Barne begiradari erreparatuz

Mila Modu rock taldeak hamar abesti berriz osatutako 'Intra' diskoa eman du argitara. Bigarren diskoa dute, eta estreinakoan baino soinu landuagoa lortu dutelakoan daude

Xabi Yaniz musikaria, Mila Modu taldeko kidea, Intra disko berria eskuan duela. JON URBE / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2022ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Mila Modu taldearen jarrera adierazten du bere disko berriaren izenburuak: Intra. «Normalean, beti kanpora begira egoten gara, gizartean ikusitako gauzak kontatzen ditugu. Kasu honetan, barnera begira egon gara. Gure ikuspuntuak, ikusmirak, irizpideak, jokamoldeak... zalantzan jartzen ditugu diskoan», azaldu du Xabier Yaniz taldeko abeslari eta gitarristak. Uste du askotan kanpoan bilatzen direla «errudunak eta arrazoiak», baina gehienetan ez dela halakorik izaten. «Gure ikusmira edo ikuspuntua, akaso, desafinatua dugu batzuetan». Horregatik, barnera begirako gogoetaz jositako hamar kantaz osatu dute Intra diskoa; Elkar etxearekin argitaratu dute.

Yaniz, Andoni Campos eta Oskar Arlanzon Hor Konpon taldeko kide ohiek eta Roberto Ferreiro Malenkonia taldeko abeslari ohiak osatzen dute Mila Modu taldea; Yanizek martxan jarritako proiektua da. 2019an estreinatu ziren Boza free izeneko abestiarekin, eta 2020an, Gaztea Maketa Lehiaketan finalista izan ondoren, Absurdoaren paradisua diskoa argitaratu zuten. Bigarren diskoa dute hau, beraz. Lanean gitarrak eta melodiak duten garrantzia azpimarratu dute, power pop estiloan kokatuta. Andres Kamio Jitu Elkarreko musika arduradunaren arabera, aurreko diskoa baino gehiago landu dute hau. «Soinu aldetik, uste dut afinatuago dagoela; taldeak argiago ikusi du zein den haien soinua».

Yanizek grabatzeko moduan jarri du arreta, eta azaldu hori izan daitekeela musikalki hobetzearen zioa. «Lehenengo diskoa justu konfinamenduaren ondoren grabatu genuen; ekainean hasi ginen. Grabatzeko era desberdina izan da». Intra azaroan kaleratzeko asmoa zuten hasieran, baina atzeratzea erabaki zuten. Yanizen esanetan, diskoko bost edo sei kantu konfinamendu garaian konposatuta daude, eta argitalpena atzeratzeak abagunea eman die diskoa gehiago lantzeko. «Ekainean hasi ginen bateria grabatzen, uztailean gitarra, abuztuan ahotsa...». Eta fase horietan pasatutako denbora guztia emaitzan igartzen dela uste du: «Gauzak horrela eginda, beste kolore bat hartzen du».

Okila, erreferentzia

Melodia zaintzea Hor Konponen eta Malenkoniaren ezaugarrietako bat izan zela dio musikariak, eta bide bera hartu dute oraingoan ere, errepiketan-eta «lan asko» eginez. «Nabarmendu daiteke gitarra asko dagoela, detaile asko, ahotsak...». Kolaborazioak ere ez dira falta lanean: Iñaki Olalde, Iñaki Goitia eta Arantzazu Ugarte izan dituzte bidaide.

Berezia da, bestalde, diskoaren azala; okil bat da protagonista. Zergatia azaldu du Yanizek: «Okilak berezitasun asko ditu, baina horietako bat da segundoko hogei kolpe ematen dituela enborra zulatzeko. Eta betiko galdera izan da zergatik ez den zoratzen edo gaixotzen. Denok mokora begira egoten gara, ea mokoak zerbait berezia duen, baina sekretua barruan dago». Haiek kanten bidez jorratzen dutena islatzeko ideia aproposa iruditu zitzaien.

Diskoa plazaratu aurretik, kontzertu akustiko batzuk egin zituen taldeak. «Nolabait esateko, pandemiako talde bat gara; bi disko atera ditugu justu pandemia garaian. Egoera horrek baldintzatu zigun kontzertuak egiteko era». Akustikora jo zuten, eta gustura aritu dira. Hori horrela, kontzertuak akustikoan egitea erabaki dute diskoa aurkezteko antolatutako biran. «Gero ja hasiko gara elektrikoekin, gure berezko formatuan».

Dagoeneko hasiak dira kontzertuak ematen, eta bihar izango dute hurrengoa, Bilboko Bira kulturgunean. Hilaren 25ean Donostian izango dira; 31n, Gasteizen; apirilaren 7an, Iruñean; eta 30ean, Tolosan (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.