Balentziaga museoak milioi erdi bisitari hartu ditu hamar urtean

Getariako museoak EY aholkularitza enpresaren laguntza izan du 2011n ireki zutenetik zer-nolako eragina izan duen aztertzeko

Alex Uriarte Atxikallende.
Getaria
2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Hamar urte bete ditu aurten Getariako (Gipuzkoa) Cristobal Balentziaga museoak, eta urteotan sortutako inpaktuaren azterketa plazaratu berri du: sorreraz geroztik, 503. 668 bisitari hartu ditu, eta 321 lanpostu sortu dira haren inguruan.

Atzo, EY aholkularitza enpresarekin eta erakunde publikoekin elkarlanean egindako ikerketaren ondorioak aurkeztu zituzten, museoan bertan. Hauek parte hartu zuten agerraldian: Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak; Miren Vives Cristobal Balentziaga museoko zuzendariak, eta Alberto Peñak,EYren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bazkide arduradunak.

Inpaktu proiektuaren xedea da museoak hamar urteotan izandako eragin ekonomikoak, sozialak, naturalak, laboralak eta artistikoak bistaratzea.

Ertz ugaritako azterketa

Hizlariek museoaren ekarpen ekonomikoa eta gizarte itzulera izan zituzten ahotan: 2011n inauguratu zutenez geroztik, «48,2 milioi euroko sorrera izan du»; horrekin batera, «inbertitutako euro publiko bakoitzeko, 1,12 euroko itzulpen positiboa lortu da».

Esparru ekonomikoak ez ezik, ingurumenak «esangura handia» du turismo eta kultura sektoreetan; alderdi horri dagokionez, Vives zuzendariak «museoak ingurumenarekin duen ardura» nabarmendu zuen: batetik, energia berriztagarrien aldeko apustua «erabatekoa» dela argitu zuen; bestetik, %80 karbono gutxiago sortzen dutela zehaztu zuen. Egun, 1,91 kg karbono isurtzen dira bisitari bakoitzeko.

Alde sozialaren gaineko datuak plazaratzeko ere izan zen paradarik: hamar urteotan, milioi erdi bisitari hartu dituzte, eta 321 lanpostu sortu; gainera, lanpostu fisiko bakoitzeko, zeharkako bost lanpostu sortzen ditu museoak.

Zupiria sailburuak azpimarratutako «museoaren inguruko ertz artistikoak eta kulturalak» ere esanguratsuak dira: «5.000 donazio partikular eta pribatutik gora daude museoko biltegian; horrek euskal ondare artistikoa izugarri aberasten du, eta, eskaintza kulturalari dagokionez, nazioarteko lehen mailan jartzen gaitu».

EY aholkularitza enpresako arduradun Joseba Peñak ondorio legez azaldutakoen arabera, eraginen azterketa «etengabeko hobekuntzarako abiapuntu egoki askoa» da, eta ikerketaren adierazle bai kualitatiboak, bai kuantitatiboak «modu erregularrean eta urtero-urtero eguneratu» beharko dira, «garatzen jarraitu beharreko alderdien gaineko informazio fidagarria jasotzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.