'Ura ez baita beti GARDENA'
Lehendabiziko nobela argitaratu du Xabi Lasa nafarrak Irun Hiria sariaren bidez. Liburu mardula da, anbiziotsua, zeinetan trama korapilatsuak eta pertsonaia-sare zabalak eusten dioten hirurehun orri pasatxoko istorioari. Nobela beltzaren lurraldeetan barneratu da idazlea, eta thriller odoltsua argitaratu du, dirudienaren eta ezkutatzen denaren, usteen eta ustelen arteko terreno labainkorretan sartuta.
Nafarroako Erriberan, Bardeako atarian kokatutako Lurribar herrira garamatza istorioak. Karduaga urmaela eta haren inguruko xextrak dira abiapuntua, ura elkarren artean banatzeko arazoak baitituzte landa zabalak lantzen dituzten nekazariek eta herritarren beharrak ase nahi dituen udalak. Liskarrak konpontzera joaten da hara Sara Zaldaiz ingeniaria, Nafarroako Gobernuko ordezkari gisa. Alabaina, laster ohartzen da iskanbila haren atzean badirela kontu ilunagoak ere: putzuaren edukierari buruzko datu faltsuak, enpresarien arteko bilera sekretuak, horniketa-sare zaharrari buruzko planorik eza, adierazpen kontraesankorrak... Gutxinaka, gobernua nahasteko trikimailuetan sartuta ikusiko du bere burua, eta gero eta gehiago ugertzen hasiko da auzia, desagerpenak, hilketak eta hilketa saiakerak tarteko.
Thrillerari dagozkion tentsioa, iluntasuna eta gertakari biolentoak txertatzen ditu Lasak, istorioaren muinean dagoen katramila administratibo eta politikoarekin. Idazleak gupidarik gabe eta xehetasunez deskribatzen ditu eszena ankerrak, ekintzen basakeria eta triskatutako gorputzek sortzen duten higuina albo batean utzi gabe. Hala, suspenseaz gain, izua ere sorrarazten du zenbait momentutan, argitu gabeko krimenen laborria airean utziz. Usaindu bai, baina ongi korapilatutako istorio-lerroek ez dute azken argazki garbi bat ikusten uzten, bertsio ofizialez harago. Happy end-ik ez, beraz.
Pertsonaiei dagokienez, baditu zenbait argi-ilun nobelak, tramari laguntzen ez diotenak. Esaterako, ugaritasunak istorioari konplexutasuna ematen dion arren, hasieran garrantzi handikotzat aurkezten diren zenbait pertsonaia istoriotik kanpo geratzen dira ondoren, edota informazio zehatz bat txertatzeko erabiltzen dira soilik (Mark, Anje), honenbestez, zalantzan geratzen da ea nobelarako zinez beharrezkoak diren. Sarak berak ere, hasieratik protagonista modura agertu arren, auzia Poliziaren esku geratzearen ondorioz, gero eta presentzia txikiagoa du istorioan. Istripuaz geroztik, beraz, lausotu egiten da haren figura.
Era berean, topikoen gainean eraikita daude pertsonaietako asko: Erriberako biztanle kontserbadoreak, enpresari mafiosoak, polizia onberak, politikan sinesten duten langile idealistak eta botereari eustea besterik nahi ez duten politikariak... Aurreikusgarri gertatzen dira, hortaz, mugimendu eta elkarrizketa ugari; areago, idazkeran azalpenerako joera nabarmena dagoela aintzat hartuz gero.