Laugarren urtez banatu du Durangoko Azokak bere sormen beka, Durangoko Udalarekin elkarlanean antolatzen duena, eta aurten kultur sorkuntza digitaleko proiektu bat laguntzea xede izan duena. Ibai Aizpurua diseinatzaile eta programatzaile irundarrak eskuratu du; Barraka izeneko euskarazko abentura bideo jokoa garatuko du bekaren bultzadarekin, eta 15.000 euro jasoko ditu horretarako. Datorren urteko azokan aurkeztuko du bere lanaren emaitza.
Sortzaileak azaldu duenez, esplorazioko bideo joko bat izango da, eta irudi errealak, stop-motion-a eta animazio tradizionala nahastuko ditu. Aizpuruak sortuko ditu bideo jokoaren diseinua, irudiak, animazioak, soinua eta programazioak, eta Gonzalo Sardonek, berriz, musika jarriko dio. Bekaren sustatzaileei eskerrak eman dizkie Aizpuruak. Urteotan, hainbat bideo joko «proiektu txiki» garatu ditu, eta, orain, «laguntza erraldoi honekin, aurrerapauso bat» emateko eta bideo joko oso bat sortzeko aukera izango duela azaldu du. Haren asmoa da «edonor erraz murgildu ahal izango den euskarazko abentura bideo-joko umoretsu bat sortzea».
Jokalari batentzako esplorazio eta abentura jokoa izango da Barraka. Euskal Herriko herri txiki bateko festetan girotuta egongo dela aurreratu dute, eta jokalaria Ainhoa izeneko neska baten azalean sartuko dela. «Ainhoa, barraka sorgindu batean sartu, eta fantasiazko mundu bitxi batean murgilduko da».
Lorea Arakistain PuntuEUS fundazioko komunikazio arduraduna mintzatu da aurtengo bekaren epaimahaiaren izenean, eta adierazi du Barraka «oso proposamen iradokitzaile eta tentagarria» dela. «Haurrentzako fantasiazko mundu estetikoki eder eta gozagarria sortzen du, begiekin jateko modukoa. Era berean, helduoi barruan ahaztua izan ohi dugun umea ateratzen lagunduko digu, haur izan garen guztiontzat ezagunak diren bizipen eta erreferentziekin: herri txiki bateko festak, barrakak, gozokiz jositako mundu bat... plazerez betetako mundu bat». Arakistainek gogorarazi duenez, Interneten mugitzen den trafikoaren %8 bideo jokoak dira, eta haien artean «euskararen presentzia anekdotikoa da». Harekin batera, aurten epaimahaiko kide izan dira Diana Franco (Durangoko Azokako Kabi@ gunearen arduraduna), Vanesa Fernandez (Bilboko Zinebi jaialdiko zuzendaria), Rakel Esparza (Azkuna Zentroko programazio arduraduna) eta Iker Fidalgo (Arte Ederretan doktorea eta ikertzaile independentea).
Durangoko Udalaren izenean, berriz, Ima Garrastatxu alkateak ohartarazi du garai zailak bizi dituztela kulturgintzak eta sortzaileek, eta erakunde publikoen babesa ere beharrezkoa dutela. Durangoko Udala horretarako prest dagoela berretsi du.
Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak azaldu du hasieratik izan dutela helburu sortzaileei plaza eta oholtza eskaintzea, eta horretan ari direla gaur egun ere. Gogorarazi du ildo horri jarraituz eta Durangoko Udalarekin lankidetzan abiarazi zutela sormen beka. Haren helburua da euskarazko kultur produktu baten sorkuntza bere prozesu osoan garatzen laguntzea, hasieratik amaierara, lehen ideiatik zabalkundera bitarte, eta, horretarako, 15.000 euro bideratzen dituzte. Urtero, kultur diziplina ezberdin baten inguruko proiektuak sortzeko deialdia egin dute. Lehen urtean Atopia euskarazko rol jokoa sortzeko akuilu izan zen beka; bigarrenean, Kai Nakai reggaeton abeslariak eskuratu zuen; eta, hirugarrenean, aurten aurkeztu duten Bañolet ikus-entzunezko websailak. Heldu den urteko azokan ikusi ahal izango da Ibai Aizpuruaren lana.
Durangoko 56. Azoka. Sormen beka
'Barraka' bideo jokoak irabazi du azokaren laugarren sormen beka
Ibai Aizpurua diseinatzaile eta programatzaile irundarrak eskuratu du 15.000 euroko laguntza. Urtebeteko epea izango du bere proiektua garatzeko, eta heldu den urteko azokan aurkeztu beharko du emaitza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu