Literatura

Barne bidaia baten bidaia «gordina», Asier Serranoren estiloan

‘Euri gorriaren azpian’ eleberria kaleratu du idazleak Erein argitaletxearekin. Jaioterrira itzultzen den emakume baten bidaia du ardatz, eta hilzorian dagoen gizonaren nahia betetzea du helburu. Irakurleak parte hartzea nahi izan du Serranok.

Asier Serrano idazlea 'Euri gorriaren azpian' eleberria eskuetan duela, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Asier Serrano idazlea, 'Euri gorriaren azpian' eleberria eskuetan duela, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Garazi Karrera
Donostia
2024ko urriaren 8a
16:30
Entzun

Galderak egin bai, baina ez erantzun. «Kontua ez da zergatik idazten dugun, baizik eta zertarako. Eta ez zertarako idatzi, baizik eta zertarako publikatu», adierazi du Asier Serranok (Eibar, Gipuzkoa, 1975), gaur Donostian egin duen liburu aurkezpenean Euri gorriaren azpian eleberria kaleratu du Serranok Erein argitaletxearekin. Liburua duela bost urte idazten hasi zen arren, idazlearen aburuz, une hau da argitaratzeko aproposena: «Kaxoian gordea egon da denbora luzez, baina azken urteetako gizartearen ez-aldaketek zentzua eman diote orain eleberriari». Nolanahi ere, idazten hastera zerk bultzatu zuen jakin nahi izan du egileak. Hortaz, liburu horrek orduko behar bat «betetzen» du.

Idazleak, besteak beste, sormenaren auzia planteatzen du, ea zergatik heldu behar dioten sortzaileek sormen horri, «etengabeko gaupasa intelektual horiei». Kontu horri protagonistaren lanbidearen aitzakian heltzen dio: idazlea baita, hain zuzen. Protagonista bere jaioterrira itzuli da, 25 urteren ondoren. Ordutik, zazpi urteko diktadura eta hemezortzi urteko ustezko demokrazia bizi izan dute bertan, hurrenez hurren. Protagonista hirira itzuliko da, bertatik ihes egin baino lehen ezagutu zuen gizonaren nahia betetzera; izan ere, hilzorian dago. «Eleberria irakurriz joan ahala jakingo du irakurleak zer den eginbehar hori, eta nola borobiltzen duen Asier Serranok istorioa», gaineratu du Uxue Razkin Ereineko editoreak.

«Kontua ez da zergatik idazten dugun, baizik eta zertarako. Eta ez zertarako idatzi, baizik eta zertarako publikatu»

ASIER SERRANO Idazlea

Sinboloz jositako liburua dela azpimarratu du Serranok, lehen orritik hasita: «Liburuan agertzen dira gizarteak baztertutako pertsonaia batzuk, eta horiek gizarteak inposatutako lege eta arauei aurre egiten diete, sormenetik». Pertsonaien inguruan, «zirkutik» ateratakoak eta «jolas handia» ematen dutenak direla azaldu du; «eroak, baina aldi berean kalean aurki daitezkeenak». Hezur-haragizko eta izerdizko pertsonaiak paperean bere lekua izatea gustatzen zaiola aitortu du idazleak, eta horiek ere eleberrian agertzen direla adierazi. Horrenbestez, idazleak «berreskuratu» egin ditu desertorearen figura, soldaduak, kanoiak, eskopetak, fusilak eta «odol krudela sorrarazten» duten irudi falikoak, besteak beste. «Nire betiko pertsonaiak agertzen dira hemen ere, ez baitakit beste modu batean idazten. Esaldiak eta paragrafoak ere ohiko moduan formulatuta daude».

Serranoren literatura «surrealistatzat» jotzen dela azaldu du idazleak berak, eta ametsetatik zein errealitatetik «abiatzen» dela azaldu: «Nire eginbeharra bizi dugun gizartea eskura ekartzea da, hausnarketaren bidetik». Era berean, idazleak «oso garbi» du ez duela liburu «itxi» bat egingo. «Niretzat sinbolo batek duen esanahia beste batentzat guztiz ezberdina izan dezake». Eta istorioaren hasiera jarri du adibidetzat: «Bortxaketa batekin hasten da nobela. Eta hor irakurlearen interakzioa bilatzen dut: zer da bortxaketa bat? Zer da obsesioa? Edo memoriaren bilaketa? Galdera horiek daude liburuan, eta horiek irakurleak bere buruari egin beharrekoak dira».

Idazkera estiloa

Editorearen hitzetan, protagonistak abandonatu zuen sustraietara egindako barne bidaia kontatzen du eleberriak. «Emakume protagonistaren barne bidaia bat, bidaia baten barruan». Serranok azaldu duenez, eleberriko protagonistak bisitatzen duen leku bakoitzean —izan hiriko kalean, auzoan, museoan edo katedralean— topatuko du bere «esentzia, inspirazioa eta idazteko nahia». Halaber, istorioa «bortitza, krudela eta lohitsua» dela gaineratu du Razkinek, eta irakurlea «lehen kolpetik» ohartuko dela.

«Zer da bortxaketa bat? Zer da obsesioa? Edo memoriaren bilaketa? Galdera horiek daude liburuan, eta horiek irakurleak bere buruari egin beharrekoak dira»

ASIER SERRANOIdazlea

Horrez gain, Serranoren estiloa nabarmendu nahi izan du editoreak: «Istorioaren gogortasuna, Serranok lortzen duen poetikotasunari esker, irakurketa hipnotikoa bihurtzen da». Estiloarekin jarraikiz, arrisku batez ohartarazi du Razkinek. Izan ere, zenbaitetan, poetikotasunari erreparatzean, istorioa kontatzeari «uzten» zaio. Baina, «kasu honetan, ez da hori gertatu, eta oreka hori mantentzen da». «Irakurtzen ari garena latza da, baina, aldi berean, sinbolismoz betea dago: irudi metaforiko asko erabiltzen ditu».

Irakurlearen parte hartzea

Razkinek narratzaile orojakilearen eta irakurlearen artean sortzen den jokoa azpimarratu du: «Narratzaileak une jakin batzuetan irakurleari hitz egiten dio, istorioan aurrera egin dezan». Serranok horixe bera berretsi du, hasieran irakurleari galdera bat planteatzen baitio, eta horrekin, jokoaren parte egiten du. «Nire ustean, jolasik ederrena irakurleak berak istorioaren narratzailea nor den asmatu beharko duela da. Horrek thriller ukitua ematen dio nobelari».

Zuzeneko edota zeharkako hausnarketak aurki daitezke eleberrian. Oharkabean izan dela onartu du, baina boterearen inguruan mintzo da Serrano bere lanean: «Oraindik ere galdetzen diot neure buruari zer ote den boterea. Norbere bizipenetatik ateratzen da, norbere irrintzitik, eta askotan mutututa daukagu». Orduan jabetu zen zergatik ari zen idazten. Eta «asetuta» geratu da.

«Eskertuta» azaldu da idazlea lanarekin, modu batera edo bestera bera ere «itzuli» egin delako. Bestalde, izenburuarekin ere «asmatu» duela sentitzen du: «Euri gorriaren azpian izena emanda lanari, nire nahia bete dudala sentitu dut, eta, nolabait, ixten duela zirkulua. Ez diot ezer zor literaturari; bete dut neure buruari egindako promes astuna».

Emakume baten azalean jarri da Serrano liburua idazteko orduan. Haren ustean, literatura hori «ere» bada, eta lan horrek ulertzen ez duen hori ulertzen lagundu dio. «Publikatu aurretik genero ikuspegia zuten horiei eskaini nahi nien liburua, eta banuen beldur puntu bat, ez bainekien ea ongi trabestitzea lortu nuen». Agian, irakurleak liburua amaitzean jakingo du zergatik argitaratu duen eleberria Serranok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.