«Barricada, guretzat, beti izango da Drogasen etxea»

Apirilean kaleratuko dute Drogas taldekidea gabe sorturiko lehen diskoa, taldeak 30 urte betetzen dituenean

Ibon Sagarna, Alfredo Piedrafita eta Javier Hernandez. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Artika
2012ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Kasualitatea edo. Apirilaren 18an 30 urte beteko dira Barricada taldea sortu zenetik, eta egun bat lehenago beren hurrengo lana kaleratuko dute. Hamabosgarren diskoa izango dute, baina baita Enrique Villarreal Drogas baxu jotzaile eta abeslaria gabe eginiko lehena ere. Orain dela hilabete batzuk zabaldu zen albistea; Drogasek taldea utzi zuela esan zuten Javier Hernandez Boni-k, Alfredo Piedrafritak eta Ibon Sagarna Ibi-k. Taldetik bota zutela, aldiz, Drogasek berak. Hura gabe aurrera jarraitzea erabaki du, hala ere, Iruñeko taldeak, eta, diseinuagatik eta gisakoengatik ez balitz, kaleratzeko prest lukete lana jadanik. Izenbururik ez dute zehaztu oraindik, baina entzunaldiak antolatu dituzte hedabideekin. Iker Piedrafita musikari eta soinu teknikariak Artikan (Nafarroa) duen estudioan hartu dute BERRIA, diskoa grabatu duten leku berean.

Estudio lan berriaz hitz egitea Villarrealen hutsuneaz hitz egitea da, ezinbestean. Izan ere, agurra ez da erraza izan. «Ez da gai atsegina guretzat, eta ezta, ziur aski, harentzat ere». Ateek irekita jarraitzen dutela zehaztu nahi dute, ordea. «Guretzat, Barricada beti izan da eta beti izango da Drogasen etxea. Ez dugu inolako aukerarik baztertzen», azaldu du Piedrafitak. «Normala da berak Txarrena taldearekin duen proiektuarekin lanean jarraitu nahi izatea, eta normala da guk Barricadaren borrokarekin aurrera jarraitu nahi izatea, taldeak izena izan arren, egunero egin beharreko bataila bat baita hau oraindik». Bonik segitu du azalpenarekin: «Egunen batean Drogasek itzuli nahi duela erabakiko balu, ongi etorria izango da». Oraingoz, Ander Izeta baxu jotzaileak (Eraso) bete du diskoan Villarrealen hutsunea.

Rockaren ertz guztiak lantzen dituen hamahiru kantako diskoa prestatu dute Barricadakoek. Badira punk-rock ukitukoak, metal kutsua dutenak, eta baita Barricadaren betiko hotsa dutenak ere. 2009an La tierra está sorda (Lurra gor dago) disko-liburu kontzeptuala kaleratu ondoren, taldearen oinarrietara itzuli nahi izan dute. Horregatik ere izango da berezia hurrengo diskoa. 1936ko gerrako hilketak hartu zituzten ardatz aurreko lanean, eta lan trinkoa osatu zuten bai soinuz eta baita edukiz ere. Oraingoan, ordea, kantua hautatu dute aurrera jarraitu ahal izateko lan unitatetzat. «Guk beti esan dugu ez garela musikariak, kantak egiten dituzten tipo batzuk baizik», azaldu du Piedrafitak. «Kantua da garrantzitsuena», zehaztu du Bonik. Eroso dabiltza neurri horretan. Urtebete zeramaten oholtzara igo gabe, gainera, eta, horregatik, ez omen zaie zaila egin diskorako hamahiru abestiak biltzea.

Konplexurik gabe

Hala ere, berriz Drogas aipatu behar apirilean kaleratuko duten diskoko hitzez mintzatzeko orduan. «Berak elikatzen zuen gehien alde literarioa», azaldu du Bonik, «baina bagenuen gogoa abestien alde hori lantzen jarraitzeko. Konplexurik gabe aritzea izan da gure buruei jarri diegun muga bakarra. Barricadak betidanik eman die garrantzia hitzei». Eta hori izango da Barricadaren betiko zaleek jasoko duten sorpresetariko bat, Piedrafitaren ustez. «Ez dugu atzera egin nahi izan».

Marea taldeko Kutxi Romero abeslariaren eta Iker Piedrafita Dikers taldeko abeslariaren kolaborazioa ere izango da Barricadaren diskoan. Gainera, zaleei ere leku bat egin nahi izan diete oraingoan. Diskoan koruak grabatzeko aukera eskaini zieten Internet bidez jarraitzaileei, eta 30 pertsona bildu zituzten, azkenean, Artikako estudioan. Madrildik, Galiziatik eta Herrialde Katalanetatik ere etorri zen jendea. «Gurekin hainbeste urtez egon ondoren, elkarri bostekoa emateko modu bat izan zen», azaldu du Bonik. «Azken finean, hori da rocka: festa bat».

Kontzertuak prestatzen hasiak dira jadanik, eta apirilean abiatuko dute bira. Oholtza gainean ere, moldatu egin behar Drogas gabe. Orain arte Bonik eta Villarrealek abesten zituzten kantuak, erdi bana. Orain, ordea, Bonik hartuko du ahotsa nagusiki, eta Piedrafitak lagunduko dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.