Barrenetik azaleratuak

Dorleta Ortiz de Elgeak 'Inkontzientziaren dialektikak' erakusketa jarri du Gasteizko Zuloa espazioan. Orotara, 20 pieza daude ikusgai

Ortiz de Elgea artista, atzo, Gasteizko Zuloa espazioan jarri duen erakusketako bi piezen aurrean. JUANAN RUIZ / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2018ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
«Inkontzienteak, gure burmuinaren alderik sakonenak, azalarazteko dituen lengoaia kriptikoak erakutsi nahi izan ditut». Horra hor Dorleta Ortiz de Elgea artistak (Gasteiz, 1973) Gasteizko Zuloa Irudia espazioan jarri duen erakusketaren muinaren azalpena. Barrenetik azaleratutako ametsak irudikatu ditu artistak irudi, margo eta hitzen bitartez. Hortik dator, hain zuzen, erakusketaren izenburua: Inkontzientziaren dialektikak. Orotara, hogei pieza inguruk osatzen dute bilduma: paperaren gainean margotutako zazpi koadro, olerkiekin egindako bederatzi ilustrazio, testuekin tartekatutako lau irudi, bi koadro eta liburu bat dira ikusgai. Irailaren 15 arte egongo da zabalik.

Erakusketako pieza gehienak iazko udan sortu zituen artistak, etxean, eta ez estudioan, beti egin ohi duenez. «Asko eta asko bat-batean, inkontzienteki, egindakoak dira», adierazi du Ortiz de Elgeak. Horren adibide dira erakusketaren lehen zatian ikusgai dauden zazpi margolanak, esate baterako. Ametsen ideietatik tiraka marraztutako koadro abstraktu koloretsuak dira guztiak. Badira, nolanahi ere, landuagoak direnak ere. Hainbat idazle ezagunen olerkiak oinarri hartuta osatutako «piktopoemak», kasurako. «Gustuko ditudan autoreen olerkiak aukeratu ditut, eta poema bakoitzaren hari literarioari jarraikiz, koadro bat osatu dut ondoren, konposaketa piktoriko bat, finean». Dylan Thomasen, Marceline Desbordes Valmoreren, Alejandra Pizarniken, Alfred Otto Wolfgang Schulze Wols-en, Ndeye Coumba Mbengueren, Bronislawa Wajs Papusza-ren, edota Germain Nouveauren hainbat poema dira aukeratutakoak, besteak beste.

Hitzak eta irudiak lotuz

Zuloa espaziorako bereziki osatutako erakusketa da, Ortiz de Elgeak adierazi duenez. «Inspirazio toki bat bilatu dut artea eta kultura estimatzen ditugun gasteiztarrok horrenbeste maite dugun toki honetan». Izan ere, liburu denda izateaz gain, erakusketa gune ere bada Zuloa; Gasteizko hitzen elkargune da, eta urteen joanarekin, hiriko mugimendu kulturalean erreferentzia ere bada. Horiek hala, hitzei egin nahi izan die erreferentzia artistak. «Ez da erakusketa homogeneo bat. Orain arte egin dudan erakusketarik ezberdinena da», nabarmendu du.

Hitzen eta irudien jolas horrekin egin du erakusketaren beste ataletako bat ere. Testu bidez jaso ditu bere ametsak artistak, eta ilustrazio bat gehitu die ondoren. Ortiz de Elgeak aitortu du irudiek eta hitzek ez dutela lotura zuzenik, baina egon badagoela «inkontzienteki» lotzen dituen hari bat. «Norberak bilatu gabe, inkontzienteki, ateratzen da lotura hori», adierazi du.

Erakusketaren azken atalean, berriz, bi koadro ikus daitezke. William Burroughs idazlearen erretratu bat da horietako bat: 1992an Ortiz de Elgeak margotutako pintura. «Ilusioa egiten zidan koadro hau hemen jartzeak, idazle ezaguna izan baitzen». Horrez gain, Iban Arroniz artistak ilustratutako liburua ere ikus daiteke. Walt Whitman poetaren olerki bilduma bat da. Opari gisa jaso zuen artistak, eta erakusketaren gaiarekin lotura duelakoan ikusgai jartzea erabaki du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.