Literatura

Xerar Urrutiak barneko galderen adierazteko bertso eta olerkiak bildu ditu liburu batean

Urruñarraren bertso, kantu eta olerkiak bildu ditu Maiatz argitaletxeak 'Barneko galderak' olerki bilduman. Urrutiak berak Urruñako Loraldiberri disko eta liburu azokaren karietara aurkeztuko du, igandean.

Xerar Urrutia
Xerar Urrutia. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku.
2024ko azaroaren 29a
05:00
Entzun

«Xerar Urrutiaren olerkiak irakurtzeko arinak badira ere, mezuan sakonak dira, lerro arteko gogoeta aberatsak erakusten baitizkigute, gure barneko sentimenduak piztuz eta irauliz». Hala aztertu ditu, aspaldiko bidelaguna duen Joseba Aurkenerena idazleak, Urrutia adiskidearen olerkiak. Barneko galderak izenburupean, Xerar Urrutia Jorajuriak (Urruña, 1959) olerki bilduma plazaratu du Maiatz argitaletxearekin eta Urruñako (Lapurdi) Loraldiberri disko eta liburu azokaren karietara aurkeztuko du heldu den igande eguerdian, lehen aldikoz.

Bertso, olerki edo kantu baterako ideia «edozein momentutan» jin dakiokeela aitortu du Urrutiak. «Ibilaldi bat egiten dut mendian eta, beharbada, argi bat, zuhaitz bat ikusiko dut, eta inspirazioa etorriko zait». Etxera heldu eta oroitzen duenarekin hasten du idazketa. Irratian entzun hitz batetik abia daiteke, ber gisan. «Haizea bezala pasatzen da, eta hartzen duzu edo ez duzu hartzen».

Kantuak leku handia du gaztetarik Urrutiaren bizian. Kantaria eta kantu hitzen idazle ere bada. Idazterakoan, hain zuzen, bertso edota kantu doinuek munta berezia dute: «Gehienetan kantuak dira olerki horiek; pentsatzen dut aire bati eta kontatzen ditut zangoak, errimak egiteko». Baina, artetan, libreki hitz laxoz idaztea gertatzen zaio.

Hegoak kantu taldearekin hasi zen kantuz Urrutia, oraindik hemezortzi urte ez zituela. Geroztik, bertso eta kantuekiko harreman hori euskaltzale ibilbide guzian izan du. «Ohartu nintzen kantuari esker zabaltzen ahal zirela mezuak». Hasiera batean beste batzuek idatzi testuak kantatzen zituzten, baina laster hasi ziren berenak idazten. Horrela abiatu zen Urrutia bera. «Ikusi nuen zer indarra zuen hitzak. Erraten duzun hori kantuz egiten baduzu, bihotzarekin heldu denean horrela, gehiago transmititzen duzu». Funtsean, Kuxkuxtu txarangarekin Euskal Herrian barna ibiltzen diren aldi orotan hala sentitzen du urruñarrak: hitzen kantatze horrek «eskas bati» erantzuten diola. Jendea elkarrekin kantuz ari denean «argi bat pizten da, eta itxaropena ere bai» haren ustez.

Euskara, adiskidetasuna...

Euskal Herria, aberria, amalurra, euskara, adiskidetasuna, maitasuna ditu Urrutiak bere idazki gehienetan jorratzen dituen gaiak. Euskara aipagai eta izkiriorako jolas gaia du. «Hitz jokoak, metaforak erabiltzen ditut». Euskararen «aberastasuna» zabaltzeko moldea zaio idaztea, «sinonimoak baliatuz». Lapurterarekin sortu eta hazi zen, baina, gero Euskara Batua ezagutu zuen Urrutiak eta «joko» bat gehiago eman dio daukan euskara aberasteko.

«Bizitza eta heriotza» aipatzen ditu. Biziko harat-honatak. Maitasuna eta adiskidantza. «Adiskiderik gabe ez ginateke biziko, nire ustez; eta ez genuke deus egingo». Damuak ere izan ditzake aipu iturri. «Biziaren gorabeherak, azken finean».

Funtsean, maiz norbait badu buruan idazten duenean, hari zuzentzen balio bezala olerkia. «Baina, ez dut behin ere erraten norendako». Non eta ez den espresuki norbaiten omentzeko kantua. «Amodiozko kantuetan erranen dut: ‘zu maite zaitut’, baina erran gabe nor den». Urrutiak nahiago du irakurleak bere baitarik pentsa edo irudika dezan. «Hitz bat ez da denendako berdina. Bakoitzak interpretatzen du. Hori da aberastasuna».

«Esperantzarekin bizi behar da, bestela ez du balio bizitzea. Nahiz eta erortzen garen behar dugu berriz zutitu, argiari buruz joan. Itxaropena biziaren biperra da»

XERAR URRUTIA Idazlea

Euskal mundua nasaiki aipaturik ere, bilduma zabaltzen duen olerkiak Abian du izena. Ezinbiziagatik herritik joan beharra aipatzen du. Kanpora joatea ere izan da Urrutiaren bizi ibilbidearen parte. «Maitatu izan dut ezker eta eskuin ibiltzea: Perun, Mexikon, Kuban egon izan naiz. Beste kulturen ezagutzea biziki maite dut». Eta bidaia bali, bere Euskal Herria eraman izan duela dio. Baina joan behar horretan bere askazigoaren historia ere bada. Gosea zela kausa Zugarramurditik (Nafarroa) Nevadara (AEB) joan behar izan zuen aitatxirena. Itzuli zena Lapurdin kokatzeko Amaiurkoa (Nafarroa) zen amatxirekin. «Aitatxi sartu zen herrira, baina zenbat egon dira han bizitzen, eta hiltzen? han galdu direnak?».

Euskal Herriaren edota biziko errealitate gordinak, errealitate onargaitzak, herriaren askatasunik eza aipatzen ditu Urrutiak bere testuetan. Baina, etengabe heldu da ondotik: itxaropena. «Esperantzarekin bizi behar da, bestela ez du balio bizitzea. Nahiz eta erortzen garen behar dugu berriz zutitu, argiari buruz joan. Itxaropena biziaren biperra da».

Urrutiak gogo barneen askatzeko bide baten gisa ikusten du idaztea. Dioenez, beste idazle «famatu» batzuen aldean ez dira maila berekoak idazten dituenak. «Horien aldean ez naiz deus, baina maite dut egitea. Idazten duzu zure ahalekin eta zure bihotzarekin. Horrek dena balio du».

Liburuan agertu kantu testu batzuk musikatuak eta emanak izan dira jadaneko. Urrutiak bakarka atera zuen diskoan agertu dira bat edo beste, baita Ekilore taldearekin grabatutakoak ere bai.

Loraldiberri, igandean

Abenduaren 1ean, Urrutia kide den Urrunaga elkartearekin Loraldiberri disko eta liburu azoka antolatzen dute. Karia horretara aurkeztuko du Barneko galderak olerki bilduma, 12:15ean, azoka eginen den Rene Soubelet plazan.

2021etik antolatzen dute azoka euskal kultura sustatzeko Urruñan Berttoli elkarteak, Urruñako herriko etxeak eta Eusko Ikaskuntzak lauzkaturik. Aurten argitaletxeen eta sortzaileen artean hogei bat parte hartzaile bilduko dira. Besteak beste, Asisko Urmenetak Ni ez naiz sorgina dokumental egitasmoa aurkeztuko du. Azoka 10:00etan hasi eta 14:00ak arte iraganen da.

Loraldiberri azokako egitaraua

  • 10:00. Harrera. 
  • 10:30.Makila Kixki txotxongilo emanaldia, Maddi Zubeldia eta Bernadette Luroren saioa.
  • 11:15. Txokolate dastaketa, Rafa Gorrotxategi sukaldariarekin.
  • 11:45. Ixabel Millet: euskal ipuin mitologikoen kontaketa.
  • 12:15. Xerar Urrutiaren Barne Galderak olerki bildumaren aurkezpena. Errezitala.
  • 12:30. Asisko Urmenetaren mintzaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.