Barnera begiratzeko musika

'Hegan' disko luzea aurkeztu du Orbel taldeak. Europan bira egin dute lana aurkezteko

Camille Dizabok, Anne-Lise Arnaud-Cazamayok, Txomin Urrizak eta Alan Billik osatzen dute Orbel taldea. BERRIA.
Joana Ibargarai Leritza.
Baiona
2019ko urriaren 30a
00:00
Entzun
«Musika ezberdinak entzuten ditugu laurek, mundu ezberdinetatik heldu gara, baina sortu dugun hori, naturalki egin da». Baionako laukote batek osatzen du Orbel taldea: Camille Dizabo ahotsean, Anne-Lise Arnaud-Cazamayo teklatuan eta koroetan eta Txomin Urriza eta Alan Billi gitarran. Lagunarteko giro intimoan hasi ziren musika sortzen, bakoitzak jotzen zekienetik abiatuz. «Ez genuen bateria jotzailerik gure artean, baina halakorik gabe egitea erabaki genuen», azaldu du Urrizak. Urte bat horrela pasatu eta 2017. urte hondarretik goiti proiektua «serioskiago» hartu ondotik, hilabete batzuen buruko Beyond There atera zuten: Jeremie Garatekin grabatua, lau kantuz osaturiko disko laburra. «Lagun talde bat gara, eta horrek eragin handia du egiten dugunean».

Aurten beste urrats bat, disko luzea egin baitute: zortzi kantu eta Hegan izena. Diskoaren izena kantu baten izena ere bada, sortu zuten lehenarena. Joan den irailaren 19an plazaratu zuten, eta bi kontzertu Euskal Herrian eginik —bat Biarritzen eta bestea Bilbon—, Europako hainbat herritan ibili dira aurkezpen bira egiten urriko azken hamar egunotan. Gauza bera egina zuten Beyond There disko laburrarekin: «Maite dugu diskoa bira bat eginez aurkeztea».

Urrizak dioenez, musika aldetik ez da «aldaketa handirik» lehen diskotik bigarrenera, baina iruditzen zaio lortu dutela «nahi zutena gehiago egiten». Norabide finkoago bat beraz, baina aldi berean «aniztasuna» bermatuz. «Lehen diskoan, beharbada, ez zen hainbeste sentitzen aniztasun hori: elementu gehiago ditugu orain, entseatzen gara denak kantatzen, baxuak sartu ditugu, eta teklatuetan ere elementu gehiago ditugu».

Kantu kopurua bikoizteaz gain, hizkuntza aldaketa ere nabarmentzen da disko berrian, ingelesezkantatzetik euskarara igaro baitira. «Musikan bakoitzak baditu bere nahiak eta gogoak, eta hizkuntzari begira berdin da. Hori kantariak du erabakitzen berak duelako kantatzen». Urrizak azaldu du Dizaborentzat «desafio» bat izan zela ingelesez kantatzea aurreneko diskoan, beti euskal musika tradizionaleko errepertorioko kantuekin ari izana baitzen ordura arte. Zerbait «berria» entseatu nahi zuen kantariak, ohitura horretarik «pixka bat ateraz». Aldi honetan, Hegan diskoan euskaraz kantatzea «beste desafio» bat izan dela azaldu du Urrizak. «Ez da usu egiten horrelako musikaren gainean euskaraz kantatzea, eta ez da horrela ohitu; beraz, hori ere desafio bilakatu da». Hala, aitortu du disko hori euskaraz izateak gauzak «anitz» aldatu dituela. «Bai publikoan eta bai prentsan, Euskal Herrian harrera biziki ezberdina izan da Beyond There diskoarekin konparatuz, baina pentsatzen dut normala dela, jendeari errazago heltzen baitzaio musika ulertzen eta bizi duen hizkuntza batean kantatzen duzularik».

Sakontasunaren kolorea

«Jendeak erraten digu gure musika iluna dela baina guretzat ez da baitezpada hala. Uste dut sakona dela, edo hartzen duzu, edo arrunt ondoan pasatzen zara». Horrela azaldu du egiten duten musikaz pentsatzen duena, eta oroitarazi du kanta «irekiak» dituztela, zehazki zer nahi duten «ezin» dela definitu, zerbaiten «fosilizatzea» ez baita erraz. Musikan «sartzeko» eta «sentitzeko», abagune berezi bat hautatu behar dela uste du Urrizak.

Musika lehen-lehenik beraientzat egiten badute ere, jendearen aitzinean aurkezten denetik goiti publikoa ere «kontuan» hartu behar dela azaldu du. «Ez dugu nonahi jo nahi eta edozein baldintzatan; talde bakoitzarentzat definitu behar duzu zer egiten duzun, zertarako eta non emateko; beraz, entseatzen gara horren zaintzen, bai guretzako eta bai publikoarentzako».

Egin duten azken diskoa «barnera begiratzeko zerbait» dela erran du Urrizak. «Ez da mezu politiko bat, ez da argiki ekintza politiko bat, nahiz eta barnera begiratzea baden beharbada». Entzulea 30 edo 45 minutuan bola batean sartzea nahi luke, horrek «on» eginen diela espero izanez. Aurkezpen bira bukatu dute eta Tullen (Frantzia) emanen dute ondoko kontzertua azaroaren 16an. Udaberrian eta udan Euskal Herrian jotzeko xedea dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.