Dozenatik gora idazleren lanak euskaratu ditu Maialen Berasategi Catalanek (Gasteiz, 1989); Joxe Mari Berasategi Zurutuza (Zegama, Gipuzkoa, 1955), berriz, «erretiroa hartu ondoren» hasi zen literatura itzultzen. Eskuz esku itzuli dute Paradisua nobela.
Elkarrekin egindako lanak saria ere partekatua du, noski. Poz bikoitza da?
MAIALEN BERASATEGI: Bai, hasieratik erabaki genuen bion artean egitea lana, eta biok batera aurkeztea [Jokin Saitegi] sariketara. Elkarrekin egin dugu bidaia hau, eta elkarrekin bukatuko dugu, edo agian ez da bukatu oraindik! Espero dezagun liburuak segida izatea, eta oihartzuna izatea.
Literatura itzultzea taldean egiten den jarduna dela azpimarratu duzu hitzaldian.
M. BERASATEGI: Azpimarratu nahi nuen bene-benetan eta bihotz-bihotzez euskal itzultzaileen komunitate txiki horretan sentitzen dugun babesa, elkarlana, errespetua eta elkarrengandik ikaste eta laguntze hori. Iruditzen zait funtsezkoa dela. Ematen du bakarkako lana dela, baina ez da. Gure kasua ez da lehenengoa; liburu dezente daude lau eskutara itzuliak, eta uste dut horrek islatzen duela.
Irakurketa «gozoko» testua lortu izana nabarmendu dizue epaimahaiak.Zer esan nahi du horrek zuentzat?
JOXE MARI BERASATEGI: Poz izugarria. Loreak gustura entzuten dira, jakina. Izango ditu bere gorabeherak ere, baina ahalegina egin dugu behintzat, eta daukagun sentsazioa hori da, edo nik behintzat bai, emaitza talde lanean egindakoaren ondorio dela, bakoitzak egindako ekarriarena, alegia. Nik bakarrik itzuli izan banu, ez dakit irabaziko ote zukeen Jokin Zaitegi saria, baina kasik seguru nago Euskadi saria ez zuela irabaziko.
M. BERASATEGI: Nik ere hala uste dut.
Jokin Zaitegi sariketa ere nabarmendu duzue. Ezinbesteko dituzte horrelako sariketak itzulitako literatur lanek?
J. M. BERASATEGI: Jokin Zaitegi sariketak sendotasun bat ematen dio gure lanari. Literaturako Nobel saria urtero ematen zaio norbaiti, eta ez zaio edozeini ematen, gainera. Urtero-urtero bat ematen da: gutxi da? Bai, gutxi da. Askotan komentatzen dugu gure artean, hainbat idazleren obra bakarreko euskal literatura daukagula. Oso polita litzateke Abdulrazak Gurnahren beste obra bat itzultzeko beka bat balego. Eta hori bezala beste askorenak.
Maialen Berasategi eta Joxe Mari Berasategi. Itzultzaileak
«Bakarrik itzuli izan bagenu, seguru gaude ez zuela Euskadi saria irabaziko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu