begona del teso
Eppur si muove

Banpiroen aurkako diskriminazioa generodun hizkuntzetan

2024ko ekainaren 14a
05:00
Entzun

Vampire humaniste cherche suicidaire consentant Kanadako pelikulak erabat garaitu izan zuen iaz munduko zinemaldietan. Venezian lau sari bereganatu ondoren, Països Catalanseko Sitgesen, Greziako Thesalonikin, AEBetako Clevelanden edo Brasilgo Sao Paulon gainditu zituen lehiakide guztiak.

Gertatu ohi den bezala, Ariane Louis-Seizeren Humanist Vampire Seeking Consenting Suicidal Person horrek ez zuen lortu eta ez du lortuko areto komertzialetan estreinatua izatea. Ez da harritzekoa pentsatzen badugu Bad Boys Ride or Die-k (ez da batere txarra, zinez) Gipuzkoako zazpi pantaila okupatzen dituela. Horrelakoxeak dira merkatuaren legea eta programatzaileen pentsamoldea.

Ekonomia zirkularraren aldekoak izanik ere, ez gara, inoiz ez, zeluloide azokaren nondik norakoa aldrebesteko gauza izango eta inoiz ez dugu zine saloietako arduradunen mentalitatea aldatuko ere. Alta, aste honetan, zeinetan alegrantzia osoz ospatzen dugun Miarritzeko Le Royal aretoa berriz ireki izana, zaharberritze lanen ostean, eta alegrantzia handiagoz igandean programaturiko pelikula: motorren, surfaren eta skatearne Wheels & Waves jaialdiarekin bat egiten duen The Biker Riders, alegia. Donostiako Kresala zineklub txit gorenak eskaini izan die, atrebentzia handiz, bere bazkide eta lagun fidel oso horiei Baiezkoa emango duen suizida bilatzen duen banpiro humanista.

Informazioaren bila nenbilela, Hagako Epaitegi Nazioartekoan salatzeko moduko diskriminazio batekin egin dut estropezu. Latinoamerikara ere iritsi dena, euskara bezalako generorik gabeko hizkuntzetan ulertzeko zaila den destaina modu bat, gaur egungo gizaki askoren mentalitate atzokoa agerian uzten duen iraina.

Penaz, baina egiari zor, zera aitortu behar, planeta gurean inor gutxik du berri handirik beldurrezko zinemarekin leial-leial jokatu arren, izuzko zinema horren markak eta mugak mila zatitan hausten dituen zinema puska maleziatsu-filosofiko kanadar horretaz. Zinemaldiez aparte, ez du ibilbide oparoa izan(go) karteldegietan. Izan ere,  galaxian sakabanaturiko bere adoratzaile sutsu-sorta eroso asko kabituko ginateke Donostiako Belodromoan edo Barakaldoko BECen…

«Errealitate zikinak kristoren zaplaztekoa ematen dizu. Uste zenuen zuk, ai inozo alaena, munduak bazekiela. Bazekiela emazteok aspaldi zahar-zahar-zahar batean egin dugula beldurrezko zinema gure».

Goi-mailako gutxiengo baten kide izate horrek ez du, baina, esan nahi, diskriminatua izan behar duzunik. Alderantziz, zure kontra egindako mespretxua handitu egiten du. Eta halatsu gaizkileak merezitako zigorra ere.

Euskaraz eta ingelesez ezinezkoa izango litzateke Ariane Louis-Seizeren lanak sufritutako despita. Ez baitute mintzo biek generorik ez izenetan ez izenondoetan (hiztun makina baten buruetan bai ordea, eta oso markatua). Frantsesez ere ezinezko samarra litzateke bortizkeria, hizkuntza horretan artikulu hau eragin duen hitzak bukaera bera baitu maskulinoan zein femeninoan: Vampire! Banpiroa!

Utzikeriaz sortutako espainolez hitz egindako trailerretan, berriz, nagikeriaz idatzitako boteprontoko sasi erreportajeetan aldiz, pelikula ikusi gabeko You Tubeko komentarioetan, ordea, denek eman dute egintzat eta segurutzat izenburuko banpiroa gizonezkoa zela. Pelikula ikusi barik gauzaturiko kritiketan jakintzat jo dute egileek, inor hil nahi ez duenez,  bere burua elikatzeko bere buruaz beste egin dutenak bilatzen dituen kreatura hilezin hori arra dela. Eta horren lasai, hain gustura geratu dira macho man horiek.

Haien neurona bakarrak ezin baitu ezta irudikatu ere gizaki hilkorrenganako errespetu osoa duen banpiro humanista emea izan daitekeenik. Derrepentean errealitate zikinak kristoren zaplaztekoa ematen dizu. Uste zenuen zuk, ai inozo alaena, munduak bazekiela. Bazekiela emazteok aspaldi zahar-zahar-zahar batean egin dugula beldurrezko zinema gure. Ez naiz hasiko zerrenda luzeak osatzen. Nahikoa da azkeneko bizpahiru aipatzea: Ishana Night Shyamalanen The Watchers, Arkasha Stevensonen The First Prophecy

Baina ez. Oraindio ez. Oraindik ez dakite. Askoz okerrago, ezin beren buruetatik pasa protagonistak diren banpiroak (ez bainaiz ari Drakula gureak zituen nobia haietaz guztiez) neskak izan zitezkeenik.

Luzea izango zaigu bidea, ahizpok, baina irabazi egingo dugu. Konturatuko dira zertan gabiltzan gauez. Eta ez, sentitzen dut, gu ez gara humanistak. Gu, euren buruaz beste egiten ez badute ere,  berdin elikatuko gara euren odolaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.