Balkrishna Doshi indiarrak jaso du 2018ko Pritzker arkitektura saria

Bere herrialdearen bizi kalitatea hobetzeko erakutsitako «konpromisoa eta ahalegina» nabarmendu ditu epaimahaiak, besteak beste

Doshi, bere estudioan. Irakasle jardun du azken urteetan. H. PANCHAL / EFE.
aitor biain
2018ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Balkrishna Doshi (Pune, India, 1927) arkitektoak irabazi du aurtengo Pritzker arkitektura saria, epaimahaiaren arabera, «arkitektura interpretatzeagatik eta huraIndiako bizimodua hobetzen duten eta ekialdeko kultura errespetatzen duten eraikinetan transformatzeagatik». Arkitektura sari entzutetsu hori lortu duen lehen indiarra da, baita zaharrena ere. Maiatzaren 16an emango diote saria, Toronton (Kanada) egingo duten ekitaldi batean.

«Pritzker arkitektura sariaren helburuak gorengo mailan erakutsi ditu etengabe, eta gizateriari funtsezko ekarpenak egin dizkio arkitekturaren artearen bitartez 60 urte baino gehiagoan», azpimarratu du Glenn Murcutt buru izan duen epaimahaiak. Haren «arkitektura lan bikaina», bere herrialdearekin erakutsi duen konpromisoa eta «irakasle gisa izan duen eragina» ere goraipatu ditu. Izan ere, azken 70 urteak irakaskuntzan eman ditu Doshik.

Mugimendu modernoaren sortzaileetako bat izan zen Le Corbusier arkitekto suitzar-frantziarrarekin egin zuen lan Doshik 1950eko hamarkadan, eta haren lanek eragin zuzena izan zuten bere ibilbidearen hasieran. Hari eskaini dio, hain zuzen, saria Doshik. «Nire identitatea ezbaian jartzera eraman ninduten haren irakaspenek, eta adierazpen garaikide berriak bilatzera behartu», adierazi du, ohar bidez.

Behartsuenei begira lan egin izan du Doshik, tradizioa eta modernitatea uztartuz, eta «ardura sentimendu sakon» batekin betiere, epaimahaiaren ustez. «Kalitate handiko eta egiazko» arkitektura baten bidez, bere herrialdeari eta herrikideei laguntzeko nahia izan du beti. Epaimahaiaren arabera, lana bere «bizitza, filosofia eta ametsen luzapen» baten moduan ulertzen du. Doshik berak esan izan duenez, «diseinuak etxe bilakatzen ditu aterpeak, komunitate etxebizitzak eta aukerentzako iman hiriak».

Arkitektoaren eraikin esanguratsuenen artean daude 1962an diseinatutako Ahmedabad hiriko Indian Institutes of Indologyren egoitza, 1966ko Tagore Memorial Hall eraikin brutalista eta 1994ko Amdavad Ni Gufa arte galeria; hirurak haren herrialdean daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.