak egiteko». Lengoaia horiek denak uztartu ditu Alvaradok bere lanean.

Javier Rodriguez Perez-Curielek kulturaren eta gizartearen hainbat eremutan dauden materialak erabili ditu obrak sortzeko. Irailaren 21etik azaroaren 21era erakutsiko du bere lana.

Erinnerung-Recuerdo-Gogoratzen dut deitzen da Urtzi Urkixoren lana. Hain zuzen ere, bere oroitzapenak aurkeztu ditu argazkien bitartez. Berlinen bizi da 2015etik, eta han atzerritar izanda sentitutakoa hartu du abiapuntutzat sortze prozesuan. Serigrafian aritzen da Urkixo, eta diziplina horretara egokitu nahi izan du bere lana: «Serigrafiatzeko prozesu horretan, informazio asko galtzen da; gauza bera gertatzen da oroitzapenekin». Teknika hori erabiliz, argazkilaritzaren bitartez lortu zezakeena baino emaitza abstraktuagoa lortu du. Urkixok «argazkien deskonposaketa» moduan definitu du egindakoa. Azaroaren 23tik urtarrilaren 23ra egongo da ikusgai Rekalde aretoan.

Izaskun Araluzearen marrazkiak ikusi ahal izango dira ondoren, 2022ko urtarrilaren 25etik martxoaren 27ra bitartean. Araluzeak formatu txikiko marrazkiak aurkeztuko ditu batez ere. «Marraztu eta ezabatu deituriko teknika» erabiltzen duela adierazi du Araluzeak. Teknika horrek irudiarekin eta hondoarekin jolasteko modua ematen dio, eta, emaitza marrazkiak badira ere, margolaritzan oinarritutakoak dira: «Gainjartzeak dira». Aurkeztuko dituen lanak, ordea, ez dira 2019an eman zioten bekarekin egindakoak, azken urtean egindakoak baizik: «Niretzat ez zuen zentzurik duela bi urteko lanak aurkezteak».

Mugak desagerrarazten

Mikel Erkiagaren lanekin itxiko dute erakusketa zikloa, datorren urteko martxoaren 29tik maiatzaren 29ra bitartean. Berlinen egin zituen manipulatutako argazki batzuk izan ziren sortze prozesuaren abiapuntua. Azkenaldian Erkiagak interes handia du margolaritzaren eta argazkilaritzaren arteko muga hori desagerraraztean, eta horretan oinarritzen da haren lanaren emaitza.

Erakusketa bakoitzari buruzko informazio gehiago eskuratzeko aukera egongo da aretoan bertan, artistaren izenaren azpiko QR kodea erabiliz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.