Barandiaranen bideari segika

Jose Migel Barandiaran katedra sortu du EHUk, beste lau erakunderekin elkarlanean. Antropologo eta etnografoaren ekarpenean sakontzea eta euskal kulturaren transmisioa bultzatzea izango du xede

Jose Antonio Mugika zuzendaria hizketan, katedraren sorreran parte hartu duten erakundeetako ordezkarien aldamenean, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2023ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
«Hark jaso izan ez balitu, hainbat eta hainbat mito, kondaira, esaera zahar eta ipuin ezagutu gabe galduko ziren. Horregatik diot On Jose Migelek gauza ugari lapurtu zizkiola heriotzari, eta hori da gizaki batek eskuratu dezakeen lorpenik ederrenetakoa». Jose Migel Barandiaranekin urte luzez lan egin zuen batenak dira hitzok, Jesus Altunarenak. Eta ezin hobeto laburbiltzen dute Barandiaranen figura eta obra, Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen ustez. Antropologo, etnografo eta arkeologoaren izena daraman katedra sortu berri du EHUk, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Ataungo Udalarekin, Eusko Ikaskuntzarekin eta Jose Migel Barandiaran fundazioarekin elkarlanean. «Katedra hau sortuta, gure unibertsitateak akademiko honekin duen zor historikoa kitatu nahi du», adierazi zuen Ferreirak, atzo, katedra aurkezteko EHUren Donostiako campusean eginiko ekitaldian. Bost erakundeetako ordezkariak eta ikerlariak bildu ziren aurkezpenean, besteak beste, eta nabarmendu zuten ikerketa eta gogoeta ezinbesteko tresnak direla gaur egungo eta etorkizuneko erronkei heltzeko.

Erronkari «gogoz eta arduraz» heldu diotela esan, eta Barandiaranen ekarpen «mardula» gogora ekarri zuen, lehenik, katedraren zuzendari Jose Antonio Mugikak. «Haren jardunbidea oso luzea izan zen, oparoa, zabala ikerketa gaietan —arkeologia, etnografia, mitologia...—; eredu izan zen gure aurretik jardun zuten askorentzat eta guretzat».

Ekarpen hori bere garaian kokatzeko, azaldu zuen hura jaio zenekoa aldaketa handiko aldia izan zela. «Barandiaranek, gure ustez, hirietan eta kaletarren artean gutxietsia zegoen ohiko baserri giroan gertatzen ari ziren aldaketen berri eman nahi izan zuen, desagertzen ari zen mundu hori ikertuz, dokumentatuz eta ezagutaraziz». Horretarako egokitu zuen galdetegiarekin baserriz baserri ibili zela ere gogorarazi zuen, hangoekin hitz eginez eta eguneroko bizimoduko gai askori buruzko ahozko informazioa bilduz, baita galtzear ziren tradizio, mito eta ohiturak eta hizkuntza bera jasoz. «Gure mendiak gizatiartu egin zituen, gure iraganeko aztarna arkeologikoak eta inguru bakoitzeko elezahar eta mitoetako protagonistak txertatuz. Unibertso berri bat zen kaletarrontzat». Arkeologiaren esparruan «Euskal Herriaren iragana hurbiltzeko» egin zuen lan eskerga ere goraipatu zuen, eta gaineratu beste ikerlari batzuek lan horri jarraipena eman diotela gerora.

Mugikak ohartarazi zuen ordutik garaiak aldatu arren erronka zahar batzuek hor dirautela, eta berriak ere sortu direla. Eta horiei erantzuteko ikerketak duen garrantziaz mintzatu zen. «Euskal Herriak, beste edozein herrik bezala, ikerketa eta ikerlari erreferente eta propioak behar ditu».

Katedraren xede nagusiak ere zehaztu zituen. «Barandiaran, urteetan askorentzat ikertzaile eredua izan den hori, ahanzturan ez erortzea» izango da helburuetako bat. Bigarrena, «parametro zientifikoetatik abiatuz euskal kulturari eta identitateari buruzko gogoetarako eta transmisiorako esparru berriak arakatzea eta horien azterketa sustatzea».

Hala, katedrak hainbat ikerketa lerro bultzatuko dituela azaldu zuen. Horien artean, besteak beste, Barandiaranen obraren eraginak, euskal ondarearen eta kulturaren ezaugarriak, eta euskal kultur proiektuetan gizartearen parte hartzea aztertzeari begirakoak aipatu zituen. Halaber, azterlanak ezagutarazteaz ere mintzatu zen, baita ikerketa lerro horien inguruko gradu amaierako lanak eta master amaierako lanak sustatzeaz ere. Eta iragarri zuen EHUren Udako Ikastaroetan Barandiaranen ikerketa lerroekin zerikusia duten hitzaldiak izango direla aurtengo irailean, Ataunen (Gipuzkoa); baita bi irteera ere: Aralarrera eta haren museora.

Helburu horiek gauzatzeko, elkarlanaren beharra aldarrikatu zuen katedraren zuzendariak, eta bide beretik jo zuten haren sorreran parte hartu duten erakundeetako ordezkariek ere. Martin Aramendi Ataungo alkatea, Sebastian Zurutuza Gipuzkoako Foru Aldundiko Kudeaketa Estrategiaren zuzendaria, Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakaria eta Ixone Fernandez de Labastida Barandiaran fundazioko lehendakaria mintzatu ziren ekitaldian.

Bide urratzailearen fruituak

Nork bere arlotik Barandiaranen bideari jarraitu dioten bi ikerlari ere mintzatu ziren. Haren ekarpena goraipatu zuen Josu Ozaita antropologoak, eta zientzia horrek egungo gizartearentzat duen balioa aldarrikatu. «Antropologia garai bateko kontuekin lotzen da askotan, lehengo bizimoduekin, galtzear dagoen hori berreskuratzearekin, baina asko aldatu da Barandiaranen garaitik, eta eraginak ditu gizartean».

Miren Aierdi arkeologoa, berriz, Barandiaranek leizeetan eginiko indusketez aritu zen, arreta palinologian jarrita, eta gogorarazi zuen 70eko urteetan jada diziplina horren garrantziaz hitz egin zuela ikertzaile aitzindariak. Orduan, baina, ez zegoen espezialistarik; orain, aldiz, bai. «Argi esan dezakegu Barandiaranek ereindako haziaren fruituak jasotzen ari garela oraindik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.