Pozik baina harriduraz jaso zuen sariaren berri Irati Elorrietak (Bilbo, 1979). Horrenbesterainokoa izan zen ezustea, ezen egunerokoa ere aldarazi zion. «Dena hankaz gora jartzen dute halako gertakariek, baina, aldi berean, pozgarriak ere badira». Berlinen bizi da, eta, hantxe, etxean harrapatu zuen deiak.
Epaimahaiak aipatu du zure eleberriak «merezimendu osoz» jaso duela saria. Nola jaso dituzu hitzok?
Nire eguneroko bizitzan ezusteko handiz iritsi den albistea izan da. Kanpoko planeta batetik etorri,eta nire etxeko patioan hartu du lur bat-batean, sorpresaz. Asko eskertzen diot epaimahaiari, eta baita liburuan sinistu zuen Pamiela argitaletxeari ere.
Istorioa Berlinen kokatu duzu. Zu ere hantxe bizi zara duela hogei urtetik. Nola eragin du horrek eleberrian?
Esango nuke idazkeran izan duela eragina, batez ere. Hau da, nik Berlinekin ditudan loturek eta bertan bizi izandako esperientzia guztiek liburuaren istorioan baino gehiago eragin dutela idazteko moduan eta gaien aukeraketan.
Berlinek ez ezik, hiriek ere, oro har, garrantzi handia dute istorioan. Zergatik hautu hori?
Espazioek dute garrantzia liburuan, bai hiriek, bai pertsonaien etxeek, bai eta haiek buruan dituzten espazioek ere. Espazio askotan egotearen aldiberekotasun hori da liburuaren gaietako bat, eta horregatik dauka horrenbesteko garrantzia hiriak, esaterako.
Irati Elorrieta. Idazlea
«Barnekoa den noraeza dago pertsonaiengan; bilaketa batean daude guztiak»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu