Baleatxo zuria

Okzitaniako Tolosan jaio zen, 1996an. Peru Iparragirre du benetako izena, baina Martin Bidaur izenpean argitaratu du bere orain arteko lan bakarra: Itzulera poesia bilduma. Itu literatur bandaren sortzaileetako bat izan zen 2013an, baita talde horrek 2015ean abian jarritako Lekore aldizkariarena ere.

2018ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Hozkailua ez zen handia, baina bai pisua. Igogailuan erraz jaitsi ahal izango zuketen, halakorik balego eraikinean. Laguntza beharko zuten azken urteetan behin eta berriro bisitatu zuten tresna eskaileretan behera garraiatzeko. Lanetik tarte bat hartuta idatzi zuen Norak talde-mezua, Dabidekin goizean aipatu bezala lagunei laguntza eskatzeko. Abuztuko opor-konbentzional-egunak izaki halako lanerako inor prest egongo ez zela susmatu zuen, zuzenki. Baiezko erantzun bakarra jaso zuen ordu batzuen buruan, Mariarena, eta hamaika aitzakia, zein baino zein merkeagoak, bestetzuen erantzun eza baino gorrotagarriago zitzaizkionak.

Berehala idatzi zion Mariari, eskerrak emanez eta hozkailua etxetik ateratzeko hitzordua berretsiz. Ia aldi berean bota zion mezua Dabidi ere, berri ona partekatzeko. Hiruren artean errazago mugituko zuten balea zuria, baiki; aspaldi zen, gainera, Norak Mariaren berririk izan ez zuela.

Erabat hondatu aurretik hozkailuari erretiroa ematea erabaki zuten, edo hori zen, behintzat, beren buruei, lagunei, eta familiari esandakoa. Zaharra zen hozkailua, kanpora bero gehiago ematen zuen barrura hotza baino eta, batez ere, auzoko etxetresna denda laster itxiko zutenez tentagarriki merkatu zituzten erakusleihoan zituzten hozkailu berri eta distiratsuen prezioak. Egun batez etxera bidean geratu ziren Nora eta Dabid erakusleihoaren aurrean, kristalean zehar ia zentzugabe barreiatutako LIKIDAZIOA zioten kartelek atentzioa emanda. Hizki larriz idatzitako kartel horien artean ikusi zituzten hozkailu distiratsuak, espazio-ontziak ziruditenak haien etxean azken hatsa, beroa, ematen ari zen baleatxo zuriarekin alderatuz gero. «Bada garaia, bai» esan zioten elkarri, unean sortu zuten beharra elkarri egindako promesa bilakatuz, elkarrekin erdiets zezaketen helburu bat, zerbait berria haien bizitzetan.

Azkenean, eta egun batzuk sarean batetik bestera bila ibili ostean errebaleko merkataritza-gune erraldoi eta gorrotatuan kokatutako dendan topatu zuten sukaldean balea zuriaren lekua hartuko zuen espazio-ontzia: ate zilarkara bi iraupen zurira, ekologikoki eta ekonomikoki sostengagarria, gainera.

Sareko bilaketek aldaketaren auzia azkartu zuen, promesa izateari utzi eta erabaki bilakatu zen hozkailu berria, elkarrekin bizitako urteetan garatutako erosketa gutxi gorabehera handien errituak agindu bezala. Bazuten diru apurrik gordeta, etorkizuneko kimera-opor batzuetarako, halako erosketa garrantzitsuen ondorioz etengabe atzeratuak.

Espazio-ontzi hura etxean sartzeak baleatxo zuriaren kanporatzea zekarren ordea, eta hori kudeatu behar zuten, erosketarekin koordinatuz. Hozkailu zaharraren atean egon zen egun batzuetan hozkailu berriaren fitxa teknikoa, Norak laneko inprimagailuan atera zuena, koloretan. Egun haietanNora eta Dabid sukaldean elkartzen ziren aldiro aipatzen eta goraipatzen zuten espazio-ontziaren xehetasunik, harik eta astelehen goiz batez erabakia burura eramatea erabaki zuten arte. Artean kafe egin berria bukatu gabe zuen Dabidek. Gosaltzen aspaldi amaitu eta kalerantz ateratzekotan zen Nora.

Gaur arratsaldeko laurak aurretik erosten badugu etzi eguerdian hemen izango dugu hozkailu berria, esan zion Dabidi. Ordurako atera beharko genuke zaharra, bai? Baiezkoa egin zuen buruaz Dabidek.

Gainera, jarraitu zuen Norak, dendaren finantzaketa-planen aukerak berrirakurtzen aritu naiz eta agian komeni zaigu, horrela oporretan ere joan gaitezke agian.

Mariak ezkaratzeko atea zabaldu zuenean txaranga baten musika entzuten zen kalean. Nora eta Dabiden artean atera zuten, kostata, ate estuegitik, eta behin guztiak kanpoan, besoak eta bizkarrak tenk, hozkailua hiruren artean helduta abiatu zen sei hankako baletxo zuri lurtar herrena, pauso txiki eta motelez, gertueneko zaborrontzietarantz.

Udaltzain batek aurreratu zituen, errepide hutsetik, motoan. Txarangaren musikak ere berehala harrapatu zituen hiru lagunak, noizbehinkako geldialdi behartuek harrapari erraz bilakatzen zituzten. Txarangarekin batera jendea nabaritu zuten kalean behera. Atzerantz zihoan Nora, hozkailuaren aurrealdea eramanez, eta berak ikusi zuen lehenik kantoia igaro zuen samalda musikatua. Hitz batek egin zion oihartzun buruan: Joder.

Aski azkar inguratu zituen jendeak, eta haiekin batera egin behar izan zuten zaborrontzietarainoko bidea. Hozkailu zuriaren azalean iltzatu zuen begirada Norak, inori begietara begiratzen ez bazion inork ikusiko ez zuela sinetsita. Irribarrez zegoen Dabid, idiota bat bezala, ingurura begira, hatzak hartzen zizkion pisua ahazturik, halako eginbehar traketsa hain ederki girotuta bizitzeaz alai. Tartean zihoan Maria, alde batetik, behintzat, beste bien zama arinduz, eta, bide batez, Noraren norabidea zuzenduz, zuhaitzik edo bankurik jo ez zezan. Noraren begirada iltzatuan ikusi zuen lotsa, eta orduan konturatu zen inguruan zuen jende saldoaz.

Halako batean saldotik askatu eta hozkailuari lotu zitzaion ezezagun bat, Mariaren parean. Zortzi hanka zituen orduan izaki hibrido hark, eta herren arinagoa. Auzoko etxetresna dendaren aurretik igaro ziren horrela, baina ez zuen haietako inork ikusi denda hutsa, likidazioa iragartzen zuten kartelen ordez lokalaren alokairua eta salmenta iragartzen zituztenak.

Agertu ziren, azkenean, kontainerrak, zorioneko zaborrontziak, bidean. Hainbat altzari zeuden, dagoeneko, haien inguruan, Nora eta Dabid baino azkarrago ibili zirenek utziak. Espaloiaren zati handi bat hartzen zuen altzari eta etxetresna multzoak, etxe bat hantxe hustu zutela zirudien.

Txarangak aurrerantz jarraitu zuen, eta haren atzetik jende saldoak. Urruntzen ari zen txarangaren doinuen gainetik egin zuen galdera bidearen azken zatian laguntzaile izan zuten ezezagunak:

Hemen utziko duzue, ala?

Hortxe bertan utzi zuten baleatxo zuria, biharamunerako desagertuta egongo zela jakitun, itsasoak eraman balu bezala; itsasoa kamioi berde bat eta hiru bat langile balira. Etxerako bide laburrean jaso zuen Norak banatzailearen deia: laster iritsiko zen haien hozkailu berriarekin, eta etxera igotzeko igogailurik ba ote zegoen jakin nahi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.