Argentinan, Brasilen, Txilen, Kolonbian, Kuban eta Mexikon kokatutako hamabi istoriok osatuko dute Donostiako 70. Zinemaldiko Horizontes Latinos saila. Horien artean dira Ana Cristina Barragan, Natalia Beristain, Pavel Giroud, Patricio Guzman eta Carlos Lechugaren film berriak. Horizontes saria lortzeko lehian izango dira guztiak, baita Mariano Biasin, Fabian Hernandez, Juan Pablo Gonzalez, Carolina Markowicz, Manuela Martelli, Valentina Maurel eta Andres Ramirez Pulido zinemagileen lehen lanak ere. Guzmanen lanak inauguratuko du saila, eta Barraganenak itxi.
Barragan zuzendari eta gidoilari ekuadortarrak La piel pulpo / Octopus Skin erakutsiko du; WIP Latam sailaren iazko aldian parte hartu zuen lanak, eta Horizontes saila itxiko du aurten. Egileak sail bereko Epaimahaiaren Aipamen Berezia lortu zuen bere lehen film luzearekin (Alba, 2016), eta bere azken proiektua, La hiedra, Ikusmira Berriak egonaldi programaren parte da aurten.
Beristain, berriz, bere hirugarren film luzearekin leihatuko da, Ruido / Noise-rekin, zeinak indarkeria matxista duen mintzagai, desagertutako alabaren bila dabilen ama baten bitartez. Zinemagile mexikarraren lanaren erabateko estreinaldia hartuko du jaialdiak. Iaz, Veneziako Settimana Internazionale della Critica atalean lehiatu zen egilea, No quiero dormir sola lehen filmarekin.
Giroudek El caso Padilla / The Padilla Affair aurkeztuko du, Heberto Padilla poeta kubatarraren inguruko ez-fikziozko lana. Zinemagile kubatarrak ezaguna du Zinemaldia; Omertà filma (2008) Euskal Zinemaren Egunean estreinatu zuen, eta Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren Saria ere jaso zuen geroago, El acompañante (2013) proiektuagatik.
Girouden herrikide Lechuga ere izana da festibalean, Horizontes Latinos sailean Santa y Andrés filma aurkeztu baitzuen 2016an. Orain, Vicenta B. lanarekin itzuliko da, iaz WIP Latam saileko EGEDA Platino Industria saria jaso zuena.
Guzmanek ere aski ongi ezagutzen du jaialdia, zuzendari txiletarrak hainbatetan erakutsi baititu bere lanak Donostian. Mi país imaginario / My Imaginary Country aurkeztuko du aurten, Cannesko jaialdiko Special Screening sailean aurkeztu zuena. Film horrek inauguratuko du saila.
Lehen film luzeak
Biasin argentinarrak Sublime lehen lan luzearekin egingo du debuta jaialdian, Berlinaleko Generation 14plus sailean izan ondoren. Haien opera prima-k erakutsiko dituzte, halaber, beste hainbat zinemagilek. Hernandez kolonbiarrak Un varón aurkeztuko du lehiara: Cannesko Quinzaine des Realisateurs atalean estreinatu zuen, eta iaz WIP Latam sailean hautatutako filmetako bat izan zen. Gonzalez mexikarraren Dos estaciones ere iazko WIP Latamen hautatu zuten —eta, hori baino lehen, proiektu gisa, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan, 2019an—; Sundance zinema jaialdiko World Cinema Dramatic Competition lehiaketan parte hartu zuen filmak, eta, bertan egindako interpretazioagatik, jaialdiko antzezle onenarentzako Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen Teresa Sanchez aktoreak.
Markowicz brasildarra Carvão / Charcoal bere lehen film luzearekin izango da Donostian, aurten Tolosako (Okzitania) Jaialdiko Zinema Eraikitzen sailean hautatua izan ondoren, eta bere lehen lana erakutsiko du Martelli txiletarrak ere: 1976. Cannesko Quinzaine des Realisateurs atalean estreinatu zuen, eta 2018ko Ventana Sur Proyecta eta Tolosako Jaialdiko Zinema Eraikitzen egitasmoetan hautatua izan zen. Maurel costarricarrak Tengo sueños eléctricos aurkeztuko du, 2021ean Proyecta egitasmorako Jardín en llamas izenarekin hautatua, Locarnoko (Suitza) zinema jaialdian izan ondoren. Azkenik, Pulido kolonbiarrak La jauría eramango du lehiara, Tolosako Jaialdiko Zinema Eraikitzen sailean eta Cannesko Semaine de la Critique atalean egon ondoren —Grand Prix saria eta SACD saria jaso zituen Cannesen—.
Latinoamerikan osorik edo partzialki ekoitziak diren, Espainiako Estatuan erakutsi ez diren eta jatorri latinoamerikarreko zinemagileek zuzendu dituzten edota munduko gainerako lekuetako komunitate latinoamerikarrak esparru edo gaitzat dauzkaten urteko film luzeen hautaketa bat biltzen du urtero Horizontes Latinos sailak. Parte hartzen duten lanak Horizontes saria lortzeko lehiatuko dira. Sari horrek 35.000 euro ematen dizkie zuzendariari eta film irabazlearen Espainiako banatzaileari. Saileko epaimahaiak du film horiek saritzeko ardura. Halaber, zuzendariaren lehen edo bigarren filmak Gazteriaren TCM Sarirako ere lehiatuko dira.