Barrena erretratatuz

Rafael Ruiz Balerdik bere azken urteetan ondutako margolan biziak Carreras Mugica galerian ikus daitezke

Rafael Ruiz Balerdiren obren erakusketa ireki du Carreras Mugica galeriak. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Marra urduriaren ausazko bideak oihalean utzitako lehen keinuetan dago egiazko Rafael Ruiz Balerdi (Donostia, 1934-Altea, Herrialde Katalanak, 1992). Ondoren forma bihurtuko diren lehen marra horiek apenas kontrolik duen automatismo bati erantzuten diote, Bilboko Carreras Mugica galerian irekitako erakusketan ikus daitekeenez.

Arrazoi bi daude horren atzean, Nacho Mujika galeristaren ustez. «Epilepsia zuen, eta, horretaz gain, yoga, budismo eta Indiako filosofia eta meditaziorako zaletasun handia zuen. Hala, epilepsiari gaina hartzeko erabiltzen zuen errepikapenaren keinu azkarrak eta espiritualtasunerako joera horrek itzal handia dute haren obran». Azken urteetako lanetan, bereziki. Bere buruari mugak jarri gabe, inoizko libreen sentituz pintatu zuen.

Bilboko Carreras Mugica galeriak azken hamarkadan Altean ondutako zortzi margolan jarri ditu ikusgai, tamaina handikoak guztiak ere. Bilboko Arte Eder museoan dago Ruiz Balerdiren ondarea, eta gutxitan izaten da bertatik bertara ikusteko parada.

Koloreek eztanda egiten dute margolan horietan, gorri-berde-urdin-hori-laranja biziek elkarri gainjartzen zaizkien koreografiak osatzen dituzte. «Epilepsia kolpeen ondoren ikusten ei diren koloreak direla esan dute zenbait adituk. Eta LSD hartu ondoko haluzinazioak eragindako psikodeliaren antzekoa ere badela».

Marra ere bizia da oso, azkarra, urduria. «Trantze moduko egoera batean sartzen zen lanean hastean. Abiada handia hartu, eta arkatza edo pintzela erritmo guztiz mekanikoan mugitzen zuen». Teknikak interes handirik pizten ez ziola gogoan du Mujikak. «Hamasei urte baino ez zituela erretratu zoragarriak egin zituen, maila tekniko izugarrikoak. Bere amamaren ilea Da Vincik bezain bikain marraztu zuen, ilerik ile». Alabaina, teknika menderatzeak ez zion aparteko zirrararik eragin, teknika hori baino ez zela jakitun, teknika. Arteak beste zerbait izan behar zuen.

Bere izatearen parte bat

Horrenbestez, pinturan beste zerbait bilatu zuen. Eta baita aurkitu ere: bere izatean aurrera egiteko bidea, artea bere izatearen parte zenez gero. Zuen gaitzari gaina hartzeko lasaigarria izan zen. Barrena pinturan hustu zuela uste du Mujikak. «Balerdi pertsona ageri da hor. Eta hori da Balerdi interesgarria, Balerdi artistikoa».

50eko eta 60ko hamarkadetan trebatzeak pintura ezinbestean hautatzea ekarri ziola dio Mujikak, baina ziur da egungo artista izan balitz bestelako bitarteko batzuk ere erabiliko zituela, «betiere oso ikuspegi pertsonala eta zintzoa emanez».

Ruiz Balerdik ez baitzion inoiz joera zehatz bati segitu. «Ez zuen ahalegin zipitzik ere egin inori ez ezeri jarraitzeko, gutxiago orduko joerarik cool-enari. Barruan zuena ematen zuen, horrek bere abilezien kontra egitea bazekarren bazuen ere». Eta akademizismoari loturiko arte ederretik eta bikainetik aldentzea ekarriko bazion ere.

Ruiz Balerdi 1992an zendu zen, istripu baten ondorioz, eta orduraarte egindako obra joria interpretatzeko gakoetako bat konpultsioa da. Atsedenik gabe pintatzen zuen, egunero. «Jacquelin Sanchez emaztearekin bidaia ugari egiten zituen, eta Jacquelinek esaten zion ez obsesionatzeko eta bidaia laburretara arkatzak ez eramateko. Jacquelinek dio Frankfurtera arkatzik gabe joan zela behin, eta hurrengo egunean bertan erosi zituela han, ezin izan ziola eutsi gogoari».

Mujikaren esanetan, produkzio hori guztiori ez zuen erakusketetan pentsatuz egiten. «Premia pertsonal bat betetzeko modu bat zen, beste batzuentzat goizero korrika egitera joatea beharrezkoa den bezala».

Mujikak dioenez, sortzeko premia horren larria zen ezen diruz oparo ez zebilen garaietan espartzuzko paperezko bilkari bat erosten zuen eta klerekin pintatzen. «Eduardo Txillidak behin galdetu zion ea zergatik ez zuen oihalean pintatzen, eta hainbat oihal eta margo lortu zizkion».

2008ko udazkenean, Ruiz Balerdiren beste lan bat berreskuratu zuen Carreras Mugica galeriak:Homenaje a Tarzán. Capítulo 1: La cazadora inconsciente filma, zeinak zeluloide gainean Txinako tintaz egindako trazuak oinarri dituen. «Tarzanen film batetik hartutako hamar mila marrazki egin zituen minutu bateko animazioa sortzeko! Inork ez luke halakorik egingo bere onenean egonda...».

Ruiz Balerdiren alderdirik bitxiena erakutsi nahi izan zuten orduan, eta artistaren obraren muina oraingoan. Galerian dauden lanak, berez, ez daude salgai, ez bada «traza handiko» erakunderen batek eskuratu nahi dituela, hala nola Madrilgo Reina Sofiak edo Bartzelonako Macbak. Bilboko Arte Eder museoak eta Donostiako San Telmok badituzte euskal artista horren zenbait obra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.