Barne kezkei galdera marka

Donostia Kultura saria irabazita, 'Hotza bazkatzen' olerki liburua argitaratu du Izaskun Igoak

Izaskun Igoa Jaimerena idazlea, Hotza bazkatzen bere olerki liburu berria esku artean duela. GORKA RUBIO / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2022ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
«Zenbat denbora behar du bizitza batek bizitzeko?». Hamar kapitulutan antolatu du Hotza bazkatzen poema liburua Izaskun Igoa Jaimerenak (Ziga, Nafarroa, 1995), eta galdera bana jarri dio izenburutzat bakoitzari. «Zenbat aire kabitzen da zulo batean?». Hamar eguneko konfinamendu batean otu zitzaizkion galderak jaurti ditu airera, eta horiei erantzun bat bilatzen saiatu da olerki bakoitzean. Donostia Kultura saria irabazi zuen lanak, eta Balea Zuria argitaletxearekin kaleratu du orain.

Juan Ramon Makuso editoreak egin du argazkia: «Badago ni bat Izaskunen [Igoaren] olerki hauetan, kontzientzia biluzi baten ezinegon bat adierazten duena». Bere burua biluztu du, nolabait, Igoak, eta agerian jarri. Izan ere, bere esperientzian oinarritutako olerkiak sortu dituela azaldu du.

Makusoren hitzetan, hizkuntza aldetik «arina» da Igoak liburuan darabilen hiztegia. «Liburuak ez dauka irakurtzeko zailtasun handirik. Erantzun argiak agertzen dira». Beraz, azaldu du hizkuntzak ez duela irakurlea korapilatuko; bai, ordea, poesiak berak. «Galdera-erantzunak dira irakurlea katramilatuko dutenak, irakurleari berari ere, irakurri ahala, otuko zaizkiolako galdera horien erantzun posible batzuk».

Hausnarketak dira erantzunak baino gehiago, egileak esan duenez, ez dakielako galdera horien erantzuna zein den, «edo erantzunik duten ere». Azaldu duenez, kezka ugari sortu dizkio jende askori koronabirusari aurre egiteko ezarritako hamar eguneko itxialdiak, eta berak ere testuinguru horretan ondu zituen poemak.

Haren hitzek, ordea, ez dute itxialdirik aipatzen; denbora, airea eta pertsona baten barneko ni-ak hartu baititu hizpide. «Bi denbora mota daude, eta horiek islatu nahi nituen. Bata da guk denbora bizitzeko dugun manera, mundu azeleratu eta modernoan bizi duguna, eta bestetik dago naturarena». Bizi erritmo hori auzitan jarri nahi izan du, irakurleari hausnarketarako bide eginez. «Denbora denboraren barnean bizi dugu gaur egun, askotan saiatzen baikara egun baten barnean egun anitz bizitzen». Eta horixe da, hain zuzen, bere galderen artera eraman dituen elementuetako bat.

Airea da poemetan ageri diren beste elementuetako bat. Hari buruzkoa da, esaterako, Sentimendu itsu poema. «Airea hainbat modutan / zikintzen dugu, / baina, hitzez ere, / uste baino gehiago / kutsatzen dugu. / Inork haiek arnastuko ez balitu bezala». Eta aireak gorputz batean izan dezakeen eraginaz aritu da azalpenetan. «Aireak baditu bi mutur: batetik, librea edo mugagabea da; baina, bestetik, muga bat ere izan daiteke, antsietatea sortzeraino».

'Zu' bakarrean, 'zu' asko

«Zenbat zu kabitu daitezke zure gorputzean une berean?». Galdera horren erantzunen bila ere aritu da egilea kapituluetako batean. Haren ustez, pertsona askorekin hitz egin daitekeelako aldi berean gaur egun: telefonoz, Whatsapp bidez... «Eta zu desberdin asko sartzen dira hor», azaldu du.

«Nahasmen» horiek guztiak auzitan jarri, eta zentzu bat eman die idazleak. Galdera gisa jarri dizkio mahai gainean irakurleari, neurri txiki zein luzeko olerkietan. «Nik gorputz honetan sentitu ditudan kezkak planteatu ditut, irakurleak bere gorputzetik ere erantzun diezaien».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.