Bakuntasunaren aldeko urratsa

'Hitzetik' diskoa kaleratu du Hesian-ek, taldearen hastapenetako soinuari atxikitako lana

Hesian taldeak rock, punk eta hardcore doinuak uztartu ditu disko berrian. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Sakanako Hesian musika taldeak Hitzetik (Elkar) izeneko disko berria plazaratu du. Lana 11 abestiz osatuta dago, eta, musika aldetik, «hasierako diskoen konposizio bakunetara» itzuli dira. Hala ere,taldekideek diotenez, «sinpletasuna eta erraztasuna» ez dira nahasi behar, ez baitira, haien iritziz, «gauza bera». Bakuntasunarekin batera heldutasuna ere iritsi zaio taldeari, haien arabera. Izan ere, aurretik egindako hiru musika lanekin esperientzia metatu dute, eta horrek helduz joateko balio izan die.

Hitzetik lanean aurreko diskoetako pop-rock eta punk-rock doinuak nagusitzen dira, baina, hala ere, hardcore erritmoek ere badute beren lekua kantu horietan.

Diskoari izena ematen dion elementua «hitza» da, eta horri garrantzia ematea beharrezkotzat jotzen dute sakandarrek. Zuriñe abeslariaren ustetan, eta salbuespenak salbuespen, musika munduan berbak gainbeheran daude, eta haiei garrantzi berezia eman nahi die taldeak. «Orain dantzatzeko erritmoak nagusitzen dira, eta hitza, berriz, krisian dago». Taldearentzat, ordea, komunikatzeko tresna bat baino gehiago da hitza. Izan ere, taldearen helburua da esandakoa airean gelditu gabe jendearengana iristea eta sentimenduak sorraraztea.

Egunerokoan bezala, musika munduan hitzak ideiak elkarri komunikatzeko balio du. Disko honetan, hasierakoetan ez bezala, mezu pertsonalak nagusitzen dira. «Aurreko lanetan esan dezakegu mezu pertsonal eta politikoki eta sozialki borrokalariak parean zeudela. Orain, gehiago dira guri begirakoak». Musikagileen aburuz, Hitzetik diskoak duen beste ezaugarri bat mezu baikorrak dira. «Baikortasunak toki nabarmena hartu du. Poztasunez eta indarrez betetako ideiak transmititu nahi ditugu».

Aurkezpen kontzertuak

Lan handiko urtea izaten ari da aurtengoa Hesian taldearentzat. Sei hilabetean abestiak prestatu eta diskoa osatu baitute Oihuka Elkar konpainiaren laguntzarekin. Grabaketa lanak abuztuan egin zituzten, Usurbilen (Gipuzkoa), Haritz Harregirekin. Horrez gain, 30 kontzertutik gora eman dituzte Euskal Herriko txokoetan barrena.

Alabaina, disko berri bat ezagutzeko musika ekitaldiak antolatzea ezinbesteko elementutzat jotzen dute. Hori dela eta, abenduan, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako zenbait tokitan kontzertuak emango dituzte. Guztira bost izango dira. Aurrenekoa abenduaren 1ean izango da, Bilboko Kafe Antzokian. Ondoren, hilaren 6an, Durangoko Azokan arituko dira; Ahotsenean, hain zuzen ere. Abenduaren 16an Gasteizko Jimmy Jazz aretoan izango dira. Egun bat geroago, hilaren 17an, Elizondoko (Nafarroa) Lur aretoan izango da. Azkeneko aurkezpen kontzertua Altsasuko Gaztetxean izango da (Nafarroa). Beren herritarren aurrean emango dutena izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.