Barne paisaiak

Menchu Gal margolari irundarrari egin zaion atzera begirakorik handiena ireki dute Iruñean, haren 85 margolan bilduzArtistaren izen bereko fundazioaren lehen ekimena da, eta gehiago izango direla diote

Iruñeko Ziudadelako Mistoen areto osoa hartzen dute Menchu Galen lanek, bi solairuak. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2011ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
«Ezabatu anekdota oro, arima aurkitu arte». 1959a da, eta Espainiako Pintura Sari Nagusia irabazi du Menchu Gal margolariak (Irun, 1919- Donostia, 2008). Lehen emakumea izan da halakorik eskuratzen, eta Arraioz herria (Nafarroa) ageri duen margolanarekin lortu du marka. Gehiago etorri ziren: Veneziako biurtekoan izan zen hirutan, Manuel Lekuona saria jaso zuen, Urrezko Domina eman zion Gipuzkoako Diputazioak... Baina jarraitu egin zuen bilaketa artistikoak, ezinbestean. Umetatik zetorkion: «Niretzat, pintatzea ez zen lan egitea; pintatzea... bizitza zen, bizitzeko modu bat». Hala bizi izan zuen artea azken urteetara arte, eta hala bilakatu zen XX. mendeko bigarren erdiko euskal margolaririk behinenetariko bat. Inoizko atzera begirakorik handiena ireki dute orain Iruñean, Ziudadelako Mistoen aretoan; Manchu Gal, kolorearen alaitasuna izenekoa, 85 lanekin. Ekainaren 5ean kenduko dute.

«Arnasten zuen bezala pintatzen zuen», berretsi du Edorta Kortadi arte historialariak. «Baina harena ez da ikusten duenaren transkripzio hutsa. Sintetikoa da haren lana. Paisaiaren aurrean jartzen zen pare bat orduz, eta bere begiek eta sentimenek hor zegoen espiritua jasotzean hasten zen margotzen. Paisaia edo pertsonaien arima harrapatzen zuen». Galen lanaren zale eta haren lagun, Kortadi izan da Iruñeko erakusketa antolatu dutenetariko bat. Menchu Gal fundazioko kideetariko bat ere bada.

Orain urtebete sortu zuten elkartea, artistaren senide eta zenbait arte adituk. «Publiko orokorrari helarazi nahi diogu Galen lana», dio Kortadik. Ahanzturara heldu aurretik, haren pisuari eustea dute xede. «Irunen dagoen Menchu Gal museoarekin batera, fundazioa da egun Galen obrarik gehien duen erakundea. 40 bat koadro daude Irunen, eta 400 bat baditu fundazioak. Madrilgo Reina Sofian, Bilboko Arte Eder museoan eta munduko hamaika txokotan dira haren lanak, baina bi hauek dira orain Galen motor nagusiak. Sendiak eta zaleek haien memoriari eutsi ezean, estalita gelditzen dira artistak, eta pena izango litzateke Gali ere hori pasatzea, azken urteetan bizirik dagoela ikusi dugulako batez ere».

Fundazioaren funts horiek dira Iruñeko erakusketaren oinarri nagusia, baita hemendik aurrera egingo dituztenenak ere. Tolosa (Gipuzkoa) eta Malagara (Espainia) eramango dituzte Galen lanak aurten, eta Donostiako Kubo aretora, New Yorkera eta Parisera ere eraman nahi dituzte gero. Galen lanen katalogazioarena da beste lan ildoa, eta udan aurkeztuko dute, segur aski, Maia Agirianok eta Carmen Monrealek egindako lana. Ikerketak bultzatuko dituzte, bestalde.

Kolorea eta ausardia

«Bizitza osoan kolorea izan da Galen adierazpenerako tresna nagusia», dio Francisco Zubiaur Iruñeko erakusketaren komisarioak. «Ausarta zen». Eta Galen ibilbide osoa biltzen du Ziudadelako bildumak.Hiru sailetan banatu ditu lanak. Gaika, nagusiki; baita garaika ere. Natura hilak eta paisaiak daude lehen solairuan; Bidasoakoak, Gaztelakoak, Baztangoak. Eta paisaiak eta erretratuak bigarrenean. 40ko hamarkadako lehen lanetatik, «garai beltza» deitzen dutenetik hasi, Matissen aurkikuntza eta kolore biziagoetara pasa, eta artistaren azken urteetako lanetara heldu arte. «Haren bizitzari loturik dago Galen margotzeko era», dio Zubiaurrek. «Bere garaiari loturik margotu zuen artista bat izan zen. Irunen jaio, eta Madrilera joan zen ikastera. 36ko gerran, beldurra zela eta, Frantziara jo zuen, Parisera joan zen gero... Kubismoa, fauvismoa, Bidasoako eskola... denen oihartzunak daude haren lanetan, eta, halere, nabarmena da haren estiloa beti».

60ko hamarkadan heldu zen arrakasta. Kolore biziak, indartsuak, baina kaosik gabe. Ordena da nagusi sakonean. Diseinua dago oinarrian, eta haren gainean pasioa, bulkada. Bizitza. Eder deskribatu zuen Jose Hierro arte adituak 1969an Galen bikoiztasun hori: «Cezanne bat bezalakoa da, baina margolari kartsu eta basatiago batek margotua». Hala azaltzen zuen bere sortze prozesua Galek: «Gaia bilatzen aritzen naiz, harik eta harrapatuta sentitzen naizen arte, eta, orduan, zuhurtasunik gabe eskaintzen dut neure burua».

70eko hamarkadaren ondoren, argitasuna bilakatu zen Galen margolanen ezaugarri agerikoena, Zubiaurren ustez. Paisaiak nagusi, berriz ere; koloreak. Figurazioari fidel, baina abstrakzioa laztanduz zenbaitetan. Mahats biltzea 1980an margotutako lana da horren froga. Nahasian doaz mendi, landare eta gizaki. Eta itsasoari buruzko margolanetan ere, pareko. Zubiaurrek: «Akzidenterik ez, funtsezkoa baino ez; harea, itsasoa eta zerua». Gisakoak dira Galen hitzak ere: «Errealitatetik abiatzen naiz, baina itxuraldatu egiten dut nire espirituarekin bat egiten duen arte». Barne paisaiak.

Erakusketaren katalogoa argitaratu dute, eta hitzaldiak ere izango dira Iruñeko Konestablearen jauregian, hilaren 11, 12 eta ekainaren 1ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.