Musika

Banatutako bi bide berriro batu, eta Izukari proiektua sortu dute

Mikel Larratxek eta Joseba Baleztenak elkarrekin hasi zuten ibilbidea musika munduan, nerabezaroan. Orain berriro elkartu dira, Izukari sortu eta beren lehen EPa kaleratzeko: 'Ikari lehena'.

Mikel Larratxe eta Joseba Baleztena. IZUKARI
Mikel Larratxe eta Joseba Baleztena. IZUKARI
urko iridoy alzelai
Hondarribia
2025eko apirilaren 10a
04:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Askotan, denbora asko elkarrekin egin arren, aparteko noranzkoak hartzen dituzte bi lagunek. Urteak egin zituzten Mikel Larratxek eta Joseba Baleztenak elkarrekin musika egiten, nerabezaroko ezinegona anplifikadoreen bidez transmitituz. Elkarrekin hasi zuten Ameba taldea, ondoren Sexty Sexers izango zena, eta hura amaitzean banatu zituzten bide profesionalak. Orain, pandemiak emandako denboraren laguntzarekin, berriro elkartu dira, bien artean musika sortzeko. Izukari da Larratxeren eta Baleztenaren proiektu berria, eta Ikari lehena bost kantako EPa kaleratu dute, Hagina Diskak musika zigiluaren bidez. 

2020. urtean hasi zen Larratxeren gogoan geroago Izukari izango zen zurrunbiloa sortzen, partaide den beste talde batentzat kantuen hitzak idazten zituen bitartean. «Tzar taldearentzat hitzak idazten nenbilela, etxean, ordenagailuarekin eta mikrofonoarekin, bertan nituen aplikazioekin jolasten hasi nintzen», azaldu du Larratxek. Horrela, Tzar taldearentzat ez ziren dozena bat kanta egin zituen. «Zirriborroak ziren, agian kanta deitzea gehiegi da eta. Segituan, Josebarekin partekatu nuen egindakoa, bera izan da-eta beti nire laguntzailea musika munduan». Baleztenari «azkar batean» gustatu zitzaion Larratxek egindakoa, eta bere laguntza eskaini zion, kanta horiei «buelta bat» emateko eta horiek «produzitzeko».

Helburu zehatzik gabe egindako kantak ziren Larratxek eta Baleztenak sortutakoak. «Azken finean, Josebarekin batzeko eta elkarrekin bazkaltzeko aitzakia bat zen hasiera batean», azaldu du Larratxek. Baleztenaren estudioan, Duran (Araba), grabatu zituzten hasierako zirriborroak. «Lehen grabazio horietan, Josebak grabatu zuen ia dena, baita bateriak ere. Baina maketak izatean, gure inguruko musikariak gonbidatu genituen parte hartzera».

«Ondoan ditudan musikariak bertan egon dira azken 20 urteetan; musikan jarraitu dute, eta musikari bikainak dira. Hala ere, inork ez du duela 20 urte jotzen zuena jotzen, denak baitu bilakaera bat»

MIKEL LARRATXEIzukari proiektuko abeslaria

Felix Buff (bateria), Iñigo Telletxea (baxua) eta Carlos Noain (teklatua) batu ziren grabaketetara. «Inguruko jendearekin inguratu nahi izan dugu. Txiste moduan kontatzen dut, baina badu egiatik ere, kontzertuak baino gehiago afariak egiteko sortu dugula taldea». Haien laguntza ez ezik, beste musikari batzuena ere izan dute kanta batzuetan. Xiker Salaberriak tronpeta jo du Zama abestian, Borja Alkainen ahotsa ageri da Izu hau kantan eta Miren Narbaizak, Joseba Larratxek eta Ander Mujikak bigarren ahotsak egin dituzte.

Larratxek aipatu duenez, segur aski, taldekideetatik bera egon da azken urteetan musika eszenatik kanpoen. «Ondoan ditudan musikariak bertan egon dira azken hogei urteetan; musikan jarraitu dute, eta musikari bikainak dira. Hala ere, inork ez du duela hogei urte jotzen zuena jotzen, denak baitu bilakaera bat». 

Etiketarik gabeko musika

Abeslariaren ustez, zaila da Izukari estilo bati lotuta definitzea. «Garai batean, taldearen estilo musikala diskoetxeek edo kazetariek definitzen zuten, eta, gaur egun, musikarioi egotzi zaigun beste lan bat bilakatu da [barrez]». Talde bat sortzerakoan, badaude estilo jakin bat egin nahi dutenak, erritmo eta melodia jakin batzuekin, eta, era berean, badira esperimentaziotik sortutakoak. «Nire gelan nire ordenagailuarekin jolasten sortutako zerbait da Izukari. Estiloa baino gehiago, influentziak oso argi ditut, adibidez». 

Eragin horiek etiketatzea ere oso zaila egiten zaio Larratxeri. «Nick Cave musikaria, adibidez, rock formatutik dator, baina rocketik ihes egin nahi du, eta ez du lortzen. Alternatiboa da, post edozer izan daiteke». Eragin horiei dagokienez, Nick Caveri baino gehiago, hark inguruan izandako musikari guztiei erreparatu diela azaldu du Larratxek. «Nick Cave izan daitekeen moduan, Mark Lanegan, PJ Harvey edota Blixa Bargeld izan daitezke».

Grabaketak bukatutakoan, egindakoak zer bide hartu beharko lukeen aukeratu behar izan zuten Izukariko kideek. «Edizio txukun bat eta kontzertu bira txiki bat egitera animatu ginen». Horrela, hainbat urteren ondoren, berriro ere oholtzara igo dira bi lagunak. Urtarrilaren 9an izan zen lehen kontzertua, Dabadaban (Donostia), eta, harrezkeroztik, Kafe Antzokian (Bilbo), Katakun (Bera, Nafarroa) eta Jimmy Jazzen (Gasteiz) egon dira. Hasierako urduritasuna «baretzen» dabiltza oraindik, baina kontzertuak «oso ongi» joan dira. «Sextyrekin edo Tzar-ekin, bolumena goraino igo eta gure barruak hustera ohitu izan gara, baina, orain, Izukarirekin, lana askoz pertsonalagoa da. Horregatik, ikusleari ere atentzioa jartzea exijitzen dio horrelako proiektu batek».

Bihar Gernika-Lumon (Bizkaia) joko dute, Lekuek jaialdian, eta aurkezpen bira Hondarribian amaituko dute, Psilocybenea aretoan, maiatzaren 31n.

 
Izukariren Hatsak jan abestia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.