begona del teso
Eppur si muove

Balizko mamua saloi txinatarrean

2024ko azaroaren 8a
05:10
Entzun

Bildu ziren hainbat euskal zinegile Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, antzinatik misterioz eta pasadizoz betea izan den saloi txinatarra izena duen gela luxuzkoan. Baziren film laburren egileak. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak aukeratu eta deituak, euren lanak ziren aurkeztekoak pantailan zein aretoan.

Bazen jende (jendaia) saldo polita. Horra hor O.P.N.I izenburuko lanaren egile Borja de Aguero eta Cristina Ribeiro, hor Larrotxene Bideo Eskola txit famatuak babesturiko Eneko Muruzabalaren Planetagatik, Iñaki Lopez musikagilearen konpainian. Hortxe Sandra laneko Asier Olaziregi aktorea gehi Jon Herrero egilea. Hantxe Lander Castrok zuzendu zuen Hotz-en Igor Garcia eta Jose Ramon Mariño ekoizleak. Ezin falta, denetan ganberroenak eta Los Angelesetik etorri berri-berriak Tragedium-eko Gaston Haag eta Lander Otaola. Ezta, jakina, Presencia-ko Igor Salutregi ere. Azkena aipu honetan, baina ez, ezta pentsatu ere, garrantzi txikikoa, Gizaki-ko Xanti Rodriguez azpeitiarra, hamaika zinema abenturatan ibil ondoren, animazioan murgildu dena. Berak bereganatuko zuen gero EITBk eskainitako saria.

Eszenatokian azaldu nahi zuena kontatu zuen bakoitzak saloi txinatarraren intimitate jendetsuan. Borjak eta Cristinak, esaterako, dirua zuten behar euren filmaren banaketarako. Beraz, ikusleak deitu zituzten beren crowfunding orrialdera arrimatzeko. Galdetu zioten lagunek Igor Garciari ea ekoizlea sosak jartzen dituena ote den, eta berak erantzun ezetz; kasik alderantzizko eginbeharra da ekoizlearena, dirua eskatu egiten du. Eta suerte pixka batekin, lortu ere bai.

Komentatu zuen Mariñok zelako gizatalde bikaina den pelikula bat aurrera ateratzeko biltzen dena. Filmatu zuten Hotz Opakua mendatean, 1.022 metroko altitudean, altitude elurtsuan, izoztuan, eta batek ere ez zuen atzera egin, amore eman. Azaldu zuen Enekok Oihua! ekimenaren nondik norakoa. Ederki ezagutzen du berak, Planetagatik-ek irabazi baitzuen iazkoa. Horren deitura aproposa duen egitasmoak —Donostia Kulturak, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionek eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak bultzatuak—, euskaraz filmatzen den fantasiazko generoa indartzea du helburu, eta sortzaile berriak laguntzea, xede. Irabazleak Igor Legarreta zuzendariaren aholkularitza izaten du lan prozesuan zehar. Gainera erakundeek 10.000 bat euro jartzen dituzte ekoizpenerako, film laburra egin ahal izateko. Larrotxene Bideoren tutoretzapean eta elkarlanean ekoizten da gidoia. Film laburraren filmaketa osoa Gipuzkoako Lurralde Historikoan behar da egin. Ez da ez plan makala eta baldintzak majo nahikoak. Iaz hamar bat proposamen aurkeztu ziren, eta Enekorena izan zen aukeratua. Planetagatik-ek, ironiaz blai den distopia hurbilak, Nacho Vigalondoren Daniela Forever-ekin batera ireki zuen Astea inaugurazio gauean.

Horretan ziren batzuk eta besteak, kontu kontari, penak eta alegrantziak partekatzen saloi txinatarrean. Gastonek eta Landerrek aitortu zuten, alai asko, bazirela biak ondo pasarazten gaituen zinema txarraren aldekoak, baina Tragedium egiterakoan izan zuten eredu edo erreferentziaren bat aipatzerakoan, hara non Gremlins maisulana aukeratu zuten bihurri alen horiek!

Gastonek eta Landerrek aitortu zuten, alai asko, bazirela biak ondo pasarazten gaituen zinema txarraren aldekoak

Lezaman futbol aurrelari ibilitakoa den Igor Salutregiren Presencia bada egun horren modan diren etxeko film horietako bat. Mikrofono arrunt batez hartutako soinua eta kamera arruntago batekin jasotako irudiak, besterik ez. Horrek guztiak familiaren etxean —inoiz pausatu gabe— dabilen 109 urteko amona baten istorioa kontatzen du misteriotsu. Duda guztien artean, ba ote da emakume hori fantasma bat? Batek daki.

Igorrekin batera, Ane Miren Igoa Urrutia andre liraina, itsua, makilaz lagundua, adinean sartu-sartua, zen saloi txinatarrean. Igorren amona zen. Bizkaitarra. Gura zuen berak euskaraz egin, baina hainbestetan entzundakoa entzun genuen Beldurrezko Astean ere: debekatu zioten mintzoa bere gazte garaietan eta gazteleraz egin behar.

Igor Salutregiren 'Presencia' filma.
Igor Salutregiren 'Presencia' filma.

Atera zen animoso, airos agertokira eta bukaera jarri zion euskal laburren maratoiari. Beldurrezko puntu batez. Ez zuen nahi Igor Salutregik agerian utzi ea bere filmaren presentzia mamua zen ala ez. Ane Mirenek, spoilerrik egin barik, mehatxatu zituen ikusleak; txarto portatuz gero (egia esatearren bai Donostiako Fantasiazkoan bai Bilboko Fanten beti jokatzen dugu aldrebes samar) gure bila etorriko zen. Eta Viktoria Eugenian, horren eskarmentu handia duen jendailak txalo jo eta dar-dar egin zuen. Bizirik ote zen Ane Miren edo presentzia huts bikaina genuen? Sekula ez dugu jakingo. Ez baitugu jakin nahi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.