Baldin eta euskaltasunik bada

'Cultura vasca vs. euskal kultura' saiakera liburua plazaratu du Ibai Iztueta pentsalariak

Hizkuntza eta identitatearen arteko hartu-emanak harilkatu ditu Ibai Iztuetak. JUANAN RUIZ/ ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
2015eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
«Euskal kultura euskaraz baino ez da posible ala espainieraz eta frantsesez ere bai?». Horra galdera. Maiz aditutako zalantza. Soilik euskaraz egiten dena dela ziurtatu zuen Jose Luis Alvarez Enparantza Txilardegi-k; Ramoz Zallok, berriz, frantsesez eta espainieraz ere sor daitekeela argudiatu zuen. Eta pentsalari horiek egin bezala, beste askok eman izan dute iritzia. Baina zenbat buru, hainbat aburu. Oraindik ez dago adostasunik, eta deusek ez du adierazten egongo denik. Haatik, galdera erantzutea baino gehiago, galdera bera ezbaian jartzea hartu dute xede zenbaitek; horixe bera da Ibai Iztueta pentsalariaren kasua. Cultura vasca vs. euskal kultura saiakera liburua kaleratu berri du, Utriusque Vasconiae argitaletxearen eskutik. Kritika baino, gogoetabideak zabaldu nahi ditu, identitatearen eta euskararen arteko loturak gertutik behatuta. «Artefaktu diskurtsibo» gisa definitu du lana.

Baina hortxe arazoa: Nola jarri galdera bera zalantzan? «Markoak», alegia, galdera sortu duten testuinguruko elementuak, aztertu eta berridatzi behar direla irizten dio Iztuetak. Hainbat esparru kimatu ditu, hizkuntzaren eta identitatearen sorkuntzan duten eragina aztertzeko xedez. Herriaren eta gizartearen arteko ezberdintasunak eta Euskal Herria deritzonaren nolakotasuna dira aletu dituen aurreneko gaiak. «Galdera bera estaturik gabeko herri subordinatu eta hizkuntza gutxiagotutakoetan egiten den galdera da. Hori aintzat hartu, eta kontzientzia behar da. Marko horren barruan pentsatu behar dugu». Herri eta gizarte dikotomia ere hartu du kontuan, ildo beretik. «Gizartea hiritarren topagune bat da, espazio administratiboki eremutua; herria, aldiz, autoadskripzio bat da: giza talde batek, hau da herritarrek, beren buruari ematen dioten definizioa. Uste dut badagoela euskal gizarte bat non herritartasun ezberdinak bizi diren».

Aztertu beharreko bigarren gaia: hizkuntza. «'Zein toki dauka hizkuntzak euskal kulturan?'. Zuk galdera hori egiten baduzu, aurreiritzi bat ezartzen duzu. Subordinatzen diozu hizkuntza identitateari. Horregatik, erantzunak mugatuak izango dira». «Beste marko bat» proposatu du hori dela eta: «Kontsidera dezagun aspektu bera galdetuz ea identitateak eta kulturak zein toki betetzen duten hizkuntzaren ezagutzan eta erabileran, zeren hori da euskaldunok dugun arazo nagusia».

Eta hausnarketaren kateari beste katebegi bat batu dio: euskaldunek eta erdaldunek euskaltasunari buruz duten ikuspegi ezberdina. Liburuari izatea ematen dion galdera hartu du berriz idazleak ipar orratz. «Euskal kultura eta cultura vasca baliokideak dira? Horrek arazo batzuk sortzen ditu, eta hainbat urradura eman daitezke bien artean. Eta urradura horiek dira prestigiokoak eta emozionalak. Gu nor garen eta nor ez garen sartzen da hor, eta horrek dakar halako inklusio eta esklusio bat, emozio asko sor ditzakeena». Tesia laburbiltzen duen esaldia bota du airera idazleak: «Esan nahi dudana da vasco-k gauza bat adierazten duela, eta euskal-ek beste bat, ez esan guri gero erdaratik gure hitzei zein adiera eman». Zutabeak jarrita, irakurlearen esku utzi du gogoeta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.