ELKARRIZKETA LIBURUA

Balioen balioaz eta eguneraketaz

Zeintzuk dira euskal balioak? Galdera hori egitetik sortu da Garen hori, Ana Urkizak (Ondarroa, Bizkaia, 1969) Elkar etxearekin argitaratu duen liburu korala. Hamasei pertsona elkarrizketatu ditu erantzun bila; gehienak, sortzaileak.

Ana Urkiza, gaur, lehen lerroan —ezkerretik hirugarrena—, 'Garen hori' liburuan elkarrizketatu dituenetako batzuekin. JON URBE / FOKU
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2021eko martxoaren 16a
18:12
Entzun

Arte edertzat jotzen diren zazpi diziplinei bertsolaritza gehitu, eta zortzi sortzaile elkarrizketatu ditu Urkizak —Eusko Ikaskuntzaren presidentea ere bada—, diziplina bakoitzeko bat: Irati Jimenez idazlea, Karmelo Ortiz de Elgea margolaria, Jon Maia Sein dantzaria, Xabier Barrutieta arkitektua, Dora Salazar eskultorea, Jon Garaño zinemagilea, Juan Karlos Perez musikaria eta Xabier Paya bertsolaria. "Defendatu nahi nuena zen nolakoak garen esaten duen elementua kultura dela, eta kulturak egiten gaituela euskal. Kultura hori egiten duten sortzaileek eskura dituzten baliabideak kontuan hartuta, erabiltzen duten lengoaia berezitua da, lokala eta unibertsala aldi berean".

Lau gai nagusiren inguruko galdeketak egin zizkien sortzaileoi: zerk bideratu zituen sortzaile izatera; ni-aren eta gu-aren arteko iraganbidea; euskal obra noiz hasten den unibertsal izaten, eta euren obraren barruan zein balio antzeman daitezkeen. Blokeotan ardaztutako zortzi elkarrizketek osatzen dute liburuaren zati nagusia, eta zortzi elkarrizketatuek esandakoa beste zortzi adituokin "kontrastatzea" erabaki zuen idazleak: Josu Bergara publizista, Eduardo Apodaka filosofoa, Elixabete Garmendia kazetaria, Olatz Legarda Basque Team-eko zuzendaria, Ximun Fuchs antzerkilaria, Iraia Oiartzabal jostun eta moda diseinatzailea, Elena Arzak sukaldaria eta Iñigo Uzin Mondragon Korporazioko lehendakaria.

"Nahikotxo kritikoak" izan dira hamaseiak, Urkizaren esanetan. "Inor ez da etorri besapean balioen dekalogo batekin, baina beren gogoeta eginda etorri dira denak elkarrizketara". Zortziko zerrenda bat izan da emaitza, idazleak nabarmendu duenez: "Lehendabiziko balioa borondatea da, herri izateko eta herri izaten irauteko borondatea. Bigarrena, euskara eta euskal kultura". Bi balio nagusion ondoren, multzoka agertzen dira gainerako seirak: "Auzolana, kooperazioa, elkarlana, elkartasuna eta kooperatibismoa" elkartzen dira multzoetako batean; "ekintzailetza, berrikuntza eta erronka zaletasuna" bestean; lanari eskatzen zaizkion "kalitatea, bikaintasuna, zintzotasuna, koherentzia eta konpromisoa" dira bosgarren balioa; berdintasuna hurrengoa; gastronomia zazpigarrena; zortzigarren, azkenik, ahozkotasuna eta bat-batekotasuna ageri dira.

"Hemendik aurrerako gogoetarako gonbitea izan nahi luke liburuak. Trantsizioan gaude. Egonkortzat genituen balioak eta balizko euskal izaera hura, euskal eremua zedarritzen laguntzen ziguna, aldatzen ari dira, eta oinarri horiek mugitzen sumatzeak ziurgabezia dakarkigu. Horrek tirabira dakar", laburbildu du egileak. Aldarrikapena ere egin du, balioak tradiziotik agertoki berri baterako trantsitoan dauden honetan: "Sortzaileekin egin behar da iraganbidea, gure eguneroko bizitza gure begiekin, gure lekuetatik eta gure ametsen bidez deskribatzen eta biderkatzen dutenekin".

Eta sortzaile bakoitzak bere begirada du, bere lekua eta bere ametsa, Garen hori-n argi geratu denez. Hala, Jon Maiak euskaldunek partekatzen duten kodea aipatu du: tradizioa. Tradizioa etengabe berritzen den zerbait da dantzariaren begietara; ziurtasuna ere bai, ziurgabetasun garaiotan. Sortzailearen egitekoa ez da berritzea, Dora Salazarren aburuz, badena berrinterpretatzea baizik. Jon Garañoren ustez, berriz, tradizioari lotuegia dago Euskal Herria, eta euskal kultura tradizioa baino askoz gehiago da. Markaz ere hitz egin du: euskara marka da zinemagilearen aburuz.

Juan Karlos Perezek ere euskara defendatu du, hizkuntzak pentsamendua daukala eta euskarak pentsamendu eta musikaltasun bereziak dauzkala aipatuz. Irati Jimenezek ere euskararen musikaltasunari egin dio erreferentzia. Xabi Payaren iritziz, azkenik, joan den mendean euskal iruditeriaren osaketa egiteko asmo kolektibo argia egon zen; egun, berriz, ez dago. "Kezka hori liburuko askoren buruetan dago", Urkizaren arabera.

Solasaldian

Liburuan elkarrizketatutako hamaseietatik erdiak Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean elkartu dira gaur, Urkizak egin duen prentsaurrekoan. Elkarrizketatuetako bi mahai-lagun izan ditu, gainera, idazleak: Irati Jimenez eta Iñigo Uzin. "Euskarari buruz hitz egiteko eta metahizkuntzarako joera kezkagarria dugu. Ziurgabetasun handi bat erakusten du horrek, eta beldur batzuetatik dator. Beldur humanoak dira, eta humanitatez begiratu behar zaie, goxotasunez, baina jakinik zer ari zaigun gertatzen", esan du Jimenezek, Urkizaren galderei erantzunez.

Memoria, iragana eta tradizioaren arteko bereizketa ere egin du Jimenezek: "Iragana dena da; memoria iraganaren errelatoa da, eta geure identitatearen parte bat hor ikusten dugu: tradizioari dagokionez, esango nuke errelato horrekin eta iragan horrekin daukagun tratua dela". Garen hori liburuan elkarrizketatuetako askok diotena berretsi du Jimenezek: hemen zail da tradiziotik mugitzea. "Neu ere ez naiz oso tradizio zalea, baina onartzen dut hor dagoen botere ikaragarria, eta ez nioke heldugabetsunez begiratu nahi horri. Tradizioa ez da etorkizunerako eredua; zurruntasunean ezin gara geratu, baina ezin dugu behin eta berriro amildu iraganeko guztiak balioko ez balu bezala".

Nazio egiturarik ez izateak eragiten dituen distortsioak ere nabarmendu ditu: "Beste herri batzuek ez diote horrenbeste galdetu behar beren buruari zer diren, nor diren, nondik datozen eta zerk egiten dituen herri. Normalizatuta daukate, estatu eta nazioen arteko harremanari esker, beren irudi bat".

Euskaldunak bere buruari ondo eta maitasunez begiratu behar diola aldarrikatu du, azkenik: "Geure buruari ondo begiratzea ez da inoren kontrako ariketa, geure buruari tratu ona ematea baizik. Harrotasunetik lotsara doan eskematik ateratzeko bidea geure buruari maitasunez begiratzetik doa".

Lotsa izan du hizpide Mondragon Korpirazioko presidenteak ere: "Nik mundu mailako azoketan ikusi dut, makina-erreminta arloan, nola azaltzen diren beste batzuk handi, marketin landuarekin, eta gu, berriz, inozo xamar. Denborarekin, joan gara ikasten. Beti izan gara lotsatiak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.