Balentziagaren 8.362 marrazki eta dokumentu erosi ditu Eusko Jaurlaritzak

Balentziaga enpresako zuzendari izandakoari, Lorenzo Riva diseinatzaile italiarrari, erosi dio marrazki eta dokumentu bilduma, 650.000 euroan

Eusko Jaurlaritzak erositako Balentziagaren marrazkietako bat. EUSKO JAURLARITZA.
Miren Mujika Telleria.
2023ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Cristobal Balentziagak eta haren taldeak 1940ko hamarkadatik 1960kora egindako 8.362 marrazki eta dokumentu eskuratu ditu Eusko Jaurlaritzak. Garai batean Balentziaga enpresako zuzendari izandakoari erosi dizkio, Lorenzo Riva diseinatzaileari, 650.000 euroan. Euskadiko Artxibo Historikoan (Bilbo) daude orain, eta Getariako (Gipuzkoa) museora eramango dituzte aurrerago.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak atzo aurkeztu zuen lanok biltzen dituen funtsa. Modeloak, osagarriak, ehunak eta bestelako informazio osagarria jasotzen ditu bildumak, eta, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak eta Getariako Balentziaga museoko zuzendari Miren Vivesek zehaztu zutenez, 13 x 21 zentimetrokoak dira gehienak, eta «ondo» daude.

Azaldu zuten bozeto bat bera ere ez dagoela egilea nor den zehazteko moduan sinatuta, baina, egindako azterketen arabera, Balentziagak berak eskuz egindako oharrak eta marrazkiak ageri direla horietako batzuetan. Gainerakoak, ordea, oraindik identifikatu gabe dauden kolaboratzaile batzuek eginak dira.

Zupiriak eta Vivesek gogorarazi zuten erakunde publikoen esku egongo den mota honetako Balentziagaren lehen bilduma izango dela. Eragile pribatu baten esku baitaude gainerakoak, Balenciaga Paris markaren esku. Euskal kulturaren ondarea osatzeko, beraz, Jaurlaritzak aberasgarritzat dauka eskuratu berri duen bilduma.

Digitalizatu egingo dute material guztia, eta papera kontserbatzeko euskarri egokietan gorde ere bai. Horrenbestez, Zupiriak eta Vivesek iragarri zuten funtsaren lagin bat ikusgai jarriko dutela apirilean, Balentziaga museoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.