'Balentziaga auziagatik' Mariano Kamiori jarritako zigorrak murriztu dituzte

Museoari lotutako irregulartasunen harira, lau urte eta erdiko zigorra jarri zioten Getariako alkate ohiari; jarri zuen helegitea partzialki onartu dute

Ainhoa Sarasola.
2022ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Ibilbide luzea izan du Getariako (Gipuzkoa) Balentziaga museoan izaniko irregulartasunen auziak. Fiskaltzak 2007an hasi zuen ikerketa, eta, handik hamabi urtera, 2019an, lau urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak Mariano Kamiori, Getariako alkate (EAJ), Balentziaga fundazioko lehendakariorde eta Berroeta Aldamar elkarte publikoko kudeatzaile izandakoari. Epaia «astakeriatzat» jota, helegitea jarri zion Kamiok, eta, orain, helegitea partzialki onartu du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak. Ondorioz, duela hiru urte jarritako zigorrak murriztu egin ditu.

2019ko apirilean hasi zen Balentziaga auziko epaiketa, eta urte bereko ekainean plazaratu zuen epaileak ebazpena. Idatzian, Kamio erruduntzat jo zuen kudeaketa desleiala egiteaz eta merkataritza agiriak faltsutzeaz, eta bi urte eta erdiko eta bi urteko kartzela zigorrak jarri zizkion, hurrenez hurren, delituongatik —biak modu jarraituan egiteagatik—. Absolbitu egin zuen, ordea, diru publikoa bidegabe erabiltzeaz.

Isun ekonomikoa ere ezarri zioten, eta Berroeta Aldamar elkarteari 426.093 euro eta Balentziaga fundazioari beste 43.687 euro ordaintzera zigortu. Akusatuen artean ziren Rolando Paciel eta Julian Arguilagos arkitektoak ere; Paciel errugabe jo zuten, eta Argilagos ez zen epaiketara joan.

Kamiok orduan jarritako helegitea partzialki onartuta, auzitegiak orain ebatzi du kudeaketa desleialaren delituagatik ezarritako zigorra hamar hilekoa izango dela azkenean. Auzia bidegabe luzatu zela eta, aringarria aplikatu zioten 2019ko epaian, eta atzerapen hori are larriagotzat jo izana da orain zigorra murrizteko arrazoi nagusietako bat, idatziaren arabera. Agiriak faltsutzearen delituagatik, berriz, errugabe jo dute orain, eta, beraz, bertan behera utzi dute horri lotuta ezarri zioten bi urteko espetxe zigorra.

Isuna ere, murriztuta

2019an Kamiori ezarri zioten isun ekonomikoa ere murriztu egin du oraingo ebazpenak: Berroeta Aldamar elkarteari 221.659 euro ordaindu beharko dizkio kalte-ordain gisa, eta Balentziaga fundazioari, berriz, beste 20.075 euro.

Espainiako Auzitegi Gorenean ezohiko helegitea aurkezteko aukera lukete oraindik akusazioek, baina, halakorik ezean, auzibidea behin betiko amaituko litzateke.

1999an sortu zuten Balentziaga Fundazioa, Cristobal Balentziaga jostunaren jaioterrian museo bat eraikitzeko asmoz; sei milioi euroko inbertsioa zegoen aurreikusita, eta 30 milioi izan ziren azkenean. 2005ean, Berroeta Aldamar elkartea sortu zuten, fundazioari emandako diru publikoa kontrolatzeko, eta Kamio izendatu zuten kudeatzaile. Aralar alderdiko Getariako zinegotziek irregulartasunak salatu zituzten 2003an, baina auzia ez zen 2007ra arte lehertu. Orduan hasitako auzibidearen ondorio izan zen epaiketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.