Banaketatik sorkuntzara

DDTk 30 urte bete ditu aurten; esparru alternatiboko banaketa sare bat izan ostean, edizioari ere ekin zion, eta hiru hamarkadotan ehunka disko eta liburu argitaratu ditu. Festa bat egingo dute gaur.

gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Egunotan, 30. urteurrena ospatzen ari da DDT banaketa etxe alternatiboa. Hiru hamarkada daramatza kulturaren ertzean sortzen diren adierazpideak jendearen eskura jartzen; liburuak, diskoak, fanzineak eta abar banatuz, eta, horrez gainera, horien sortze prozesuan ere lagunduz.

Bilboko eta inguruetako 80ko hamarkadako giro alternatiboaren emaitza izan zen DDT. Han zeuden Ekintza Zuzena aldizkaria 1988an sortua, Resiste fanzinea 1986an Gasteizen agertutakoa, baina Bilbon ere banatzen zena, Bilboko gaztetxea eta abar.

Maketak eta aldizkariak banatzen ibiltzen ziren zenbait lagunek indarrak batzea erabaki zuten, «lana optimizatzeko», eta, esaterako, iristen zitzaizkien maketekin azoka bat antolatzen hasi ziren igandeetan, Bilboko gaztetxean. Taldeak ez zuen izenik, baina norbaitek, txantxa giroan, esan ei zuen DDT izen egokia izango zela: Distribuimos De Todo (denetarik banatzen dugu). Txantxa zena azkenean taldearen izendapen ofizial bilakatu zen.

DDTk gorabehera handiak izan ditu urte hauetan guztietan. 1990eko hamarkadaren hasieran, Likiniano elkartearekin batera, Likiniano izeneko denda sortu zuten Bilboko Iturribide kalean. Geroago, denda Erronda kalera pasatu zen: «Hura handiagoa zen, hobeto kokatua, eta lortu zuen benetan erreferentziala izatea», azaldu du DDTko kide Omar Lopezek.

Baina, 2006an, Likiniano elkarteak desegitea erabaki zuen, eta, DDTk aurrera jarraitzeko asmoa bazuen ere, egoerak kolokan jarri zuen dendaren jarraipena. «Orduan, beste talde bat agertu zen, jende gazteagoak eta, askotan, dendaren bezero zirenek osatua, Gatazka Kolektiboa izena hartu zuena, eta horrek iraupena bermatu zuen hurrengo urteetan».

Gatazkak 2012ra arte iraun zuen, eta, jardun zuen bitartean, lan interesgarria egin zuen, DDTrekin batera ordura arte jorratu gabeko hainbat gairi ekin baitzioten: ordaindutako lanaren kritika, gentrifikazioa, hiri eredua eta abar. Baina Gatazkak ere erreka jo zuen: «Krisiak eragin handia izan zuen, baina ez zen hori bakarrik izan: norberaren arazoek, kide batzuek umeak izateak eta abarrek zerikusia izan zuten».

Gatazka desagertuta, DDTk lokal berri bat lortu zuen lagun baten bidez, Martzana kaian. Hasieran, biltegi moduan erabili zuten; apurka-apurka, astean behin zabaltzen hasi ziren, produktuak zuzenean saltzeko, eta, gaur egun, denda gisa funtzionatzen du astelehenetik ostiralera, arratsaldean. Lan guztia, dendan jende aurrean aritzea barne, boluntarioek egiten dute.

Herri mugimenduei lotua

Aldaketak aldaketa, hasierako asmoa ez da mudatu: «DDT ez da enpresa bat», azaldu du Lopezek. «DDT herri mugimenduekin lotura duen talde bat da, kontrakulturaren esparruan sortzen diren lanak banatzeko jaio zena, eta, denboraren poderioz, ekoizteari ere ekin ziona».

Bi ezaugarrik desberdintzen dituzte sare alternatiboaren funtzionamendua eta enpresa arrunt batena: trukeak eta prezio politikoak. «Guk produktuak trukatu egiten ditugu antzera pentsatzen duten Euskal Herriko eta mundu osoko beste taldeekin: guk haien lanak banatzen ditugu, eta haiek gureak. Prezio politikoak esan nahi du salneurria aldez aurretik ezarrita dagoela, eta ezin da igo edo jaitsi. Ez diogu elkarri konpetentziarik egiten: kolaboratu egiten dugu».

Gaur egun, dozena erdi bat lagun aritzen dira DDTn, baina ehunka dira handik pasatu direnak edo noizean behin haiekin kolaboratzen dutenak. Beti ez da erraza, baina belaunaldi aldaketak izan dira elkartean. Balen Monterrojas da horren adibidea: musikaria eta musikazalea da, eta DDTrekin harremanetan hasi zen Iturribide kaleko dendara joaten zelako disko eta maketen bila: «Zaletasun horrek eraman ninduen noizean behin kolaboratzera, eta, denborarekin, haiekin modu estuago batean lan egitera».

Denbora honetan guztian, DDTk 300 lan inguru ekoitzi ditu; DDTk zuzenean ekoitzi ez baina horren bitartez plazaratutako lanak ere aintzat hartuz gero, 900 inguru dira guztira. Disko pirata bat izan zen lehenengo edizioa: Barricadaren Bahia de Pasaia singlea, 1990eko abenduan. Polydor diskoetxeak zentsuratutako bi abesti sartu zituzten, taldearen baimenarekin, eta irabazi guztiak Resiste aldizkariarentzat izan ziren.

Hari ehunka diskok jarraitu zioten. Batzuk talde ezagunenak ziren, ale asko saldutakoak: Soziedad Alkoholika, Zer Bizio, Potrotaino, Eskorbuto eta abar. Baina hamaika taldek lortu dute diskoa edo maketa argitaratzea DDTrekin elkarlanean: El Trono de Judas, Criatura, Vision Tunel, Hardezan, Disface, JAN, Elfo Negro eta abar. Liburuetan, seguru asko Andoni Fernandez Azkarairen Mierda de Bizkaia eta Andeka Larrea eta Garikoitz Gamarraren Bilbao y su doble izan dira arrakastatsuenak.

«Testu politikoak edukitzea ez da ezinbesteko baldintza bat gurekin lan bat argitaratzeko», azaldu du Lopezek. «Alderantziz: guk nahiago dugu maitasunari eta loreei abestu baina gauzak modu autogestionatuan egiten dituen kantautore bat, freskagarri edo telefonia enpresen babespean jotzen duten hardcore taldeak baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.