Barne kezkak hitz neurtuetan

'Sorgin-argien ehizan' olerki liburua argitaratu berri du Joan Mari Irigoienek. Sozialki kezkatzen duten gaien inguruko aldarriak egiten ditu egileak liburuan. 'Babilonia' eleberria berrargitaratu dute

Ezker-eskuin, Irati Jimenez, Joan Mari Irigoien eta Xabier Mendiguren. JON URBE / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Andoain
2022ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Mancha blanca, Nazaret, Macher, La Graciosa, Tinajo... Kanaria uharteetako txokoak dira. Horien izenak erabili ditu Joan Mari Irigoien idazleak (Altza, Donostia, 1948) Elkar argitaletxearekin argitaratu berri duen Sorgin-argien ehizan olerki liburuan. Hain zuzen, horrela izendatu ditu poemak, nahiz eta mamia ez den bazter horietan horrenbeste murgiltzen. Bere sakoneko kezkak azaltzen ditu egileak liburuan. Gainera, idazlearen Babilonia nobela berrargitaratu berri dute «orduko edertasuna mantenduz», eta Irati Jimenez idazleak egin dio hitzaurrea liburuari.

Martin Ugalde Kultur Parkean egin zen atzo aurkezpen ekitaldia, eta «historiko» gisa definitu du Xabier Mendigurenek, Elkar argitaletxeko editoreak. Haren hitzetan, «gutxitan izaten da Joan Marirekin aurrez aurre egoteko aukera». Izan ere, Mendigurenek azaldu du «osasun arazoak tarteko» Irigoienek aspaldi erabaki zuela ekitaldi publikoetan ez hitz egitea. Eta, horregatik, Jimenez eta Mendiguren izan dira haren «mihia».

«Garrasi, oihu eta aldarriak biltzen ditu lehen parteak»: hala definitu du Mendigurenek. «Poema sozialak» dira egileak lehenengo atalean jasotzen dituenak: gerraren eta inperialismoaren arbuioa, injustizien salaketa eta handikien kontrako aldarria. Bigarren atala «otoitzak, esker onak eta espiritualitatezko adierazpenek» ezaugarritzen dutela azaldu du. Eta hirugarren atalak ere aurrekoaren bide beretik darama irakurlea. Azken atalak, ordea, Leiren (Nafarroa) kontaturiko bizipenak kontatzen ditu.

Hain zuzen, olerki liburutik bi poema nabarmendu ditu: alde batetik, lehen ataleko Mancha blanca olerkia, eta, bestetik, bigarren ataleko La Santa.

Egileak Tenerifen egindako bidaia bat izan du inspirazio iturri; liburu denda bateko postal bat, hain zuzen. Timanfayako lurrak ageri ziren postal hartan, eta txundituta utzi zuen irudi hark Irigoien, erabat: «Sorgin-argi batek guztia hartua balu bezala».

Egileak hitzaurrean dio Timanfayako lurrei hitzeman ziela bisitan joango zitzaiela noizbait: «Besarkatu ere estu-estu besarkatuko nituela agindu nien!». Baita egin ere. Duela hamabi bat urte joan zen lehenengoz, eta gaixotasun degeneratibo bat diagnostikatu zioten orduan: «Ederki gozatu nuen; handik urte pare batera, berriro joan nintzen, gurpil aulki bat lagun, hori bai». Beraz, idazleak berak hitzaurrean dioenez, «Lanzaroteko lur ezin ederragoez gozatzea» da olerki liburuaren lehen asmoa.

'Babilonia', ateaz bestalde

Irigoienen poema liburu berria kaleratzearekin batera, haren Babilonia liburua ere berrargitaratu du Elkarrek. «Argitaratu zenetik hiru hamarkada baino gehiago joan diren arren, bere edertasun guztiaren jabe izaten jarraitzen du, zorionez, Joan Mari Irigoienen hirugarren eleberriak»: hala mintzo da Babilonia liburuaz Irati Jimenez idazlea. Izan ere, harena da berrargitalpenaren hitzaurrea.

Mendigurenek azaldu du aditua zuela lehendik ere «barru-barruraino» iritsi izan zaizkiola Irigoienen liburuak Jimenezi, eta haren izaera miresten duela, gainera. Horregatik pentsatu zuten «ezin egokiagoa» litzatekeela hitzaurrea Jimenezek berak egitea, «edizio berria jantziago egite aldera».

Iragan mitiko bati buruzko nobela moderno eta sailkaezintzat du Jimenezek Babilonia. Mendebaldeko eta Ekialdeko tradizio literarioak jasotzen ditu liburuak, eta, Jimenezen hitzetan, «narratibotasunaren alde idatzita dago, irakurtzearen plazera gogoan hartuta eta literaturaren botereetan sinesten duen idazlearen anbizio zabalarekin». Gehitu du dinamismoa dariola eleberriaren argumentuari, lirismoa estiloari, eta bikaintasuna emaitzari.

Garaialdetarren istorioa kontatzen du liburuak, «bere hondamendiari konponbiderik jarri ez dion familia batena». Bi anaiaren arteko gudu zelaiaren erdian Margari pertsonaia dago, «Mariren suzko emetasuna dakarren emakume magiko bat». Bi anaien lehia horren harira, giza harremanak gaiztotzen ditu gizonkeriak, eta, erremediorik ezean, «gizarte oso baten kondena sorrarazten du». Jimenezen ustez, litekeena da horixe izatea munduko historiarik zaharrena, «eta Irigoienek historia hori munduko zaharrena balitz bezala kontatzea da, hain zuzen, nobela honen meritu nagusia».

Jimenezen arabera, Euskal Herri aurreindustrializatu batekiko maitasunez eta harekiko bihozminez idatzita dago liburua, egilearen beraren umetako oroitzapenek eta haurtzaroko bizipenek gidatuta. «Bihotzak gidatuta baina buruak diktatuta».Egituraz «eleberri poliedrikoa» da: tragikoa izaeraz eta erromantikoa bokazioz.

Iragana eta etorkizuna nahasten ditu Irigoienek istorioan, eta pertsonaiak «modu inpresionistan, ezohiko sakontasun psikologikoarekin» irudikatzen dituela azaldu du Jimenezek. Gainera, irakurleak pertsonaiak desfilatzen ikusiko ditu Euskal Herri posible batean: «Modernitatearen aurreko denbora abstraktua sinbolizatzen duen fikziozko unibertso apasionante batean».

Babilonia-rekin batera, Jimenezek gogora ekarri ditu beste zenbait eleberri ere, 70eko hamarkada inguruan euskal literaturari ekarpen handia egin ziotenak: Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako, Anjel Lertxundiren Hamaseigarrenean aidanez eta Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox. «Literatura modernoa egiteko egarria zuten, eta eskertuta egon beharko genuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.