Barne eta kanpo paisaiak

Euskal Herriko zein atzerriko, urbano zein naturaguneetako, lehengo zein oraingo argazkiak jarri dituzte ikusgai Zarautzen. Photomuseumek Kodak etxe mitikoaren iragarkien erakusketa batekin osatu du XXVII. Argazki Bilera.

Naturako mirariak erakusketako paisaia bat. CANO ERHARDT.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Zarautz
2019ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Aste Santuaren bueltan argazkizaleen prozesiorako gune bilakatzeko bokazioz jaio zen Zarauzko (Gipuzkoa) Argazki Bilera, Photimuseumen eskutik. XXVII.a antolatu dute aurten, eta, lau gunetan ardaztuta, hainbat generotako argazkiak ikusteko parada eman. Hasteko, argazki museoaren egoitzan bertan, Cano Erhardt Altzagaren (Bilbo, 1955) Naturako mirariak ikus daiteke; margolanen tankera hartzen duten tamaina handiko dozena bat argazki, paisaiak denak. Izotz urtuaren eta ur izoztuaren arteko muga-mugan; belar ernatu berriaren berde kolore bizia glaziarraren gristasunaren kontra distiratsu; ilargikoak diruditen lurrak, itsasoan hondoratzen; sumendiak eta arroila nabarrak; geiserrak... Islandiako edertasun basako natura, argazki kamerez izoztuta. Erakusketa aretoko pareta batean pilatzen den argazki txikiagoen sortak bisitariaren begirada bera izozten duen arte. Erabat aratz eta ukigabe azaldu dion paisaiaren atzealdea bistan utzi baitio Erhardtek, turistez inbadituta. Sakelako telefonoa edota kamera eskuan sumendi harriak argazkietarako mugitzen, izotz blokeetan idazten, txokorik bitxienetan klik egiten.

«Mugatutako mundua da gurea. Txoko guztietara iritsi gara; are, erraztasunez heltzen gara. Hala, oso urrutiko naturaren bila joaten gara saldoka, eta kontsumo objektu bihurtzen dugu. Ez dago espazio birjinarik jada, ezta norberarekin egoteko edo ezkutatzeko lekurik ere», idatzia du argazkilariak berak erakusketarako testuan. «Zatiketarako bere gaitasunagatik, argazkilaritzak paisaia aratz eta amaigabeak erakuts ditzake oraindik ere. Argazkien mintzairak errealitatea agindu eta fikzioa —gezurra ere bai— eskaintzeko gaitasuna dauka». Naturarekiko mira darie erakusketako argazkiei. Baita natura horren galeraren mina ere.

Galera

Galera da Zazpi Galerian ikusgai dagoen Oroituz erakusketaren ardatza ere: argazkilariaren beraren galera. 1939an Bilbon jaio eta iaz zendu zen Pedro Zarrabeitia Miñaurri omenaldia egin nahi izan diote Photomuseumekoek, izan ere. Kolorea, etnografia eta argazkien tratamenduarekiko —kimikoa, plastikoa zein digitala— interesa izan zen haren lanen zigilua. Horren adierazle dira Zarauzko erakusketako argazkiak: batetik, XX. mende erdialdeko Bilboren garapen arkitektonikoaren inguruko zuri-beltzeko irudiak daude, eraikin arrazionalista isolatuak; bestetik, arrantzale herrietan galzorian dauden txalupa eta baxurako ontzien kolore eta distira dantza.

Zarauzko Argazki Bilerak aitortza egin nahi izan dio Zarrabeitiari. Ez hari bakarrik, baina. Baita AFR Reusko (Katalunia) argazki elkarteari ere. «Erakunde eredugarria da. Lan izugarria egin du argazkilaritza zabaltzen». Argazkizale batzuek sortu zuten AFR, 1961ean, eta Reusko argazki ondarea berreskuratzea izan du helburua hastapenetatik. Hala, argazkilaritza artistikoaren, historikoaren eta etnografikoaren balio handiko aleak batzen joan da, Kataluniako argazkilari aitzindarienak barne. Pixkanaka pilatutako kultur ondarea gizarteratzeari lehentasuna eman izan dio AFRk, eta, ildo horretatik, gai bat hartu eta horren inguruko lanak plazaratzeari ekin zion urtero, 1981ean hasita.Urte hartan, 100 argazkiko erakusketa bat antolatu eta 6 irudiko kalitate handiko portfolio bat argitaratu zuen, Modernismoa Reusen gaiaren inguruan. Halako ugari prestatu zituzten ondorengo urteetan, ikerlari eta idazle handien testuak lagun.

Lanotako zenbait ale ikus daitezke Sanz Enea kultur etxeko lau aretotan. Lehenengoan, banakako zein taldekako argazki etnografikoak dira nagusi. XX. mende hastapenetako nekazari eta arrantzale jendearen erretratuekin, duela mende erdiko herri txikietako jendea, ardandegi, haur zein adindu, familia autoerretratu, ama-alaba ijito, festa giro...

Bigarren aretoan, eliz giroko irudiak agertzen dira: monasterioak, mota guztietako elizkizunak eta erritu erlijiosoak, meza mutilak, Aste Santuko prozesioetako heldu aurpegi-estalien artean galdutako neskatilak, moja irribarretsuak balkoietan...

Aldarrikapen politikoetara egiten du jauzi erakusketak hirugarren aretoan, gertakari historikoetara. 1908ko karlisten banderak, Kataluniako Errepublika 1931n aldarrikatu zuen Francesc Macia autoan, amnistiaren aldeko 1931ko manifestazioak, estelada-dun errepublikazaleen mobilizazioak, Franco diktadorea hil osteko giro politikoa —amnistiaren eta langile eskubideen alde, NATOren aurka— segizioan ageri dira.

Azkenik, argazki artistikoen eta sozialen txokoa dago. Argi jokoak, ezinezkoak diruditen laukiratzeak, eguneroko bizitzako irudiak, aldaketa sozialen testigantzak.

Kodaken kodea

Aurtengo Zarauzko Argazki Bileraren laugarren proposamena ez da, zehazki, argazkiena. Argazkilaritzan arrasto nabarmena utzi duen Eastman Kodak konpainiaren iragarkiek osatzen dute Torre Luzean ikus daitekeen bilduma.

1881ean sortu zuten Kodak, eta bertako nagusiek artean ohikoa ez zen garrantzi berezia eman zioten publizitateari. Paradoxikoa ere bada: bertan ikus daitezkeen mezuek eta irudiek Cano Erhardten Photomuseumeko erakusketako turista saldoaren iragarle dirudite, kontsumitzeko, bidaiatzeko eta paraje ezezagunak argazkietan izozteko gaitasuna mende bat lehenago goratuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.