Egilea eta aktorea: Chipi La Canalla. Zuzendaria: Ana Lopez Segovia. Musikariak: Javier Galiana de la Rosa, Bernardo Parrilla, David Leon. Argiztapen diseinua: Rafa Gomez. Soinu diseinua: Curro Ureba. Lekua: Donostiako Gazteszena. Eguna: Martxoak 18.‘El bar nuestro de cada día’
La Canalla taldearen bigarren diskoak El bar nuestro de cada día [Gure eguneroko taberna] du izena. Chipik, taldeko lider, konpositore eta abeslaria izateaz gain, aktore ona ere badela erakutsi digu Dferian aurkeztutako honetan. Egia esan, ez dakit nola deskribatu zuei ikusitakoa: kontzertu bat antzerkira ekarria? Antzerki musikala? Are gehiago, filosofia abestua? Abesti filosofikoen bilduma? Ideia bat izan dezazuen, Alberto San Juanen Macho grita izan liteke geografia hauetan berriki ezagutu dugun formula honen erreferente gertukoena. Kontua da askoz ere hobea dugula hau, antzerki aldetik askoz ere jantziagoa dela El bar nuestro de cada día. Zalantzarik gabe.
Espazio eszenikoak taberna eta aldi berean eliza bat irudikatzen du. Musikariak alde batean, eta ostatuko barra taularen erdian, zeinak aldarea ematen duen. Botila-irekitzekoak, kirtenak irekita dituela, Jesu Kristoren figura ekartzen du gogora. Kandela batzuk piztuta daude, eta aurreko aldean hilkutxa bat, gorri distiratsu batekoa. Tabernaria (Chipi) eta musikariak latin mordoiloz eta sasigregoriar airez abesten oholtzaratuko dira: Bare nostrummmmm…
Kandela gorriek dir-dir egiten dute iluntasun beltzean. Tabernariak azaltzen digu Malandro bezeroa hil dela eta azken agurra antolatu diotela. Une horretatik hasiko da Chipiren bakarrizketa. Bertan txirikordatuko dira zenduari buruzko pasadizoak. Eta hildako hori, ikusten ez duguna, guztiz hurbil eta haragizkoa bihurtzen dute kontatutakoek. Malandro desagertzear dagoen jende mota baten ikurra zela jakin dugu. Tabernetako filosofia estoikoaren irakasle naturala, mundu zoro honetan logika ezeztaezin baten jabea, ongi bizitzeko sekretu guztien ugazaba, Cadizeko jakinduria herrikoiaren epitomea, Seneca bat, kaleko senak sortutako anarkista.
La Canalla taldeak asko daki antzerkiari buruz. Tempo aldaketak oso ondo neurtuta daude, espazio zein tonu aldaketak maisuki bete dituzte. Musikariek izugarri ondo jotzen dituzte genero guztietako melodiak.
Ezin dizuet azaldu zenbat burutazio trufari, zenbat ateraldi isekari, zenbat sesto jostalarik osatzen zuten Malandroren bizi-filosofia. Eta hori guztia serioski azalduta, ahots apalean, sotilki, zuhurki barre erraza xerkatu gabe.
Ikusleak oso pozik irten gara kalera modu sutsuan txalotu ondoren. Cadizeko tabancorik ezean, auzoko ohiko taberna batean sartuko gara. Bizitza luze zendutakoari!