Barre zeri egiten diogun

1764ko 'El borracho burlado' opera eta 1766ko Urolako matxinadak lotu ditu Iñigo Aranbarrik bere lan berrian.Eliteek behe klaseak umiliatzeko izandako joeraz gogoetatzeko baliatu ditu bi gertaerak

Ander Perez Argote
Donostia
2016ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Xabier Munibe Peñafloridako kondeak idatzitako El borracho burlado opera komikoa 1764ko uztaileko egun batez estreinatu zen, Azkoitiko Insausti jauregian. Nobleak Txanton Garrote pertsonaia oholtzaratu zuen, mozkorraren trazan, gainerako jauntxoen barre eta dibertsioa xede. Bi urte eskasera, Urola ibaiak bustitako paraje bertsuetan, matxinadan altxatu ziren Azkoitiko langileak; errebolta Azpeitira hedatu zen gero, eta, handik, indar apalagoz, inguruko bazterretara. Aurten bete dira ordutik 250 urte.

«Zenbait gauzaren kontzientzia» duenetik darama gaia berekin Iñigo Aranbarri idazleak; aspalditik, beraz. Apirila azken eleberriarekin, edonola, «lehertu» egin zitzaion barruan zeraman «harra». Dokumentaziora jo zuen, eta bidean, behin eta berriro korapilatu zaizkio bi hariak,Peñafloridako kondearen obra, eta langile gosetuen iraultza txikia. Materiala jasota, esku artean «jostailu txiki bat» zuela sentitu zuen Aranbarrik, eta, hura kanporatzeko beharraz, liburua ondu du orain. Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna eman dio izenburu lanari. Atzo aurkeztu zuen, Donostian, Pamielaren eskutik, eta autorearekin batera izan ziren Jose Luis Otamendi idazle eta liburuko hitzaurrearen egilea eta Jose Angel Irigarai argitaletxeko kidea. Ez batak eta ez besteak ez zuten obra genero batean sailkatzerik izan; definitzeko «hitz zehatza falta» zitzaiola aitortu zuen Otamendik, eta, aukeran, «ezohiko artefaktu literario» gisa azaldu zuen lana. Gogoetatzat jo zuen Irigaraik, «baina ez linboan egiten den gogoeta», baizik eta «jendartearen patuaz eta egoeraz zikindutako literatur artefaktua».

Aranbarrirena, finean, bi gertakarien arteko lotura hutsa bainogehiago da. Gertakari historikoek jantzitako kritika bat da, erreparorik gabea. Kritika, Ilustraziotik hasi eta gaur egunera artegoi klaseek behekoekiko izan duten jarrerarekiko, eta, zehatzago, eliteek umorearen bitartez azpikoak umiliatzeko eta barregarri uzteko izandako joeraren salaketa. Uxoa Anduaga aipatuz azaldu zuen Aranbarrik bere tesia: «Umorea ez da neutroa: politikoa da». Eta berera ekarri zuen gogoeta, XVIII. mendeko ilustratuen obra komikoa eta aktualitaterik gertuena elkarrekin josiz: «Barrerik ez dago ideologiarik gabe. Atzo [herenegun], Madrilgo plaza nagusian PSV Eindhoveneko hooliganak ijito edo ekialdeko emakume eskaleak nola tratatzen zituzten ikusitakoan, gogora etorri zitzaidan ez garela askorik aldatu. Badagoela boterean eta, batez ere, botere ekonomikoan oinarritutako umore bat». Eta bi gauzak are gehiago lotuz: «Imajinatu antzokia jauntxoz josia, eta eszenatokian PSVko kamiseta daraman emakume errumaniar bat. Hori da El borracho burlado».

Paralelismo horren gainean eraiki du Aranbarrik antzezlanaren eta 1766ko matxinaden arteko lotura. Opera, finean, ez baita deus, bere garaiaren fruitu eta klase menperatzaileen pentsamenduaren ondorio ez bada. Horren fruitu den bezala bi urtera lehertutako matxinada. Hortik izenburua: Txanton Garrotek, umiliatutako gizajo bat zenak, injustiziaren kontzientziahartu, eta salto egiten du agertokitik, bere kondizioko herritarren artera pasatzeko, matxinada xede. Eta hortik, bide batez, fikzioa eta saiakeraren uztarketa ere.

Izutzerainoko kasualitateak

Urola ibarreko garai hartako testuinguru orokorrean bezalaxe, gauza zehatzetan ere aurkitu ditu loturak Aranbarrik; «izua sortzerainoko kasualitateak», haren hitzetan. Bat, adibidez, hauxe: 1766ko erreboltaren osteko errepresioan, herritik asto gainean paseatu, umiliatu, zigorradaz josi eta urkamendirako bidean bidali zituzten matxinoetako bi, lepo bueltan espartzuzko soka zutela. Bi urte lehenagoko obran, El Borracho burlado-n, jasotako zigorraren berri ematen du Txanton Garrotek bere ahotik. Eta, gezurra badirudi ere, elkarren kopia dirudite fikziozko eta errealitateko bi testigantzek.

Horrek guztiak, horren kasualak ez diren kasualitateek, «zer pentsatua» ematen diote Aranbarriri. Eta ez bakarrik atzera begira, baita oraingoari dagokionez ere: «Gaur egun zeren gainean eraikitzen dugu umorea? Ez al dugu nahiko zentzu kritikorik esateko mozkorra barregarri hartzea astakeria eta giza kondizioari eginiko irain handia dela?».

Liburuak, gogoetaz gain, asko du aldarrikapenetik ere; Euskal Herriko historia sozialaren «aldarria» da, egilearen iritziz. Eta zapalduen historia gogoratzeak, ezinbestean, sarri laudatutakoen eta «kale izendegien» jabe direnen errebisioa ere badakar. Peñafloridako kondeaz eta enparauez ari da Aranbarri: «Bai, ospatu beharra dago txertoa bultzatu zutela, eta aurrerakuntza teknikoak ekarri zituztela. Oso ondo, Ilustrazioa mundiala izan da horretan. Baina Ilustrazioak alde humanoan eta sozialean egindakoak oraindik aztertzeko daude».

Dena ez dira aspaldiko garaiak,halere, eta, ardurak banatzen hasia, oraingo gizarteari ere erantzukizuna egozten dio Aranbarrik: «Uste dut gure umoreak, gure umore matxistak, klasistak, esklabistak, errebisio bat behar duela». Umorean, artean eta kulturan bezalaxe, «klase borroka» lehertzenbaita,Otamendiren esanetan. Kultura, azken batean, «gizartearen zertzeladak erakusten dituen jokaleku bat gehiago» badelako. Jokaleku horretan aritu da Aranbarri: kulturatik egin die so gizarteko ezberdintasunei, oholtza gainetik behera salto eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.