Barneko iruditeria, edota errealitatea interpretatzeko fantasia jolas bat

Daniel Tamayok azken hamarkadan sortutako 26 margolan bildu ditu Arte Eder museoak 'Alegiak' erakusketan

Daniel Tamayo, Bilboko Arte Eder museoan irekitako Alegiak erakusketan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Ez pintore ez artista. Irudi bildumagiletzat du bere burua Daniel Tamayok (Bilbo, 1951). Irudiz bete du Arte Eder museoko 33. sala. Eta istorioz josi ditu paretak, alegiez, narrazioez eta ipuinez. Edo «txingoteez», Tamayok berak dioenez. Azken hamarkadan sortutako 26 margolan jarri ditu, inoiz erakutsi gabeak gehienak, eta aro baten amaiera erakusten dutenak denak ere.

Bilbon ikus daitekeen Lessismore town obra izango da aldi bien arteko zubi. Koloreen paleta murriztu egin da lan horretan, tarteka baino ez da ageri, espazio gris batean. Ez dago giza figurarik ez txingoterik. «Asmaturiko hiri eta irudien arkitektura fantastikoak landuko ditudalakoan nago», aurreratu du artistak Alegiak erakusketaren aurkezpenean.

70eko hamarkadan hasi zuen ibilbidearen garapenaren ondorio dira Bilbon irekitako erakusketako lanak. Tamayoren iruditeriaren erakusle dira, baina artistak errealitatea interpretatuz egiten dituen jolasak ere badira. Erakusketaren harira argitaratutako katalogoan Tamayok azaldu du orain arte pintura «jostailuz beteriko fantasia mundua eraikitzeko laborategia» izan dela berarentzat. «Abentura handi, garrantzitsu eta bakar baten protagonista sentitzen naiz, zeinetan pintzelak arraunak diren koadroaren espazioan, eta ozeano zabalaren ziurgabetasunaren aurka borrokatzen den Odiseo naizen».

Abentura horretan, abentura ugari pintatu ditu Tamayok. Lan bakoitza izan daiteke lan bakar bat edo lan askok osaturiko lan bat. Espazio zehaztugabean, hau da, artistak aipatzen duen ziurgabetasunaren ozeano zabalean, irudi, egoera eta pertsonaia askok bat egiten dute. Mundu andanak. Horien artean daude arte primitiboa, geometria, alfabetoa, zeinu eta ikurrak, grafitiak, erlijio irudiak, artisautza, folklore eta zirkua, publizitatea, diseinua, literatura...

Askotariko osagaiak dauzkate Tamayoren lanek. Euskal tradizioko ikur esanguratsuez gain,XV. mendeko pintore italiar eta flandriarren eragina ere badute. Paolo Ucello, Fra Angelico eta Pieter Brueghelen arrastoak daude, obrarik obra.

Tamayok berak aitortu du hamabost urte zituela Boscoren Gozamenen lorategia ikusi zuela Madrilgo Prado museoan. «Izaera fantastikoko narrazio piktorikoekiko zaletasuna piztu zidan».

Estilo bat eraikitzea

Aparejadore ikasketak egin zituen Tamayok 60ko hamarkadaren akaberan, baina berehala bazter utzi zuen mundu hori, bere egiazko pasioan, pinturan murgiltzeko. Aurrena, publizitatean behar egin zuen, marrazkilari moduan. Bartzelonan, Diseinua, Marrazketa eta Pintura ikasi zituen ondoren, eta Londresen eta Parisen bizi ostean, Bilbon ireki berria zen Arte Ederretako eskolako lehen promozioko ikasle izan zen, 1970ean. EHUko Arte Ederretako fakultatekopintura saileko irakaslea da 1980tik.

Pop mugimenduko zenbait joeretatik eratorritako figurazioaren eraginpean egin zituen lehen urratsak. Eta, era berean, Luis Gordilloren abstrakziotik edan zuen. Tamayok estilo artistiko sendoa eraiki du, oso berea eta gutxirekin nahastezina. Marrazki geometriko bihurriak etaneurririk gabeko fantasia polikromatikoa. Artistak argi du: «Ezin izan dut besterik egin. Ez dakit hobeto pintatzen. Ez espero nigandik erakusketa honetan ez denik».

'ALEGIAK'

Artista: Daniel Tamayo.

Lekua: Arte Eder museoa.Bilbo.

Noiz arte. Ekainaren 12a arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.