ERRESISTENTZIA KUTXA (XIX)

Banpiroak eta palindromoak

Santanderren (Espainia) jaio zen, 1969an, baina Bilbo izan du bizileku, txikitatik. Gaztetan euskaldundu zen, eta hainbat hedabidetan idatzi du ordudanik: Egunkaria-n, BERRIAn eta Deia-n, besteak beste. Poesia (Kalezuloko animalien itzalak, Pamiela, 1999), eleberriak (Paperezko hegazkinak, Susa, 2002; Ezker hanka falta zuen, Susa, 2005; Zubigilea, Susa, 2007) eta narrazioak (Txakur ingelesak, Susa, 2011) argitaratu ditu. Nontzeberri webgunearen sorreran parte hartu zuen, eta Durangoko Azokako Ahotsenearen arduradunetako bat ere izan da. 2015ean, berriz, Bi-lingual: Transitoak performancea gauzatu zuen. Hilabetez, hizkuntza hegemonikoari, gaztelaniari, uko egin zion, eta esperientzia hori bere blogean eta BERRIAn jaso zuen. 2017an, Haren da nire performancea egin zuen. Orduko hartan, desagertu egin zen Egia idazlea, eta bestelako nortasunak egin zituen bere. Lanik berriena Elkarren Arian irakurgai mailakatuen bildumarako liburua du, Bilbori buruz idatzitakoa.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Lutxo Egia.
2020ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Martxoaren bukaeran David Fernandezi (Argia-ko artikuluan) eta Philippe Lançoni irakurri zenien aipua: «Gela batean lasai jesartzeko eta bakarrik egoteko gauza ez garelako sortzen dira gizon-emakumeon zorigaitz guztiak». Pascal filosofoarena da gogoeta. Eta gela, beraz, XVII. mendekoa, wifi gabekoa. Lançonek Le Lambeau liburu zirraragarrian jasotzen du, Gelako geometria atalean. Jakina denez, Kalashnikov-357 Magnum bateko tiro bik desitxuratu zuten kazetariaren matrailezurra Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren kontrako atentatuan. Lançonek ezin eramanezko bederatzi hilabete eman zituen Salpetriere eta Invalides ospitaleetako hainbat gelatan.

Gelak. Barne-diseinatzailea da Harkaitz Cano, areago zure sukar-ametsetan. Fakirraren ahotsa-ko (Susa) Arakisen hilketaren pasarteko egitura berdintsua du zure logelak. Ohearen albo banatan mesanotxe bat duzu. Gau-mahai berdinak dira, eta bakoitzean lanpara txiki bat, erretratu bat eta liburu bat dago. Aurrean, ezker-eskuin ere zabaltzen den orri biko ate zuri egurrezkoa dago, ospitaletako korridoreetakoa bezalakoa. Orain arte ez diozu simetria miresgarri horri erreparatu. Eta ez ohartze horrek urduritu egiten zaitu. Simetriek, funtsean, demokrazia estetikoa izaten dute asmo eta helburu. Sapiens-en historia luze-laburrean beti ezarri dizkizuete simetria asimetrikoak, batez ere inork gobernariak asmatu zituenetik. Zure gelako simetria ez da (Canorena ere ez) palindromo batena bezain hertsatzailea, baina artegagarria da.

Eta horregatik, beharbada, gela ez da hain zurea. Orain arte ez baduzu estetikaren lege pisuzko hori konprenitu, beharbada ez da hain zurea. Edozein delarik ere, ziega, jokaleku, agora eta mapa bihurtu zaizu ohartu orduko. Hiru aste igaro dituzu irten gabe. Ustez COVID 19ak estu besarkatu zaitu. Ustez, baina «ehuneko laurogehita bederatzian ustez» soilik, adierazi dizute. Egun, seguruago mugitzen zara ziurgabetasunean, errealitate zabukarietan. Lehen astea latza izan zen. Heldu aurretik sinetsita zeunden eldarnioak eta lokamutsak Elhuyar Hiztegiko asmazio hutsak zirela, baina gauez zure gogora eta biharamunean zure ezpainetara abaildu ziren ezustean. Paparreko domina distiratsuak nola, zeuk ere badauzkazu eldarnioak eta lokamutsak. Gauero hiru bagoitako tren bat etorri zaizu bila, Hildakoen Trena.

Trena zure gelan lehendabizikoz. Ez da zaila azaltzen. 1908an Bilbotik kanpo ere hasi zitzaizkien joandakoei lur ematen. Si tibi terra levis. Hirian 1870ean hasi baitzen dena aldatzen eta 1910ean amaitu dena. Bizilagun kopurua laukoiztu egin zen. Bai eta hildakoena ere. Orduan, Deriora eramaten hasi ziren. Mariano del Corral ingeniariak Hildakoen Trena sortu zuen. Hiru bagoi zituen. Lehen bagoiak luxu guztiak zituen, egur landuak eta kristal esmerilatuak. Hil-kutxa bakarra garraiatzen zuen eta egongela elegante bat ere bazeukan senideentzat; bigarrenak hil-kutxa bi eraman zitzakeen eta senideentzako departamentu txiki bana ere bazuen; hirugarrenak hamar hil-kutxarako tokia zuen, baina ez zeukan eserlekurik senideentzat.

Gerra Zibila arte Hildakoen Trena zure etxe ondotik abiatu zen, Unamuno plazatik. Aurreko egunetan, aldiz, zure gela simetriko inperfektutik bertatik partitu da, behin eta berriz, behin eta berriz, overbooking tamalgarri batean. George Perecek kontatzen du Espèces d'espaces bitxi hartako Logela atalean, logela, espazio gisa, nahikoa dela hala gogoeta ezdeusenak nola oroitzapen ezinbestekoenak ekartzeko. Eta zuk zeuk eldarnioak eta amesgaiztoak ere gehituko zenituzke. Netflix eta Twitter bazter, logelan pentsalekua eta oroilekua zabaldu dituzu, bai eta tren-geltoki zaharra ere. Atzo arte ez zenekien zenbat gauza sar daitezkeen logela itsu batean. Medikuak berak azaldu zizun izugarri handituko zitzaizula. Egia esanda, aitortu zizun Osakidetzak telefono-bidezko arreta bakarrik eskaini ahal zizula eta, ikusita gaixoaldiaren araberako Garizuma paganoa antolatu behar zenuela, hobe zela abade batengana jotzea edo Logela Turistiko bat irekitzea. Eta zuk bigarrenaren alde egin zenuen: gelan B&B bat sortu duzu, baina ez Bed & Breakfast, baizik eta Bakartua & Bazkatua, eta ohartu baino lehen Hamsterraren sindromepe bizi zara. Ohitu ez ezik, zaletu ere egin zara logelako simetria kezkagarrira: bost urrats aurrera, bost atzera eremuan barrenako promenadetan; balkoietako arrotzak etxekoago eta etxekoak arrotzago; goizez A. B.-ren identitatea lapurtu eta B. A.-rena gauez (amets siamdarrak)... Eta ez dakizun arren, vending-banpiro bilakatu zara, 24 ordu zabalik ingurukoei odola xurgatzen, bereziki gau parteko esna-aldi amaigabeetan. Eta horren zaude eroso...

Eroso zeure irla pribatuan. Auzoa ere bihurtu dute zure gelara, nahiz eta tentuz ibiltzeko gomendatu dizuten, tentuz ibiltzeko gelauzo berrietan. Diotenez, lehenago mutatuko dute auzokide batzuek birusak berak baino. Eta zuk Gael Fayeren Ene herri txikia (Igela) nobela ederrera jo duzu honako pasarte hau berreskuratzeko: «Ez naiz gogoratzen noiz erabaki genuen ez genuela aski gurea zen pixka hura banatzea, eta noiz utzi genion besteez fidatzeari, noiz hasi ginen besteak arriskutzat hartzen, kanpoko munduarekin muga ikusezin hura sortzen, noiz hasi ote ginen auzoa gotorleku eta kalezuloa giltzape bihurtzen». Eta ez bazeneki hark hutuen eta tutsien arteko liskarrak zituela buruan, sinatuko zenuke egin dizuten ohartarazpenaz ari zela. Auzo bat non lausoa ikusgarri egin den, non ezkutukoa ageriko. Batek daki. Hala izango da. Hala ere, zuk zeuk inoiz baino auzoago ikusten duzu auzoa (Zazpi Kaleak) zure gelatik: Internet bidezko telebista jarri dute martxan, elkartasun-sare zabala aktibatu, komertzio txikien geroarekin arduratu... Gelaren auzotzea.

Orain, ustezko zomorroari bizkar ematen ari zatzaizkion honetan, auzoaren gelatzea darabilzu gogoan. Eta horretan ezinbesteko bidelagun duzu Pascal. Lantzean behin bizitza pentsatu ere egin behar baita. Tonika bat zabaldu duzu kininaren ilusioa aintzat hartuta. Moketa urdina da. Esango zenuke lehen gorria zela. Berdin da. Pascalek aholkatu dizu bakartzearen luzatze bat eskatzeko eta etxea zeharo banpirizatzeko. Pascal. Pentsatzea. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen harekin gelditzen zara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.