'Baleh-baleh' filmak irabazi du Ikuspuntu jaialdiko sari nagusia

Pascal Bodeten lana saritu du epaimahaiak. Santestebanen '918 gau' filmak publikoaren saria eta epaimahaiaren aipamen berezia jaso ditu

Jaialdian saritu dituzten filmen egileak eta ordezkariak. IKUSPUNTU JAIALDIA.
aitor biain
2022ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Pascal Bodet zinemagilearen Baleh-baleh filmak jaso du aurtengo Ikuspuntu zinema dokumentalaren Nafarroako jaialdi nazioartekoaren sari nagusia. «Solasaldi bikain eta sigi-sagatsua da, etengabe gauza harrigarriak ezagutzera ematen dituena», txalotu du epaimahaiak. Sail Ofizialean lehian aritu diren 21 filmen artean hautatu dute, eta Arantza Santestebanen 918 gau filmak, berriz, aipamen berezia jaso du.

Martxoaren 14tik 19ra bitarte egin dute zinema jaialdiaren XVI. aldia. Guztira ehun film inguru proiektatu dituzte, hogei herrialde baino gehiagotakoak, eta Marina Vinyes Albes, Roger Koza eta Christopher Smallek osatu dute aurten epaimahaia.

Zuzendari onenaren saria Mengqi Zhangi eman diote. Self-Portrait: Fairy Tale in 47 Km filma aurkeztu du lehiaketan zinemagileak, eta epaimahaiak hala goratu du: «Film benetan paregabea da, zinema demokratiko mota berri baten bidea abiarazi duena». Gazteek ere Zhangenari eman diote beren sari nagusia.

Film labur onenaren saria, berriz, Shireen Seno zinemagilearen To Pick a Flower filmak jaso du. Epaimahaiaren iritziz, «obra zinez hauskorra» da: «Artxiboko irudien eta pantaila beltzen joko leuna, zeinetan ahots erdi urratu batek, hain justu, ikusten dugunaren inguruan hitz egiten duen».

Arantza Santestebanen 918 gau filma Sail Ofizialean lehiatu da, eta, sari nagusirik irabazi ez arren, jaso du aitortzarik. Epaimahaiak aipamen berezia egin baitio film onenaren alorrean Javier Codesalen Evangelio mayor filmak ere jaso du aipamena, eta ikusleen saria ere jaso du.

X Films

X Films ataleko saria, berriz, Blanca Camell zinemagilearen Renacuajos-ek jaso du. Film proiektuentzako atala da X Films; egileek idatziz aurkeztu behar izan dituzte proposamenak, eta ikusleen aurrean azaldu jaialdian. Hala goratu du epaimahaiak Camellen lana. «Proposamen honetan, irudien sorkuntza, familia transmisioa eta memoria laburpenak lotzen dira, zentzumen eta oroitzapenen bidez. Istorio intimo batetik abiatuta, haur denetik emakume bihurtzerainoko igarobidea eta amatasuna arakatzen ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.