Balearen hitzak inprobisazio

Pantxix Bidartek eta Alexis Therainek 'Metamorfosia' diskoa kaleratu berri dute. Jos Royren 'Balea' olerki liburua dute abiapuntua

Pantxix Bidart, kantuz, diskoaren lehen aurkezpenean. PAXKAL INDO.
Nora Arbelbide Lete.
Hazparne
2017ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Azkenean, gauzak «aski errazki» lotu dira: «Nik sinesten dut horrelako jariakortasunean. Ez delarik oztoporik». Horrela deskribatzen du Pantxix Bidartek Alexis Therainekin osatu bikote musikala. Therain bera Frantzia iparraldekoa da jatorriz. Euskal Herrira jinik LagunArte konpainiarekin aritzera, ez zuen denbora anitzik behar izan Bidart ezagutzeko. Laster lagun bihurtu, eta «egun batez zerbait egin beharko genuela» erran zion argi Bidartek. Hortik laster, Therainen lagun Jos Royk olerki bilduma kaleratu zuen: Balea (Maiatz). Therainek liburua aipatu zion Bidarti, eta honek segidan: «Zerbait egitekotan, horretarik abiatuko» zirela, liburuaren edukia ezagutu gabe.

Hor dago emaitza: Metamorfosia diskoa (ZTK). Bidart ahotsean, Therain gitarran. Igande honetan aurkeztuko dute, Baionako Mami Txula elkarte ostatuan, 18:00etan, Bastringues egitasmoak gonbidaturik.

Olerki bilduma izan badute abiapuntu, bikoteak bere bide propioa hartu du hasieratik. Liburuko edukia bera ez du hainbeste zentzutik harrapatu Bidartek. Ez da «erran nahitik» abiatu.Ez du denborarik hartu sakontzeko, deskubritu bezain egin baitu inprobisaketa iturri. «Materia» gisa erabili ditu hitzak. «Nik maite dut alde horretatik testua. Biziki hautsia da. Metrikan, arkitekturan».

Hori baita azkenean proiektu horren funtsa. Inprobisaketa. Olerki bat hartu, musika pieza bat, eta ea «hortik nora iristen garen». Nolabait definitzeko, erran daiteke emaitza gitarrak lagundu olerki kantatua dela. Baina, estilo aldetik, ordea, zaila hitzak jartzea.

Libertate bat nabari da, hori bai. Inprobisazioa gustukoa dute bi artistek: «Askatasun hori», justuki. «Libre izatea nahi den tokira joateko», nahi edo, agian, «ahal den tokira joateko. Inprobisazioak egiten du aldi guztiz desberdina dela. Mugiarazten da. Ez da kantu finkatu bat, non baden hasiera bat, gero lau kopla jarraian. Egun batetik bestera, arrunt desberdinki kanta dezakegu», beti Bidarten hitzetan.

Gitarra, pianoa bezala

Aski esperientzia ere badute biek, jakiteko nondik tira. Inprobisazio arloan, Bidart bera aritua da, François Rosse piano jolearekin, baita Borroka taldean ere. Therainen kasuan, jazz munduan ibilia da horretan, besteak beste. Oroz gainetik, Bidartek berresten duenaz: «Gitarra pianista batek bezala jotzen duela erran izan diot». Piano batekin egin daitekeen bezala, gitarra hartu, eta «segidan notez betetzen du. Eta hori kantari batentzat biziki betegarri da. Zu edozein tokitara joaten zarela, beti hor duzu gibelean. Atzematen zaitu. Maila ikaragarria du».

Gutxitan aritzen dira elkarrekin errepikatzen bi musikariak, nahitara. Diskoa ere horrela osatu dute. Aski laster. Lau aldiz elkar ikusi, eta grabatu dute. Hasieran, zuzenekoak lortzeko asmoarekin, zerbait aurkezteko izateko baizik zuten pentsatua grabaketa. Bi arratsaldez grabatu zuten. Baina berriz entzutearekin, hor bazela disko batena pentsatu, eta horra diskoa.

Gero, nahiz eta edukitik at joan beren inprobisazioa, hor dago edukia. Bidartek Royren olerkien Luzien Etxezaharretaren itzulpenak ditu hartu oinarri. «Arrunt euskal testu bat dela iruditzen zait. Itzulpena biziki ederra da. Lan handia egin du». Elebiduna da Balea. Royk frantsesez idazten du. Bidartek esplikatu du saiatu dela frantses bertsioarekin, baina ez zuela ematen: «Euskarazkoa ateratzen zait».

Gai aldetik, hortaz, izenburuak erraten duen bezala, Balea du gai nagusi: «Balea ikusten du lanjer bat bezala. Ezagutzen ez duzunaren beldur hori ere bada. Baina, bestalde, sentsualitatea ere bada balea», azaldu du Bidartek. Metamorfosia hitza bera ere poema baten izenburu du. Diskoan sartu duten poema da, diskoaren izenburua egin duena: «Hitz aski unibertsala baita».

Aristiren olerkia metafora

Diskoko azken kantua, haatik, ez da Balea olerki bildumakoa. Pako Aristiren Arrotz eta Eder (Susa) olerki liburutik hartu dute Heziketaren historia.

Olerkirako hautatu musika piezan bozak nota bera atxiki beharra du denbora guztian. «Eta gitarra da inguruan ibiltzen eskualde guztietatik». Eta horrek badu zerikusirik Aristiren idatziarekin, Bidarten ustez: «Heziketa aipatzen baitu hor. Hezkuntzak bide berera eramaten gaituela. Guhaur ere haurrekin ari gara: 'Ez ezazuela hau egin, ez ezazuela bestea egin...'. Bizi guztia pasatzen dugu originalak izan nahian, mugak ezarri dizkigutelarik, eta guhaurrek ezartzen ditugularik». Forma aldetik, preseski, beti nota bakarrera kantua mugatuz eta, aldiz, gitarra horren inguruan itzulika arituz: «Irudi aldetik, polita iruditzen zitzaidan lotura egitea». Kantuaren gaia bera baino haratago, inprobisazioaren metafora gisa ere ikus daiteke olerkia: «Azkenean, inprobisazioaren zera hori da. Baduzu bide bat, eta bide horretatik noiztenka ateratzen zara, berriz jiteko, berriz joateko. Jokoa horretan da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.