Baldintza badakite

Gozategi taldeak 25 urte bete ditu aurten: lagunez inguratuta ospatu dute urteurrena, zuzeneko disko eta dokumental batekin, eta kantu berriak sortzen ari dira.

Maialen Unanue
Andoain
2017ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Bi irizpide jarri zituzten mahai gainean. Nagusia, egiten zutenarekin gozatzea. «Iñigok [Goikoetxeak] hala esan zuen: 'Musikaz gozatzen dugulako elkartu gara, eta gozatzen dugun bitartean jarraituko dugu: gaizki pasatzen hasten garenean, utzi egingo dugu, eta ez du izan behar haserretzeko arrazoi bat'», gogoratu du Asier Gozategik. Bigarrena, eta ez horregatik garrantzi gutxiagokoa: zalantzarik txikiena piztean, taldekideen artean hitz egitea, eta ez airean uztea. Esan eta egin: 25 urtez aritu da Gozategi, eta ez dute uzteko asmorik, gozatzen jarraitzen dutelako. 1992. urtea zen: elkarrekin jotzeko gelditu, eta ordutik ez dira banandu Gozategi eta Goikoetxea.

Gozoa izan da azken urtea gozategitarrentzat. Berezia, 25 urte ez baitira alferrik pasatzen. Zenbaki borobila izanik, zuzeneko bereziak eskainiz ospatu dute, dozena bat lagun eurekin abestera gonbidatuta. Hiru kontzertu izan dira, zehazki, horrela egindakoak: uztailaren 6an Iruñean, abuztuaren 16an Donostian eta 23an Bilbon. Horrez gain, dokumental txiki bat ere egin dute, eta taldekideak ez ezik, oholtzan aritutako lagunak ere ageri dira Gozategiri buruz hizketan. Gaur emango dute ETB1en, Oholtza saioan, 21:55ean. Eta, horrez gain, CD-DVDa eskuratu ahal izango da BERRIArekin gaurtik aurrera.

Nor-nori-nork abestiak eman zien ospea, hasiera-hasieratik.Eusko Jaurlaritzarekin kritiko azaldu ziren kantu horretan, eta doinu dantzagarriak jarri zizkioten. «Oso ondo funtzionatu zuen: 2.000 ale saldu genituen, eta disko bat grabatzea eskaini zigun Elkarrek», azaldu du Gozategik. Kantu batzuk eginak zituztela eta, 1994an grabatu zuten maketa aritu zen bolo-bolo. «Edukitzeko» baino ez zuten grabatu, baina hura izan zen guztiaren hasiera. Emankorrak izan ziren ondorengo urteak: bata bestearen atzetik etorri ziren Gozategi (Elkar, 1995), Ainhoa (Elkar, 1996), Kalanbreak (Elkar, 1998) eta Egunon (Elkar, 2000).

«Ezustekoa izan zen guretzat, eta Emoztazus muxutxue-rekin gertatu zena ere ez sinistekoa izan zen», gogoratu du Gozategik. Lan handia egin zuten, baita «gaizki pasatu» ere «momentu eder» haietan, trikitilariaren esanetan: «1995eko uztailean bakarrik, 33 kontzertu eman genituen: egunak baino kontzertu gehiago». Serio hartu zuten taldea, eta ezinbestekotzat du hori Gozategik erritmo horri eutsi ahal izateko: «Aldameneko talde denak ikusten genituen iji eta aja, ondo pasatzen, kontzertura joan eta gero bertan gelditzen parrandan; ni arrebarekin ateratzen nintzen etxetik eta berarekin sartzen nintzen». Eta horri eutsi diote 25 urtean: erromerira joan, jo eta etxera. «Suertez gu baino zaharragoak ziren musikariak izan ditugu inguruan, eta erakutsi eta lagundu digute hankak lurrean edukitzen», nabarmendu du Gozategik.

Musika egin, bustiz

Gozategi trikitia da, dantza, kritika. Busti egin dira, nahita. «Trikitiarekin, ohituta geunden kantu hitz tradizionalak entzutera, udaberriari edo udazkeneko haizeari buruzkoak izatera. Gu, berriz, busti egin ginen: inori txarrik egin gabe, baina gure kezketatik abiatuta. Eta beti aldarrikatu ditugu gauzak». Eta, batik bat, umorea da Gozategi, Goikoetxeak zehaztu duenez: «Umorez aritu gara beti: pertsona bati buruz ari bagara, pertsona horrek kantua entzuten duenean gustuko izango duela pentsatuz». Bustitzeak bere arriskua zuela jakitun ziren, Gozategiren esanetan: «Nor-nori-nork onartu egin zen, baina apustu bat zen egin genuenean. Gerta zitekeen guztiz kontrakoa: arrakasta eta porrota hari oso fin baten bi aldeak dira».

Musika estiloa ez dute aldatu urte guztiotan, Gozategiren esanetan. Eta aldatzeko intentzio handirik ere ez dute orain. «Badakigu gure mugak zeintzuk diren, eta terreno hori zapaltzen eroso sentitu gara. Ez dugu pausorik eman terreno horretatik kanpo: ez dugu esperimenturik egin, eta horrek lagundu digu estilo bat markatzen», azaldu du trikitilariak. Taldekideak bai, taldekideak aldatu dira: nabarmenena, Ainhoa Gozategik utzi zuenean izan zen, 2006an, baina, horrez gain, tronpetak sartu zituzten Bizi-bizirik diskoan (Babel Musik, 2010), baita ordutik aurrerako kontzertuetan ere. «Beste kolore bat ematen diote taldeari».

Musika egitea, hori izan da eta da taldearen helburu bakarra. «Ez dugu izan holako helburu erraldoirik. Gu elkartzen ginen hasiera hartan sentitu genuena sentitzen genuelako musika egitean. Gure helburua ez zen kantu- hitz egileetan onenak izatea, edo musikarien artean onenak izatea», nabarmendu du Goikoetxeak. Are, Gozategi bera ez da musikari sentitzen. Helburua «oso sinplea eta umila» dela dio Goikoetxeak, baina horrela izan ezean, euren ibilbidea ere desberdina zatekeela uste du: «Beste helburu batzuk baldin badituzu, umiltasun sentimentu horretatik gauzak urrundu eta zaildu egiten dira, eta konplexuz betetzen dira».

2017a ez da 1990eko hamarkada: hitzetik hortzera darabilte Gozategik eta Goikoetxeak. «Gizartea izugarri aldatu da: teknologiak sekulako abiadura hartu du 25 urte hauetan», ohartarazi du Goikoetxeak. Musika kontsumitzeko modua ere ez da 1990ean zena. «Disko bat nork aterako zain egoten ginen, erosteko». Musika entzuteko modua ere ez da 25 urte lehenagokoa. «Nolabaiteko kutsadura akustikoa dago: lehen ezin zenuen musika edozein momentutan entzun, eta aukeratu egin behar izaten zen momentua. Gaur egun, arraroa da leku itxi batean egotea musikarik gabe». Eta, azkenik, diskoak edo kantuak hedatzeko moduak ere ez dira lehengo berak. Duela gutxi konturatu dira orain artean sekula ez direla arduratu argazkiak ateratzeaz, esaterako: «Orain arte ez dugu izan webgunerik, argazkirik ere ez dugu jaso... Alde horretatik, oso libreak izan gara. Gurea jotzea zen, musika egitea: ez dugu sekula izan gaur egungo taldeek dituzten estrategiak».

Bederatzigarrena: diskoa?

Eta, orain, kantu berriak esku artean, «oso pozik» daude. Ordea, ez dakite zehatz zein forma hartuko duen hurrengo lanak. «Urtarrilean edo otsailean kantu bat edo bi jarriko ditugu sare sozialetan», azaldu du Gozategik. Eta gero, gerokoak: «Abestiak grabatuko ditugu eta gero erabakiko dugu komeni den edo ez disko batean biltzea: oraingoz baietz diogu, baina ikusiko dugu». Goikoetxeak ohartarazi du musika gehiena Youtuben edo Spotifyn entzuten dela, eta disko gutxi saltzen dela. «Helburua kantu horiek entzutea da: nola edo zein euskarritan entzungo diren ez da hain inportantea».

Zortzigarrenak bai, horrek badu euskarri fisikoa. 25 urtean atera duten zuzeneko lehenengo diskoa da, gainera. Hortxe jarri du arreta Goikoetxeak: «Uste dut disko honek badaukala beste disko guztiek ez daukaten zerbait: beti esan izan dugu Gozategi zuzeneko talde bat dela». Musikalki ez daukaten indarra ematen die plazak, haien arabera: «Disko honetan hori sumatzen da, indar hori, plazakoa. Ez du estudioko disko baten perfekzioa, baina Nor-nori-nork jotzen hasi, eta jendearen erreakzioa entzuten duzu, eta hori gara gu: gure indarra hori izan da 25 urte hauetan». Gainera, hainbat lagunekin partekatu dute oholtza, eta «izugarri polita» izan dela dio Goikoetxeak: «Hitzekin erraza da gauzak esatea, baina agertokira igo eta ikustea [gonbidatua] sentitzen ari dela kantatzen ari den hori zu bezainbeste, eta magia hori sortzeko gai izan zarela... Itzela izan da».

Aurrera egin du Gozategik urteotan guztiotan, gorago edo beherago. Beraiek ere susmoa zuten hori hala izango zela. Gorakada handia izan zuten lehenengo urteetan, eta gero etorri zen apalaldia. «Hain azkar igotzen zarenean, badakizu zikloak egongo direla, eta modu horretan igo bazara, modu horretan jaitsiko zarela. Onartu egin behar duzu, eta guk hala egin dugu». Musika egiten jarraitu zuten, betiere, taldekideen erritmoak eta beharrak errespetatuz. Gozategi eta Goikoetxea anaiak ote diren gisara, galdetu izan diete ea taldearekin jarraitzen zuten. «Auskalo zergatik pentsatzen duen jendeak ez gabiltzala zuzenekoetan, baina gure musika tabernetan jartzen dute berdin-berdin».

Ez zen Gozategiren kontua soilik izan. Tapia eta Leturia, Maixa ta Ixiar, Etzakit eta Alaitz eta Maider: garai berekoak dira guztiak. «Trikitiak boom hori bizi zuenean, talde batzuk aritu ginen eta indar bat hartu zuen. Berri-berria zen. Trikitiak ordura arte kategoria txikiagoa zeukan», nabarmendu du Gozategik. Eta, apaldu zen bezala, berriz indartu dela uste du: «Gorakada bat nabaritu dugu azken urteetan. Ematen zuen erromeria taldeek beherakada bat izan zutela euskal musikan, baina esango nuke berriz indarra hartzen ari dela». Eta, dena den, ez du asetzen horrek. «Herri bakoitzean eskola bat dago, eta ikasle pila bat daude: horrek derrigorrean zerbait eman behar du, eta, nire ustez, behar lukeena baino gutxiago ematen du». Goikoetxea baikorragoa da, eta ziur dago: «Sortuko dira gehiago». Ezin izan du erreferentzia egitea saihestu Gozategik: «Huntzak jotzen duen bezala jotzea... Niretzako, zoragarria da euskal talde batek horrela jotzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.