Uxue Apaolaza. Idazlea

«Balio sistemarik ez duzunean, zaila da errealitatea kontatzea»

Ez du bere burua «euskal literaturaren sistemaren barruan» ikusten, baina harekin izandako harremanetan ondo sentitu da. Kulparen gai arantzatsuari heldu dio 'Mea culpa' eleberrian.

Juan Luis Zabala
2011ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Duela sei urte kaleratu zuen Uxue Apaolazak (Hernani, 1981) estreinako liburua, Umeek gezurra esaten dutenetik ipuin bilduma (Erein), eta Mea culpa argitaratu du orain (Elkar), Igartza bekaren laguntzaz idatzia. Hasieran ipuinak ziren, edo izan behar zuten,liburu berriko testuek, baina gero, ezustean, nobela bihurtu zitzaizkion. Idazleari utziz gero, bilaka zitezkeen beste zerbait ere. «Niregatik balitz, oraindik pare bat urte pasa nezake nobelari bueltaka», dio.Madrilen bizi da Apaolaza eta handik erantzun ditu elkarrizketako galderak.

Nerabezaroko ziurtasun absolutuek sortzen dituzten arriskuak uzten ditu agerian Mea culpa-k. Nerabezaroaren aurkako nobelatzat jo daiteke?

Ahal izateagatik bai. Izan ere, irakurleak bere arabera irakurriko du nobela, ez nire arabera. Baina niri galdetzen badidazu, nire intentzioa ez zen nerabezaroaren kontra idaztea, bai ziurtasun absolutuen gainean eraikitakoak zalantzan jartzea. Nerabezaroan absoluturako joera dugu, bai, baina helduak izan dira maiz besteen nerabezaroak beren fanatismoak elikatzeko edozein preziotan erabili dituztenak, gazteari bere bidea egiten utzi beharrean.

Nerabezaroko «ziurtasun absolutuak» bereziki kaltegarriak dira, liburua aurkeztean esan zenuenez, «ziurtasun absolutu hori biolentzia alde guztietatik sartzen zaion errealitate batekin nahasten duzunean». Euskal Herriko gatazkak eragindako «albo-kalteen» artean dago hori?

Ez nuke arazo zentrala zein den zehazten jakingo kolaterala zer den bereizteko. Iruditzen zait iraultzaren antza izan dezakeen ezer baino gehiago lortu dela bizitza asko aurreprogramatzea, atzeraezin egitea, fanatizatzea.

Juanjo Olasagarreren Ezinezko maletak-en ere ezker abertzalearen giroko nerabe batzuen erretratu gordin eta kritikoa egiten da. Bada parekotasunik, zure ustez, bi liburuen artean?

Antzekotasunak bilatzen jarrita, eta bi nobeletako atzera bidaia kontuan izanik, uste dut biek bilatzen dutela eraiki den narrazio kolektibotik kanpo geratu den ñabardura biografikoa aldarrikatzea, «gure historia guk kontatu behar dugu» esaten denean, beste gu batzuk azpimarratzea. Hortik aurrera, nobela gisa, uste dut ezberdintasunak gehiago direla; Ezinezko maletak-en koraltasunagatik (nirean ahotsa bakarra da), tonuagatik…

Beste idazle batzuen lanetan ere ageri dira aldez edo moldez Lurrek duenaren gisako kulpabilitate sentimenduak dituzten pertsonaiak: Anjel Lertxundi (Etxeko hautsa nobela berrian), Ramon Saizarbitoria, Jokin Muñoz… Zer neurritan egon daiteke Mea culpa horiekin, edo horietako batzuekin, «ahaidetuta»?

Galdera hauek gehiago dira beharbada kritikoentzat; gainera, jarri dizkidazun izenekin, Juanjo Olasagarrerenarekin bezala, ez nintzateke ahaidetasunak aldarrikatzera ausartuko. Kulparen gaia kultura mendebaldarrean etengabe agertzen da, horrek ahaidetzen gaitu, Lady Macbeth-ek, eta kultura mendebaldar horrek gurean, Euskal Herrian, hartu duen formak; autokritikarekin ere zer ikusia izan dezakeen gaia, bide batez. Testuak konparatzera ez naiz ausartzen.

Confiteor otoitzeko aipua jarri duzu liburuaren hasieran. Kristautasunak indartu eta bultzatutako sentimendua da kulparena, erruarena, eta bada «kulpa» hitza hiztegitik baztertu beharko genukeela dioenik. Alferrikakoa eta gainditu beharrekoa iruditzen zaizu zuri ere, ala bere balioa baduela uste duzu?

Beldurrak eta koldarkeriak ere oso fama txarra hartu dute denbora guztian aurrerantz bultzatzen gaituen sistema irreflexibo eta biolento honetan, onartu behar diren heriotza, bortxaketa, gerrak… gehiegi dira agian. Bai, nik balioa ikusten diot, arriskuak eta alde txarrak ere ikusten dizkiodan eran, ongiaren eta gaizkiarenbanatzailearen arabera.

Nobelako lehen lerroan, Lurrek dio «bururatzen/gertatzen» zaizkionak ez ahazteko hartu duela grabagailua. Nobela osoan lausotuta ageri da Lurri bururatu eta gertatutakoaren arteko muga, irakurleari zalantzak pizteraino. Zer bilatu duzu horrekin?

Argumentuari dagozkionak ez ditut esango. Gainerakoan, Lurren errealitatearen pertzepzioarekin zerikusia duen zerbait dela esango nuke. Zure bertsioa errepikatzen duenik ez baduzu, zure memoria gezurra dela pentsatzeko joera izan dezakezu. Liburuan kontatzen dena Lurren narrazioa da, berak ere eraiki ez duen iraganetik orainaldira datorren bere narrazio biografikoa, non txertatu ez dakien oroitzapenekin, kolektiboarekin elkartzen direnean bakarrik geratzen direnak. Balio sistema bat utzi eta besterik ez duzunean, zaila da errealitatea kontatzea. Kontatzea interpretatzea da, eta horretarako irizpidea behar da.

Azaleko ezaugarrietan, Lur zure alter ego-tzat jotzeko modukoa da: adinez, jatorriz, heziketaz… Beka baten laguntzaz nobela bat idazten ari da, zu bere istorioa sortzen ari zinenean bezalaxe. Elisa, ikuspegi horretatik, zuregandik urrunago dago. Lan handiagoa eman dizu pertsonaia horren eraikuntzak Lurrenak baino?

Tonua topatzerakoan bai, eta berarekin identifikatzerakoan. Baina pertsonalki gogorragoa izan da Lurrena. Ez nire antz handiagoa duelako bakarrik, nigandik beldurtzen nauten ezaugarri zenbait dituelako baizik.

Zeintzuk?

Horri erantzunda, ez dakit ez dudan gehiegi esaten. Gainera, asko dira: neure buruarekin kontaktua galtzeari beldurra, ez ulertzeraino; neure burua traizionatzeari beldurra, neure buruarekin ez bizi nahi izan arte; jakin gabe, neure buruari barkatu ezingo niokeen zerbait egiten aritzeari; heriotzari, desagertzeari; bakardadeari; ezin bizirauteari…

Ipuin liburua argitaratu zenuen lehenik, orain nobela… Aurrera begira, nobelarako joera handiagoa izango duzu, ala ipuinetara itzuliko zara?

Ipuinak ez ditut utzi, egia esan. Azken urtean bai, nobelari oso loturik ibili naizelako, baina ordenagailuan beti dago Ipuinak karpeta eta bai, bertara itzuliko naiz. Itzulita nago, egia esan, baina ez argitaratzean pentsatuz.

Zer moduz hartua eta tratatua sentitzen zara euskal literaturaren sistemaren barruan?

Ez naiz euskal literaturaren sistemaren barruan sentitzen, eta, egia esan, ez nuke sistema hori deskribatzen edo identifikatzen jakingo. Euskal idazleen artean lagunak ditut, baina ez dira sistema bat. Eta ondo dago horrela. Aurreko batean lagun horiexei esan nien eran, literatura sistematizatu edo burokratizatuko banu, droga baino ez litzaidake geratuko. Sistemara argitaratzen dudanean hurbiltzen naiz, eta momentu horretan editoreak, kazetariak, gainerako idazleak… majoak izaten dira, baina ez dakit hori den euskal literaturaren sistema. Tira, zutabeak idazten ditut, egia da, eta jarduera horrekin zerikusia duten lekuetan oso ondo tratatu naute eta tratatzen naute. Baina beste gauza bat da, ez hain intimoa.

Irakurle zaren neurrian, egungo euskal literaturan gustuko irakurgaiak aurkitzen dituzunetakoa zara, ala gehiena nahiko baztergarria iruditzen zaien multzoan kokatzen duzu zeure burua?

Liburu konplizeak topatzea zaila da euskal literaturan eta gainerakoetan, baina kultura mendebaldarrak urte asko ditu, eta errazagoa da konplizitate horiek dagoeneko filtro asko pasa dituzten iraganeko liburuetan topatzea. Ni irakurle desordenatua naiz, eta oso liburutegikoa; alegia, ez naiz egokiena nobedadeei buruz hitz egiteko. Pentsa, Jokin Muñozen Joan zaretenean oraintxe irakurri dut. Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak izan da duela gutxi irakurri dudan beste bat, eta baita Iban Zalduaren Biodiskografiak ere. Dorothy Parkerren Hona hemen gu biok irakurtzen ari naiz oraintxe, Mirentxu Larrañagak euskaratua; lagun batek aspaldi oparitu eta apalean galdurik zegoen. Aipatutako guztiak gustatu zaizkit. Dena baztertzen duela dioenak normalean ezer gutxi irakurri duela susmatzen dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.